Aspalditxotik daramat esaten Twitter hustu eta hutsaltasunera kondenatu beharra dagoela, garaiz gauden bitartean. Elon Muskek enpresa erosi zuenetik, astero-astero eman ditu pausuak behinola komunikazio/informazio kanal onargarri bat izan zitekeena ultraeskuineko ideien bozgorailu erraldoia bihurtzeko. Memoriaz nabil, baina pausu horietako batzuk gogoraraztearren:

Linda Yaccarinoren txioak, Twitterren marka aldaketa iragartzen
Twitterreko (Barkatu, Xko) presidente Linda Yaccarinoren txioak, marka aldaketa eta estrategia berria iragarriz

Hori guztia gutxi iruditzen bazaizu, asteburu honetan, hauteskundeekin entrenenituta geundela, Muskek Twitterreko presidente izendatu duen Linda Yaccarinok ofizialdu egin du Muskek aspaldi esan zuena: aplikazioari izena aldatuko diote, ‘X’ izango da aurrerantzean. Eta ‘denetarako aplikazioa’ bihurtu nahi dute: sare soziala, bilatzailea, ordainketa aplikazioa…

Bestela esanda: ultraeskuindar aitortu batek Twitter erosi eta, haren erabiltzaile multzo erraldoia erabili nahi du abiapuntutzat gure bizitzako aspektu guztiak bere eskuetatik pasako den proiektu bat martxan jartzeko. Informazioa, komunikazioa, finantzak, erosketak…

Aspalditik neukan nire Twitter kontua desaktibatuta, gauzek ze norabide hartuko zuten zain. Eta tira, uste dut azken albisteekin aitzakia gutxi geratzen direla gure Twitter kontuak guztiz ezabatzeko. Besteak beste, gaurtik aurrera Musken aplikazioak Twitter izena ere galdu duelako. Imaginatu ere ez dut nahi zertan ibiliko diren Musken langileak egunotan gure datuekin, sare soziala zena edozertarako aplikazio bihurtzeko prozesu horretan. Zer beste datubaserekin gurutzatzen egongo dira? Amazonen erosketekin? Gure banku datuekin? Paypal eta abarrekin?

Total, esandakoa. Nik gaur bertan desaktibatuko dut nire Twitter kontua. (Paradoxa: sarrera honen ingurukoa izango da azken txioa). Animatzen zaituztet zuek ere egitera, etor daitezkeen ‘zerbitzu’ berriekin kateatuta geratu aurretik. Pausuak oso errazak dira.

Nola ezabatu Twitter kontua, urratsez urrats

1.- Joan Twitter webgunera, hasi saioa eta, eskuineko menuan, aukeratu ‘More’ aukera:

Nola ezabatu Twitter kontua. Lehen pausua: 'More' aukera

2.- Irekiko den menuan, aukeratu Settings and Support -> Settings and Privacy

Twitter kontua ezabatu: Settings and Support menua

3.- Irekiko den pantailan, (Your account) azken aukera da bila gabiltzana: ‘Deactivate your account’

Twitter kontua ezabatzeko prozesua. 'Your account' pantaila.

4.- Aurrera eginez gero, kontua desgaitzeko pantailara iritsiko gara. Han, 5 abisu jasoko ditugu arestian Twitter izenaz ezagutzen genuen aplikaziotik:

  • Kontua desaktibatuko da eta berriz aktibatu daiteke hurrengo 30 egunotan, erabat ezabatu aurretik.
  • Litekeena da kontuaren inguruko hainbat datu bilatzaileetan agertzen jarraitzea denbora batez.
  • Erabiltzaile izena aldatzeko prozesua beste leku batetik egiten da, ez hortik.
  • Zure Twitter datuak deskargatu nahi badituzu, deskargatzeko prozedura burutu beharko duzu kontua desaktibatu aurretik.

Danarekin ados bazaude, ‘Deactivate’ botoi gorriari sakatu. Lasai, oraindik beste pantaila bat pasatu behar duzu.

Twitter kontua ezabatzeko prozesua. Deactivate accouont pantaila.

5.- Azken pantaila: kontuaren desaktibazioa burutzeko, zure pasahitza sartu behar duzu. Behin hori egin ondoren, kontua 30 egunez desaktibatuko da eta, tarte horretan berraktibatzen ez baduzu, betiko ezabatu da. Bake santua!!! Gogoratu lehengo eguneko beste sarrera honetan dituzula pista on batzuk benetako sare sozial alternatiboen inguruan.

Twitter kontua ezabatu. Azken pausua: pasahitzaz konfirmatzea.

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.