Agur, Facebook! Ikasgai eta ondorio batzuk (eta 3)

Hainbat arrazoi tarteko, aaaasko atzeratu dut blogeko sarrera hau argitaratzea… eta honezkero hilabeteak dira bizi naizela Facebook konturik gabe… bueno, edo ia-ia. Batzuentzat gaia interesgarria delakoan, aurreko bi sarreratan kontatu dut zergatik erabaki dudan Facebook kontua ixtea, baita nola egin dudan Facebook kontua ezabatzeko.

Aurrekoetan esan bezala, nire asmoa ez da, inondik inora ere, pontifikatzea, honi buruz hitz egin dudanean, inguruan sortu diren galderei erantzutea baizik. Eta tira, ‘ipuina’ ondo amaitzeko, bide honetan atera dudan hainbat ikasgai (pertsonal eta transferiezinak, noski), aurkitu ditudan hainbat tresna, eta sortu zaizkidan hainbat galdera (existentzial eta ez hain existentzial) partekatu nahi ditut. Hona, labur-labur.

morfeo facebook red blue pill matrix

Facebook gabe bizi daiteke

Horixe zen nire lehen kezketako bat. Behin argazkiak, egoerak, albisteak, URLak, bideo tontoak… konpultsiboki partekatzera ohituta… bizi ote liteke Facebookik gabe? Eta bai: erantzuna baiezkoa da. Bueno… gutxi gorabeherako baiezkoa, behintzat!

Egia da: ‘azaleko kontaktu’ gozo hori galtzen duzu harremana Facebook bidez soilik (edo nagusiki) duzun jende horrekin: urrutiko senideak, aspaldiko lagunak… baina enfin, harremana Facebook bidezkoa baino ez bazen, gauza handirik ere ez duzu galtzen! (Beharbada nire urtebetetzea iritsi eta inortxo ere akordatzen ez denean, orduan etorriko naiz negar batean!!!).

Infoxikazio maila apur bat baretu daiteke: jakinarazpen gutxiago jasoko duzu, eta geroko uzteko input kopurua ere dezente murrizten da.  Sakelakoaren kasuan, gainera, Facebook aplikazioa ezabatzeak zure bateria biziberrituko du!

Hiru kontraesan baino gutxiago, dogmatismoa

Orain, ez pentsa dena arrosa kolorekoa denik, e? Laneko, elkarteko edo beste talderen bateko Facebook orrialdea kudeatzea tokatzen bazaizu, niri bezalaxe, kontu berri bat sortu beharko duzu, eta hari administratzaile baimenak eman… edo ardura beste norbaiten esku utzi. Kontu paralelo sortu berri hori -neuri behintzat hala gertatu zait- berehala beteko zaizu lagun eskaera, iradokizun eta abarrez. Autokontrol ariketa handia egin beharko duzu -eta Cambridge Analytica auziaren laburpen bat beti bistan eduki– berehala ez hasteko lagunak onartzen, ‘datsegit’ botoiei ematen eta abar… Gogoratu: saiatu ahalik eta informazio gutxien ematen kontu fantasma horretan. Eutsi tentazioari!!!

Facebook kontua ixteko arrazoiak azaldu nizkizuen sarreran, Deabrutxoa izeneko erabiltzaile batek kontraesanekin edo koherentziarekin lotutako hainbat galdera utzi zituen. Haietako batzuk (eta beste asko ere) lehenagotik banituen buruan. Adibidez:

1) FBeko kontua itxiz gero, zure webgunean edukiak bertan partekatzeko aukera mantenduko da? Ala benetan itxiko dizkiozu ateak FB-i zuk hartutako erabakia blogean islatuz?

Jope, ba egia esan, hasieran ez nuen horretan batere pentsatu. Eta gerora jakin ditugun albisteengatik, Zuckerbergek argi azaldu zuen: edukiak Facebooken partekatzeko aukera ematen duen pluginik erabiliz gero, Facebookek hemendik pasatzen zareten erabiltzaileon jarraipena ere egin egiten du, nik zein zuek Facebooken izena emanda egon zein ez… eta Facebook barruan zein handik kanpo ibili!

Baina bestalde, ufa! Facebook trafiko bisita handia da gaur egun, eta aukera hori kentzeak berez oso handia ez den bisitari kopurua murriztea ekar dezake. Jummmm! 🤔 Tira, nire kasuan, bisiten %10 datoz zuzenean Facebooketik… Gaur bertan kenduko dut Facebooken zuzenean partekatzeko aukera, ea horrek zer eragin duen…

2) Jakinik WhatsApp FB-ek erositako enpesa dela, WhatsApp gaur egun erabiliz gero, erabiltzeari utziko ahal diozu?

