Hauek dira zure interesak… Twitterren arabera

Moda kontua izango da, seguruenik, edo izurrite moduko bat, ez dakit: inguruko guztiak ikusten / entzuten / irakurtzen dituzu interneteko sare sozialen aurka etengabe hitz egiten eta, azkenean norbera ere kutsatu egiten da…

Twitter interesak

Txoko honetatik pasatzeko ohitura baduzu (eskerrik asko, benetan!), honezkero jakingo duzu, iazko udaberrian, Cambridge Analytica auziaren eraginpean, ordura arte nahiko sarri erabiltzen nuen Facebook kontua ezabatzea erabaki nuela. Zer pentsatu asko eman zidan kasu hark eta, Facebooketik irtetea aurrerapauso handitzat badut ere, kontu hark eragin zidan ezinegona ezin izan dut erabat baztertu.

Sare sozialen atzean dauden enpresek erabiltzaileen profilak osatzen dituzte datu horiekin, eta horrela ‘multzokatu’ egiten gaituzte, publizitatea errazago saltzeko

Gehien asaldatu nauen gaia inferitutako joerak dira. Edozein sare sozialetan jardutean, norberak nahita ematen ditu hainbat eta hainbat datu. Erregistroko formularioetan eskatzen direlako (adina, bizitokia, generoa…), eguneroko jardunean konpartitzen direlako (lantokia, eguneroko joan-etorriak, gustuko gaiak…). Honezkero ondo dakizuen bezala, sare sozialen atzean dauden enpresek erabiltzaileen profilak osatzen dituzte datu horiekin, eta horrela ‘multzokatu’ egiten gaituzte, publizitatea egin nahi duten enpresek haien produktuetarako erosle potentzialak errazago topa ditzaten.

Datu horiek, azkar eta itsusi esateko, nahita ema(te)n ditugu, egiten ari garenaren jabe garela (gutxi gorabehera, behintzat), eta neurri batean, geure kontrolpean ere badaude. Gezur txiki bat edo beste ere esan daiteke, makina despistatzeko asmoz.

Baina bada erabiltzaileon inguruko beste multzo handi bat, gure kontroletik erabat kanpo dagoena. Inferitutako datuak dira, sare sozialen jabeek interneten dugun jarduera aztertuz eta jarduera hori algoritmo eta makinen esku jarrita kalkulatu edo ondorioztatzen dituztenak, aurrekoak baino askoz ere arriskutsu eta beldurgarriagoak:

  • Inbasiboagoak direlako: dedukzioak egiteko algoritmo horiek sare sozialen sekretu industrialak dira, eta beraz ez dago jakiterik ez zer datu kalkulatzen dituzten zehazki, ez nola egiten duten, ez zer informaziotan oinarrituta…
  • Nonahi daudelako: Facebookek Cambridge Analytica kasuan aitortu behar izan duenez, sare sozialek erabiltzaileon jardueraren jarraipena egiten dute etengabe, jarduera hori sare sozialaren barruan zein kanpoan izan. Mugikorretarako aplikazioen kasuan, sare sozialek gure telefonoko kontaktu zerrenda edo instalatutako eta desinstalatutako aplikazioen zerrenda bezalako datuak ere gordetzen dituzte, adibidez. Eta Facebooketik kanpoko webguneetan zer egiten dugun ere miatzen dute: zer webgunetan sartzen garen, online dendetan zer erosten dugun, zer estiloko bideoak, musika, jantziak eta abarrak begiratu…
  • Oso zehatzak direlako: aurreko batean kontatu nizuenez, Dataselfie esperimentuari esker oso argi ikusi zen norainoko xehetasun maila izan dezaketen sare sozialek gure egoera eta joera sozial, kultural, politiko, ekonomiko, sexual, erlijioso eta abarren inguruan egiten dituzten kalkulu horiek. Berriz errepikatuko dut: ez norberak nahita emandako datuetan oinarrituta, baizik eta zeharka, datu horiek sareko jardueraren ezkutuko zaintza eginez ateratako informazioarekin gurutzatuz…
Dataselfie
Dataselfie esperimentuan, nabigatzailearentzako plugin batek erabiltzailearen profil zehatz bat osatzen zuen, Facebooken zuen jardueran soilik oinarrituta

Tira, gauza da Facebook ez dela, noski, halakoak egiten dituen bakarra. Aurrekoan han eta hemen apur bat irakurtzen, ikusi nuen Twitterrek ere egiten duela erabiltzaile bakoitzaren inguruko profil bat. Saiatzen da gure gustuko gaiak identifikatzen, publizitateari begira erabiltzaile multzo homogeneoak egiteko.

