Teknopataren ajeakNabarmenak

Agur, Facebook! Zergatik? (1/3)

Bada aste pare bat Facebooketik ateratzea erabaki nuela. Batzuek galdetu didazuenez, hona azalpen (luuuuze) batzuk! :-)
Agur, Facebook! Zergatik? (1/3) 7 - teknopata.eus

Bada, bai, buelta asko eman ondoren, azkenean erabaki dut Facebooketik alde egitea. Tira, erabaki baino gehiago ere egin dut: bertako jarduera guztia ezabatu, eta gero nire erabiltzaile kontua ere ezabatu dut. Batek baino gehiagok galdetu didazue zergatik, nola eta -batez ere- posible ote den Facebooketik kanpo bizirik jarraitzea. Eta bueno, pentsatu dut idatziz azaltzea kontu guztia, baten bati balioko diolakoan. Sarrera bakar baterako gauza lartxo izan daitekeela pentsatu dut eta, horregatik, hiru zatitan egingo dut hurrengo egunotan (bitartean bat-bateko nagialdi basati horietako batek harrapatzen ez banau, behintzat!). Gaur kontatuko dizuet zergatik irten naizen Facebooketik. Eta hurrengo ‘ataletan’, nola egin dudan, eta azkenik, zeintzuk izan diren ondorioak-edo.

http://euskalgifak.teknopata.eus/post/166072021052/soraya-bueno-agur

Estooo… zer ari zara, pontifikatzen?

Et, et, et! Pentsatu ere ez, e? Badiotsut: batek baino gehiagok galdetu dit zer dela eta itxi dudan nire Facebook kontua, eta horixe kontatzera nator. Nik egin izanak ez du esan nahi zuk ere egin behar duzunik, noski. Nahiz eta, egia esan, pozgarria litzatekeen norbaitek nire ideia/iritzi hauekin bat egiten duela ikustea.

Zergatik ezabatu Facebook kontua

Sekula ez naiz izan Facebooken oso zale sutsua. Beti izan dut inpresioa informazio larregi ematen duela, eta gainera, gero eta ulergaitzagoa egin zaidan logika baten arabera. Urteak egin ditut erabiltzaile gisa, eta sekula ez naiz gauza izan %100eko segurtasunaz esateko argitaratutako azken argazkia edo testua nire lagun guztiek, lagun batzuek soilik, ala kristo guztiak ikus zezakeen. Seguruenik neure akatsa izan da, pribatutasun aukerei arreta handiagoa ez eskaintzearren. Baina zer nahi duzu esatea, sare sozial bat neurriz maneatzeko ingeniari aeroespaziala izan behar baduzu, ba igual ez du balio entretenimendu gisa, ezta…?

Agur, Facebook! Zergatik? (1/3) 11 - teknopata.eusHori esanda, aitortu behar dut zalantzaren aurrean, nire jarrera orokorra beti izan dela: “bueno, finean berdin dio argitalpen hau nork ikus dezakeen. Total, ez dut beste munduko ezer kontatzen”. Facebooken inguruko galdera tipiko bat -garai batean behintzat- izan da “Eh, baina ez zaitu ikaratzen zure informazioa CIAren esku geratzea?”. Horren aurrean, nire jarrera asko eta askorena bezalakoxea izan da beti: “joer, zertarako nahi izango du bada, CIAk, nire informazioa? Ezer gutxi egin dezake hor jartzen ditudan huskeriekin!!!”. Bai, aitortzen dut: jarrera ganorabako samarra, mea culpa. Baina, Euskadi Irratiko 2009ko erreportaje zaharruno honetan esaten nuen bezala, CIAk baino beldur handiagoa ematen dit enpresa pribatuek zer egin dezaketen gure datuekin. (Ai, 2009! Non geratu dira erreportajean aipatzen diren Myspace, Tuenti eta Messenger!).

