NabarmenakProbak

Telefonoak, tabletak eta euskara: diagnostiko txiki bat

Telefono edo tableta berria erostekotan bazabiltza, euskaraz erabil daitekeen (ere) jakin beharko duzu, ezta?
Telefonoak, tabletak eta euskara: diagnostiko txiki bat 7 - teknopata.eus
Apple euskaraz, ez
Apple ez da batere ‘euskaldun-friendly’

2015-05-27an eguneratua: Windowsen inguruko informazioa, irakurleek emana

Gero eta zailagoa da sakelako telefono bat aukeratzea, ezta? Hamaika kontu izan behar dira kontuan: sistema eragilea, ezaugarri teknikoak, prezioa… eta euskaldunon, kasuan, noski, bada beste aldagai bat, oso kontuan hartzekoa: telefono edo tableta euskaraz erabil daitekeen ala ez, alegia.

Azken egunotan horren inguruko galdetegitxo erraz bat jarri dizuet teknopatometroan. Batez ere, jakiteko une honetan merkatuan dauden telefono eta tabletatik, zeintzuk jar daitezkeen euskaraz eta zeintzuk ez. Emaitzak hemen ikus ditzakezue, bilaketa zehatza egin nahi izanez gero.

Apple, en cristiano

Kontu jakina da, baina teknopatometroaren emaitzek berretsi egiten dute: euskararen arrastorik ez dago iOS sistema eragilean, Mac OS Xen ere ez dagoen bezalaxe: ez iPhonean, ez iPadean. Zure gailua euskaraz maneiatu nahi baduzu, beste markaren bat hautatu beharko duzu.

Android: saltsa-maltsa

Androiden, gaur-gaurkoz behintzat, gailuaren fabrikanteak erabakitzen du bere gailuetan euskarazko itzulpena gehitu ala ez. Handienek (Samsung, Sony, LG) hitzarmena sinatu zuten aspaldi Jaurlaritzarekin, eta badirudi zintzo betetzen ari direla, gutxienez gama ertain-altuko terminaletan. Orain, prezioa dela eta, marka txikiagoko gailu baten bila bazoaz, euskararen arrastorik ez duzu topatuko. Horixe gertatzen da Airis eta bq bezalako marka espainolekin, baina baita Doogee, Jiayu, Primux, edo Wiko bezalakoekin. Salbuespen bakarra ikusi dugu oraingoz: OnePlus One telefonoak, Cyanogen 12ra eguneratuz gero, interfazea euskaraz erakutsiko digu, zati handi batean behintzat. Ez, ordea, OnePlus etxeak duela gutxi sortu duen OxygenOs Android aldaera instalatuz gero.

Android 5 Lollipop: bai, baina ez

Googlek bere webgunean iragarri zuen Android 5 Lollipop euskaraz etorriko zela. Orain arte, Aitorren hizkuntza zaharraren arrastorik ez ordea.
Googlek bere webgunean iragarri zuen Android 5 Lollipop euskaraz etorriko zela. Orain arte, Aitorren hizkuntza zaharraren arrastorik ez ordea.

Askok fanfarria, txaranga, etxaferuak eta guzti atera genituen kalera Googlek iragarri zuenean Android 5 Lollipop euskaraz ere egongo zela. Horrek esan nahiko luke Android bertsio horretatik aurrera, gailu guztiek izan beharko luketela euskaraz konfiguratzeko aukera. Ondo irakurri duzu: esan nahiko luke. Izan ere, Android 5.0.1, 5.0.2 eta 5.1.1 bertsioak ere kalean dira jada, eta haietako bakar batean ere ez dator euskarazko interfazerik, fabrikanteak gehitu ez badio behintzat. Googlek patata, ketchup eta edari handiarekin jan ditu bere hitzak, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik. Nexus gailuen jabeek konfirmatu digutenez, ez dute aukerarik interfazea euskaraz jartzeko.

