Tira, ba azkenean, pena handiz bada ere, baina Muskek beste erremediorik utzi ez duela, otsailean sarrera honetan kontatu nizuenetik abiatuta, eta lehengo egunean hemen azaldutako urratsak jarraituz, nire Twitter kontua desaktibatu dut, betiko galtzen uzteko asmoarekin.

@joxe Twitter kontuaren pantaila kaptura, kontua desaktibatu ondoren

Tira, gezur txiki batzuk badaude beltzez nabarmendutako esaldi horretan. Gutxienez bi:

  • Kontua sekula ez da nirea izan, Twitter kontuen jabe bakarra Elon Musk baita.
  • Dagoeneko ez da Twitter kontua, zerbitzuaren izen ofiziala orain X baita.

16 urteren ondoren gogorra egiten da hainbeste poz, irribarre eta algara era bai eman dizkidan zerbitzua uztea, baina jabe berriak hainbatetan utzi du oso argi zerbitzu guztia goitik behera aldatu nahi duela, hasi ultraeskuineko idearioa haizatzeko makina erraldoia bihurtzetik eta bukatu sare sozialaz gain era guztietako zerbitzuak eskaintzeko plataforma bihurtu nahiarekin: kontaktuak, finantzak, kriptotxanponak… Den-den-dena bere begirada zorrotzaren pean, noski. Ez, eskerrik asko.

Segurtasun kopia

Hala ere, den-dena ez dago galduta. @darius lagunaren lanari esker, bada tresna oso txukun bat, zure txioen artxibo interaktibo bat sortu dezakeena, kontrolatzen duzun webgune batera igo eta bertatik kontsultatzeko moduan jartzeko. Horretarako, lehen pausua da zure edukiaren artxiboa jaistea Twitterretik, eta eskuratutako zip artxiboa Dariusek sortutako tresnarekin prozesatzea. (Azalpen gehiago nahi badituzue, eskatu mesedez eta idatziko dut aurrerago jarraibide sorta zehatzago bat).

Tresna horri esker, hemen geratuko da kontsultagai nire txio publikoen artxibo historikoa.

Eta hori, nirekin kontaktatu nahi izanez gero, Mastodonen topatuko nauzue. Nahi duzuen arte!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.