Albiste faltsuak eta Cambridge Analytica

Ganorabakotasun horretan eman ditut urteak eta urteak. Badakizue: azkenean, Facebookek aukera ematen dizu kontaktua mantentzeko bestela galdu samar daukazun jendearekin, eta bueno, neurri batean dibertigarria ere bada. Alabaina, sasoi batetik hona, gero eta gehiagotan suertatu zait albiste faltsuekin aurrez aurre topo egitea. Eta ‘ziberxextrak’ ere izatea, albiste faltsu horiek albiste faltsuak zirela esateagatik: ez dakit nongo alkateak debekatu du herriko ikastetxeetan etorkin musulmanentzako otordu bereziak prestatzea, inguruan oso ezaguna den eskale hau (argazki eta guzti) pederasta da eta kontuz ibili inguruan ikusten baduzue, mezu hau itsasten baduzu zure horman ez dakit zer multinazionalek fase terminalean dagoen haur gaixo baten tratamendua ordainduko du, mezu hau X aldiz publikatuz gero Ikurriñaren emotikonoa sortuko dute, ikusi katalan independentista maltzurrek zer egiten duten umeekin…

Eta bueno, albiste faltsuen kontu horretan, gailurra izan da Cambridge Analyticaren auzia. Facebook publikoki albiste faltsuen aurka jo ta su diharduela esan eta esan dabilela, hara non jakin dugun ‘ezustean filtratutako’ datu multzo izugarri bati esker, Cambridge Analytica enpresak albiste faltsuen ‘oldeak’ erabili dituela jendearen boto intentzioan eragiteko.

Agur, Facebook! Zergatik? (1/3) 13 - teknopata.eus
ESKE ISAN DA JOLASTEN ETA ENREDANDO

Facebookek esan du datu horiekin gertatutakoa istripua izan dela. Datu horiek Facebookek nahi eta jakin gabe eskuratu dituela beste enpresak. Baina zer nahi duzue esatea: nik ez diet sinisten. Azken finean, Facebooken negozioaren oinarria bideratutako publizitatea da. Bere erabiltzaile basea bezeroaren interesen araberako xede taldeetan sailkatu, eta xede talde horientzako kustomizatutako publizitatea helaraztea. Eta ikuspegi horretatik, jende jakin baten boto intentzioa eraldatzeko kanpaina bat, beste edozein publizitate kanpaina segmentaturen parekoa da. SAREAN.EUS atarian saiatu  nintzen hori guztia azaltzen (baina inpresioa dut ez zaitzaidala oso argi irten…).

Jarraian azalduko dizuedanez, aurreko asteotan banituen pixkanaka-pixkanaka hazten ari ziren bestelako errezelo batzuk Facebookekiko. Baina datuen ‘filtrazioaren’ kontu honek eman zidan azkenengo bultzadatxoa. Azken finean, betidanik halako beldur edo erreparo lauso edo abstraktua zena (“auskalo zer egin dezaketen multinazionalek gure datuekin”) adibide argi eta garbi batean hezurmamitu zen: gure jarrera politikoa zein den kalkulatu, eta haren arabera, estilo bateko ala beste bateko mezuak helarazi, jarrera hori eraldatzen saiatzeko.

Kitto, horrek berez, nahiko desorekatu zuen Facebookekiko errezeloen eta hura erabiltzearen alde dibertigarriaren arteko balantza, kontua ezabatzeko erabakia hartzeraino. Baina ez zen izan arrazoi bakarra, e? Aurreko asteotan buruan neuzkan beste kezka batzuek ere lagundu zuten horretan.

Zer daki Facebookek zutaz

Zuckerbergek Estatu Batuetako Senatuan eta Kongresuan egindako agerraldietan, esan zuen erabiltzaileok libreki ematen diogula informazioa Facebooki, eta emandako informazio hori, gainera, edozein unetan ezabatu edo aldatu dezakegula.

Bueno, hori ez da gezurra. Baina egia osoa ere ez. Erabiltzaileok era kontziente eta aktiboan ematen ditugun datuak badira bai: generoa, adina, bizitokia, jaioterria, lantokia, egoera ‘sentimentala’, ikastokiak… eta bai, informazio hori profiletik ezabatu, gehitu eta editatu daiteke. Baina badira gutxienez beste bi datu multzo, nahita ematen ez ditugunak -ez era aktibo eta kontzientean behintzat- Facebookek gorde eta norberak ezin kontrola ditzakeenak.

1. Telefonoko aplikazioaren bidez bildutako datuak

Sakelakoaren bateria agortzeaz gain, Facebook aplikazioa gure informazio pertsonalaz elikatzen den fondorik gabeko piztia da. Tartetxo bat duzuenean, egin aproba: ordenagailutik, joan Facebookeko ezarpenetara eta jaitsi zuen datuen kopia.