CyanogenMod ROM alternatiboaren 12. bertsioak euskarazko interfazea dakar. Laguntza behar da euskaraketa hobetu eta osatzeko.
CyanogenMod ROM alternatiboaren 12. bertsioak euskarazko interfazea dakar. Laguntza behar da euskaraketa hobetu eta osatzeko.

CyanogenMod 12: oasi txiki eta eder bat

Albiste onak ere badaude, ez pentsa. Izan ere, Android 5en oinarritutako CyanogenMod ROM alternatiboak badakar euskarazko interfazea, eder eta txukun askoa gainera. Honekin lotuta, albiste onak, albiste txarrak, eta ohar txiki bat ere eman beharra dago:

  • Albiste onak: CyanogenMod 12 gailu asko eta askotan instala daiteke, eta gehienetan fabrikako sistema baino hobeto dabil gainera, bere filosofia delako ahalik eta Android garbiena eskaintzea, fabrikanteek normalean haien gailuetan sartzen duten zaborware guztia alde batera utzita. Oso gomendagarria da ROM hau, adibidez, adineko segapotoak biziberritzeko. Normalean fabrikako sistemak baino askoz ere errendimendu handiagoa ateratzen die telefono zein tabletei.
  • Albiste txarrak: instalatzeko, ausardia eta abilezia puntu bat ere behar da. Prozesua ez da oso konplexua, baina erraz-erraza ere ez, ez da botoi bati ematea eta listo. Gailuek dakartzaten fabrikako hainbat blokeo eta segurtasun neurri desgaitu behar dira aurretik eta, gainera, prozesua ezberdina da marka eta modelo bakoitzarentzat (horregatik ezin dizuet hemen tutorial bat jarri). Hala ere, Cyanogeneko lagunak lanean dabiltza hori errazteko, eta duela gutxi instalatzaile unibertsal bat ere sortu zuten. Nik ez dut lortu inoiz ondo funtzionatzea, baina beharbada hortik abiatu zaitezkete. Dena den, zuen telefonoaren modeloa eta ‘Cyanogenmod’ bilatuta, seguru nago azkar topatuko duzuela tutorial egokia, testuz zein bideoz. Pausuak arretaz jarraituz gero, ez duzue problema handirik topatuko.
  • Oharra: teknopatometroan parte hartu duen batek baino gehiagok azpimarratu duenez, CyanogenMod-en euskaraketa auzolanean egindakoa da, eta horrek esan nahi du asko hobetu litekeela jende gehiagok parte hartuz gero. Crowdin itzulpen plataforman ari dira lan hori egiten.

Azken erremedio moduan, jakin zure Android gailua euskalduna izan ez arren, teklatu euskalduna jar diezaiokezula, gutxienez idaztean ‘zuzenketa’ bizarrorik egin ez diezazun. Gutxienez, bi aukera dauzkazu, nik dakidala:

B2G 2.1 prerelease eu.pngFirefox OS: zuzentzaile eta guzti

Lagun bakarrak erantzun digu Firefox OS erabiltzen duela esanez. Sistemaren 3. bertsioak euskarazko interfazea dakar, Librezale.eus-ek egindako lan eskergari esker, eta gainera, ortografia zuzentzailea ere integratua du sisteman. Firefox OS terminalak gainera iOS eta Android daramatenak baino merkeagoak izaten dira, eta sistema erabat librea da.

Windows ere, euskaraz

windows phone euskaraz
Bai: Windows Phone ere euskaraz jar daiteke

Irakurleek esan digutenez, euskarazko interfazea berez dator Windows Phone 8 eta 10ean.

Albiste oso ona, beraz, eta erabakitzeko irizpide argi bat uzten diguna: telefonoa edo tableta euskaraz nahi badugu behintzat, Apple da baztertu beharreko lehen aukera, bera baita euskarari batere aukerarik ematen ez diona.

Hortik aurrera, tira, gustuak eta aurrekontuak agintzen dute ;)

 

6 iruzkin

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.