Profil horren zati bat behintzat publikatu egiten du Twitterrek erabiltzaile bakoitzaren profilaren orrian. Seguru egon gaitezke gutako bakoitzari buruz duten informazioa zerrenda xume horretan agertzen dena baino askoz ere osatu eta sofistikatuagoa dela, baina tira, Twitter erabiltzen baduzu, hor ikus dezakezu, gutxi asko, zeintzuk diren zure gustuak txori urdinaren arabera. Jakin nahi duzu nola iritsi bertara? Oso erraza da:

1.- Sartu Twitterren web bertsioan, hasi saioa zure erabiltzaile izen eta pasahitzarekin eta sakatu goian, eskuinaldean agertzen den zure profil irudian.

2.- Zabalduko den menuan, aukeratu Ezarpenak eta pribatutasuna.

Twitter saioa hasi eta  aukeretara joan

3.- Hurrengo pantailan, aukeratu Zure Twitter datuak. Hurrengoa informazio pertsonala dela eta pasahitza berriz sartzeko eskaria jasoko duzu.

4.- Irristatu hurrengo pantailan behera-behera-behera, Interesen eta iragarkien datuak izeneko atal bat ikusi arte. Hor ikusiko duzu azpiatal bat: Twitter-etik ondorioztatutako interesak. Eta ondoan interes edo hitz gako kopuru bat (43 interests from Twitter, adibidez). Egin klik ondoan agertzen den loturan (Guztiak ikusi).

Twitter: ondorioztatutako interesak ikusi

Hortxe topatuko duzu Twitterren arabera gustuko dituzun gaien zerrena. benetan zure gustukoak ez direnak ezabatzeko aukera ere baduzu bertan, lapurtutako argazkia nahikoa zehatza iruditu ez bazaizu:

Twitter: interesen zerrenda

Baina bueltatu aurreko orrialdera. Litekeena da beste interes zerrenda bat ere agertzea. Oraingo honetan Twitterrek ez, baizik eta Twitterren iragartzen diren enpresak kalkulatutakoa. Nahi baduzu, konfigurazioa alda dezakezu iragarleek ez dezaten modurik izan zure profila osatzeko Twitterreko jardunaren arabera: Pribatutasuna eta segurtasuna atalera joan, eta han Pertsonalizazioa eta datuak aukera itzali behar duzu.

6

Menuetan gora eta behera galtzeko beldur bazara, hemen dituzu lotura zuzenak aipatutako bi kontroletara iristeko.

EGUNERATZEA: konturatu naiz telefonoko aplikaziotik ere ikus daitekeela interesen zerrenda. Androiden behintzat, nahiko da goian ezkerraldean agertzen den norberaren profil irudia ukitu, eta hortik Configuración y privacidad > Privacidad y seguridad > Consulta tus datos de Twitter > Datos de intereses y anuncios > Intereses inferidos a partir de Twitter. (Azkenean, aplikazioak goiko lotura horietako web orri berbera erakutsiko dizu, baina mugikorrerako ikuspegian).

Konspiranoia atakearekin jarraituz, bere garaian Facebooken egin nuen bezala, Twitterreko nire datu guztiak ere deskargatu berri ditut. Baina ia-ia Giga eta erdiko artxibotzar bat iritsi zait ordenagailura, denbora apur bat beharko dut barruan saltseatu eta norainoko paranoia garatzen dudan erabakitzeko! Kontatuko dizuet (bueno, ala ez, segun!)

Bitartean, gogoratu badirela erabiltzaileokin honelako gaiztakeriarik egiten ez dituzten sareak. Adibidez: Mastodon.eus! 🙂

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.