Agur, Facebook! Zergatik? (1/3) 15 - teknopata.eus

Agur, Facebook! Zergatik? (1/3) 17 - teknopata.eus
Facebook profileko informazia (klik handiago ikusteko)

Hortxe lehen ezustekoa, eta sustoa… Norberak nahita emandako informazioarekin batera, txukun-txukun ordenatuta, aplikazioak telefonotik zuzenean hartutako datu bilduma ederra:

  • kontaktuen zerrenda telefono eta guzti -Facebook erabiltzaileak izan zein ez-
  • sakelakoan instalatutako aplikazioen zerrenda
  • Facebook bidez izandako txaten transkripzio osoak…
  • saio hasiera guztien historiala: nondik, zer makina klasetik, ze nabigatzailerekin, noiz…

Informazio hori EZ DAGO IKUSGARRI Facebooken interfaze arruntean, eta ez da egia, Zuckerbergek dioen bezala, erabiltzaileek edozein unetan ikusi, editatu edo ezabatu dezaketenik. Are gehiago: nire zalantzak ditut datuak babesteko legea betetzen ote duten.

2. Zure datu eta portaeratik kalkulatutako informazioa

Baina bada oraindik beldurgarriagoa den datu multzo bat. Azken finean, orain arteko informazio guztia norberak emandakoa da, nahita ala nahi gabe. Beste datu batzuk, ordea, Facebookek kalkulatu egin ditzake, erabiltzaileok zerbitzua erabiltzen dugunean izaten dugun jokaeraren arabera. (Bueno, eta zerbitzua erabiltzen ez dugunean ere. Teknikoki frogatuta dago Facebookek erabiltzaileen jarraipena egiten duela, jakiteko zer webgune bisitatzen dituen sare sozialetik kanpo daudenean ere).

Hau da: formulak eta algoritmoak erabiliz, Facebookek erraz kalkula dezake zein den zure joera politikoa, erlijiosoa, sexuala, zure musika gustuak, zelako arropa duzun gustuko eta zelakoa ez… Jakin nahi baduzu zer nolako informazioa inferitu dezakeen Facebookek bere webgunea nola erabiltzen duzun bakarrik aztertuta, gomendatzen dizut dataselfie izeneko plugina instalatzea. Chromen eta Firefoxen funtzionatzen du, eta horixe egiten du: zeure buruaren ‘selfie’ bat, datuetan oinarritutakoa, soilik Facebooken pasatzen duzun denboran zer egiten duzun aztertuta:

Beldurgarria da benetan, kalkulu edo algoritmo horien bidez zenbat eta nolako informazioa lortu litekeen. Bideoan bertan ikus dezakezue, softwarea instalatu nahi ez baduzue: joera erlijiosoa, politikoa, elikatze edo kontsumo estiloa, janzteko gustuak… eta hori guztia, Facebookek tripetatik, etxe barrutik, atzi dezakeen informazio guztia eskuratu gabe (Dataselfie hau proiektu independentea da ta)…

Eta tira, gaurkoz nekatu naiz idazten, Gutxi gorabehera, horiexek dira Facebooketik irtetera bultzatu nauten arrazoi puntual nagusiak. Zer iruditzen? Konpartitzen dituzu? Besteren bat gehituko zenuke? Esajerazio hutsa dira?

Kontatu, kontatu, entzuteko (bueno, irakurtzeko!) irrikatan nago!

 

Play

6 iruzkin

  • alexgabi
    alexgabi
    2018(e)ko maiatzak 4 at 07:06

    Teknologia kontrolatuta teknologiaren kontroletik alde egin.

    Reply
  • Izaro
    2018(e)ko maiatzak 4 at 08:19

    Kaixo Alexgabi!! Ba oso ondo deritzot! Gainera aukera piloa daude sare sozialak erabili nahi badituzu, Fakebook ez direnak!
    Orain orrian FB, Tw etab. etan elkarbanatzeko widgetak gain, sare libreetan elkarbanatzeko widgetak bakarrik falta zaizkizu! ;) Ondo izan!

    Reply
  • Txopi
    2018(e)ko maiatzak 4 at 08:33

    Oso ondo deritzot Joxe. Egin eta gainera azaldu, primeran!

    Reply
  • Nizuzu
    Nizuzu
    2018(e)ko maiatzak 4 at 10:22

    Aipatzen dituzun hoiek denekin ados, aspaldi nerabilen fb kontua isteko asmoa, baina arrazoi partikular 1ek eragin zidan erabakia hartzea: dabadabaren perfilaren itxiera bideo 1 editatzen ari zirelarik… (bideoan emakume titiburuak ageri omen zirelako)
    Baina ez dakit nola itxi/desagerrarazi nere kontua, asike mesedez AZALDU NOLA EGIN DUZUN!!! arren…

    Reply
  • Deabrutxoa
    Deabrutxoa
    2018(e)ko maiatzak 4 at 11:28

    Errespetagarria deritzot FB kontua istea; bakoitzak bere konturarekin nahi duena egin dezake.

