1990eko hamarkadaren bukaera aldera, karrera amaitu berritan, kazetari lana eskaini zidaten posta zerbitzuaren izena duen gaztelerazko egunkari baten tokiko ‘azpi-produktu’ batean. Lan egokia zirudien hasi berri batentzat: herriko eta eskualdeko albisteak idaztea ‘benetako’ egunkariarekin batera banatu behar zen tokiko astekarian.

Lan elkarrizketa ondo joan zen. Zalantzarik geratu ez zedin, argi baino argiago azaldu zidaten zein zen nire zeregina: “Laburbilduz, zure lana da publizitaterik gabe geratzen zaizkigun hutsuneak betetzea”. Hiru hilabete baino gutxiago iraun nuen bertan.

Interneteko taberna

Elon Musken azken txioek pasadizo hura ekarri didate gogora. Tipoa obsesionatua dago Twitterren errentagarritasun ekonomikoarekin, ez da harritzekoa, noski, jostailua erosten gastatu duen dirutzaren ondoren. Orain arte saldu zaigun Twitterren kontzeptua beti izan da komunikatzeko, ideiak partekatzeko txoko bat zela… ‘Internet 2.0’-ren jaiotzaren sasoian behin baino gehiagotan esan genuen Twitter ‘interneteko taberna’ zela, lagunekin gustura egoteko leku bat…

Urteak pasa genituen askok zalantza berberarekin: ‘baina nondik finantzatzen da Twitter?’. Hasierako urteak erabiltzaile masa handia biltzen pasa zuen txoritxoaren sare sozialak, hango eta hemengo inbertsoreengandik dirutzak ateratzen, erabiltzaile masa erraldoi horrek etorkizunean ekarriko zuen etekinaren zain.

Azken urteotan argi ikusi da plataforma osoaren aldaketa bat, errentagarritasunari begira jarria: publizitate, babestutako txioak, ordainpeko formulak, algoritmoan oinarritutako timelinea ordainpeko mezuei ikusgarritasun handiagoa emateko… Twitterren oinarri-oinarrizko kontzeptua ez zen aldatu, baina bai apur bat egokitu: ‘komunikatzeko eta ideiak partekatzeko txoko bat… bizirik mantentzeko diru iturriak behar dituena’.

Pero… ¿usted quién es?

Agur eta ohore, Twitter! 1 - teknopata.eus
Twitter Blue zerbitzuen deskripzioa, Twitterren webgunean bertan

Horretan genbiltzala, iritsi da Elon, atera du diru-zorroa, eta erosi du plataforma, eragina eta dirua egun batetik bestera eta borborka etorriko zitzaizkiolakoan. Eta hasi da ikusten gauzak ez direla hain errazak… eta, batere disimulu eta diplomaziarik gabe, goitik behera eraldatu du txoritxo urdina. Dagoeneko ez da ideiak partekatzeko edo komunikatzeko txoko bat, ez zuzenean eta ez zeharka. Elonen 44.000 milioi dolarrak berreskuratu eta beste batzuk gehiago egiteko makina da orain Twitter, edo hori bilakatu nahi du behintzat:

  • Ordainpeko kontuak aktibatu ditu norbanako erabiltzaileentzat, eta iragarri du ordainpeko kontu horien txioak besteenak baino gehiago ikusiko direla, eta erabiltzaile horiek publizitate gutxiago ikusiko dutela. (Baina ikusi, ikusiko dute).
  • Esan du, gainera, Twitter laster hasiko dela bere publizitate sarrerak partekatzen iragarkiak erakusten dituzten harien egileekin, beti ere egileak ordainpeko erabiltzaileak badira, noski. Influentzerrismoa, bere gordinenean.
  • Filtrazio eta zurrumurruek diote, gainera, erabiltzaile korporatiboentzat are kuota altuagoak jartzea aztertzen ari direla, hilean 1.000 dolarrekoak ere bai. Ikusteko dago hori martxan jarriz gero, zer egingo duen Twitterrek adibidez, orain arte bozgorailu gisa erabili duten hedabideekin.
  • Ordainpeko eta doako kontuen artean argi bereizi nahi omen duten kontu bat egunean argitaratu daitekeen txio kopurua da, adibidez. Muskek ordaintzera behartu nahi bagaitu, oso erraza du muga horrekin jolastea: egunean 10 txio baino gehiago bota nahi badituzu, kutxatik pasaraziz, adibidez.
Agur eta ohore, Twitter! 3 - teknopata.eus
Muskek egindako aldaketen ondoren, Twitter ez da gehiago garai batean ezagutu genuen hura. (Klik irudian memea nondik datorren ikusteko)

Eta horrek denak eraman nau hasieran kontatu dizuedan pasadizo horretaz gogoratzera. Errentagarritasunaren izenean, Muskek egunkari haren politika berbera eraman nahi du Twitterrera: egongo dira ordainpeko erabiltzaile batzuk, denbora lerroan nabarmenduta agertuko direnak, sudur puntan jartzen zaien publizitatea, propaganda eta abarrak publikatu dezaketenak, eta haiekin batera erabiltzaile arruntak, ordaintzen ez dutenak. Horien zeregina izango da besteen publizitatea irentsi eta publizitaterik gabeko hutsuneak dohainik betetzea.

Beste era batera esanda: ordainpeko kontu pilo bat, publizitatea zuzenean zein iragarkiak ‘disparatu’ ditzakeen edukia argitaratzen, trukean sosak jasotzeko, eta beste mordo bat, betiko giroaren bila sartuko dena, zuzeneko zein zeharkako publizitate hori irensten. Nor zara zu eta zer egin duzu Twitterrekin?

Ez, eskerrik asko

Ba bueno, sentitzen dut baina Twitter berri hori jadanik ez da erakargarria niretzat. Ez honegatik bakarrik, noski: alde editorialetik ere erabaki potoloak hartu ditu Muskek azken hilabeteotan, Twitterren gero eta deserosoago sentiarazten nautenak.

Txoritxo urdina nire eguneroko errutinaren parte izan da azken urteotan eta desintoxikazioa gogorra izango da, baina hasi naiz pixkanaka-pixkanaka bertatik ateratzen:

  • Kostata, baina eskatu diot Twiterri neure historialeko artxiboa bidaltzea, azken finean neuk sortutako edukia neuk edukitzeko.
  • Aplikazioa desinstalatu dut telefono, tablet zein ordenagailutik, jakinarazpenik ez jasotzeko.
  • Robot bat aktibatu dut, norbaitek Twitterren aipatzen nauenean, erantzun automatiko bat jaso dezan, Mastodon.eus-en ireki dudan kontuaren berri emanez. Ikusteko dago robot gaixoak funtzionatuko duen ala ez, Muskek kanpoko programatzaileentzako APIa itxi duenez geroztik…
  • Otsailean zehar, bloga ere deskonektatuko dut Twitterretik, eta beraz ez dut hara eduki gehiagorik bidaliko. Horrek nabarmen murriztuko du blogean argitaratzen dudanaren ikusgarritasuna, baina bueno, bilatuko ditut beste formula batzuk. (Posta elektroniko bidez harpidetuko zinatekete?)

Eta hori, desintoxikazio fasea gogorra izango da, seguru! Baina tira, pasako da! 🙂

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.