    Oraintxe galderak:

    1) FBeko kontua itxiz gero, zure webgunean edukiak bertan partekatzeko aukera mantenduko da? Hala benetan itxiko dizkiozu ateak FB-i zuk hartutako erabakia blogean islatuz?

    2) Jakinik WhatsApp FB-ek erositako enpesa dela, WhatsApp gaur egun erabiliz gero, erabiltzeari utziko ahal diozu?

    Alternatiba libreak badaude, horrela, Mastodon dugu Twitter-ren (azkenaldian segurtasun zenbait arazo izan dituenak) ordezkari.

    Teknologia kontuetan gertatzen den moduan, jendeak ez du beti “hoberena” erabiltzen, baizik eta mass-ak erabiltzen duena. Honen adibide, MiniDisc, Betacam … etab bezalako teknologien porrota; teknikoki hobeak baina jendeak erabiltzen ez zituenak.

    Ez dakit FB-i agurra esan beharko diogun, baina moda antzeko bat deritzot orain FB ezabatzearena.

    Bitartean FB ‘dating’ antzeko aukera berriak sortu nahi ditu, suposatzen dut Tinder bezalako aplikazioei min egiteko asmoz. Bere garaian Instagram, WhatsApp erosi zituen, ez dakit Tinderrekin erosketa saiakerarik egon den hala zuzenean dituzten datu guztiak jakinda, baliabide berria egitea pentsatu duten.

    Sentitzen dut, baina tamalez urtetarako dugu FB, batez ere, erabiltzaileok nahiz enpreseek asko erabiltzen dugulako. Interes gehiegi daude FB-ekin akabatzeko.

    Honekin lotuta, maiatzaren 14an dohako ekitaldi interesgarria dago, http://www.ueu.eus/ikasi/jardunaldi-ikastaroa/1137/IEB2018%253A%2BBurujabetza%2Bteknologikoa IEB2018 ;)

    Reply
  • joxe
    2018(e)ko maiatzak 4 at 23:44

    Mila esker guztioi ekarpenengatik! Hurrengo sarreran azalduko dut NOLA egin dudan kontua ezabatzeko… eta hurrengoaren hurrengorako utziko ditut utzi dituzuen galdera eta komentario batzuen erantzunak, bale? :-)

    Reply
  • Agur, Facebook! Nola? (2/3) | Teknopataren txokoa
    2018(e)ko maiatzak 23 at 23:03

    […] hori: lehengoan hemen azaldu nizkizuen arrazoi eta pentsamenduak (bueno, eta aipatu gabe geratu ziren beste hainbat) tarteko, Facebook kontua ixtea erabaki nuen. […]

    Reply
  • […] bueno, edo ia-ia. Batzuentzat gaia interesgarria delakoan, aurreko bi sarreratan kontatu dut zergatik erabaki dudan Facebook kontua ixtea, baita nola egin dudan Facebook kontua […]

    Reply
  • […] udaberrian, Cambridge Analytica auziaren eraginpean, ordura arte nahiko sarri erabiltzen nuen nire Facebook kontua ezabatzea erabaki nuela. Zer pentsatu asko eman zidan kasu hark eta, Facebooketik irtetea aurrerapauso handitzat badut ere, […]

    Reply
  • […] dit: koxkobiletaraino nauka Facebookek, nahi nukeen beste azaldu ezin ditudan arrazoiengatik. Aspaldi irten nintzen Facebooketik bertatik, eta ikusi: Whatsappetik ere alde egiteko aitzakia perfektua da baldintza aldaketen tema hau. […]

    Reply
  • […] dit: koxkobiletaraino nauka Facebookek, nahi nukeen beste azaldu ezin ditudan arrazoiengatik. Aspaldi irten nintzen Facebooketik bertatik, eta ikusi: Whatsappetik ere alde egiteko aitzakia perfektua da baldintza aldaketen tema hau. […]

    Reply
  • […] argirik ez dagoenez, komeni da gogoratzea, adibidez, Androideko Facebook aplikazioak erabiltzaileak bere telefonoan instalatu eta desinstalatutako aplikazio guzt… Pentsatzekoa da Whatsappek ere antzeko datuak gordeko dituela, are gehiago Facebookekin gehiago […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.