Hori, aitortu behar dut, ez dut lortu, eta saiatzen ere amore eman dut. Ahal dudan guztietan, Telegram bezalako alternatibetara bideratzen ditut ingurukoak… baina gure inguruan -nire harridurarako- Whatsappek lortu duen ‘estandarizazio’ mailari aurre egitea oso zaila egiten zait.

Instagram, zorionez, sekula ez dut oso ondo ulertu, eta aspaldi utzi nion erabiltzeari, aste gutxi batzuetako probaldiaren ostean…

Aurrekoak baino larriagoa deritzot, dena den, eta batez ere ez diodalako alternatiba egokirik topatzen, Googleren zerbitzuekiko menpekotasunari. Ze seguru nago, Facebookek gure datuekin egiten dituen triskantza horiek hutsaren hurrengoa direla Googlek egiten dituenen aldean! Gmail erraz ordezka daiteke (oraindik), eta neure hostingeko posta erabiltzen saiatzen naiz kontu serioetarako. Baina, ai, bilatzailea, Drive, Analytics eta antzekoak…. buf! Oso zaila egiten zait haietatik ihes egitea, batez ere kontua denean gauzak beste batzuekin partekatzea, bakoitzean hamaika azalpen ibili beharrik gabe…

Laburbilduz: Facebook kontua kentzea pausu handia izanda ere, seguruenik oso-oso pausu txikia da norbere zein ingurukoen pribatutasuna babesteko, jakinda ze obsesio dagoen orain nonahi big data ditxosoarekin. Eta big data hori, nahi ta nahiez, small datatik -hau da, gutako norbaiten datuen txikizkako bilketatik- hasten dela…

Tresna erabilgarri batzuk

Esperimentu honetan guztian, seguruenik, interesgarriena da pribatutasuna hobeto zaintzeko aurkitu ditudan tresnak. Hona haietako batzuk, ahalik eta laburren:

Mozilla Firefox

Firefox Logo, 2017

Badirudi Mozillak laster aldatuko duela Firefoxen logoa. Jopetas, ba niri asko gustatzen zait!

Batez ere ordenagailutik dihardugunean, gero eta denbora gehiago pasatzen dugu webgune, web zerbitzu eta web aplikazioetan. Eta horietan sartzeko, ezinbestean, web arakatzaile bat erabili beharra dago.

Kasu gehienetan, inongo webgunerik bisitatu gabe ere, web arakatzailea bera da gure datuetarako lehen zirriztua. Chrome Googlerena da, Edge eta Explorer Microsoftenak, Safari Applerena… enpresa pribatuenak, beraz. Big dataren sukar horretan buru belarri sartuta dauden enpresa pribatuenak. Zure datuak (tartean noiz, non, nola nabigatzen duzun) jakin eta horrekin negozioa egin nahi duten enpresenak.

Horregatik gauza segurua da arakatzaile horiek guztiek atzean badutela programazio kode multzoak, zure jarduera guztia kapturatu eta arakatzailearen benetako jabeari (hots:Google, Microsoft edo Appleri) bidaltzeko. Gainera, kode itxiko softwareak direnez, programa bakoitzaren tripak ezin dira ikusi, eta beraz, ez dago jakiterik haietako bakoitzak zehazki zer egiten duen, webguneak erakusteaz gain.

Firefox, berriz, beste gauza bat da:

  • Mozilla Fundazioak garatzen du. Irabazi asmorik gabeko fundazio bat, sarea ahalik eta irekien eta neutralen mantentzeko helburua duena.
  • Software librea da, kode irekikoa, edozeinek ikus dezake atzetik dagoen programazio kodea eta beraz -hizkuntza ulertuz gero- zehatz-mehatz jakin dezake zer egiten duen.
  • Era proaktiboan lan egiten aniztasunaren alde -euskaldunona bezalako komunitate txikiak OSO kontuan hartuz- eta sarea libre eta neutral mantentzeko. Ezin aipatu gabe utzi, noski, Firefoxen euskarazko bertsioa egunean mantentzeko Librezale taldeak egiten duen lan eskerga.

Hori dena -eta gehiago!- dela eta, Firefox da nire nabigatzaile  gogokoena, ordenagailuan zein sakelako eta tabletan. Pentsa! Noizean behin diru-laguntza txiki bat ere ematen diet!

Mozilla Facebook Container

Agur, Facebook! Ikasgai eta ondorio batzuk (eta 3) 1

Ttap aldizkariaren Instagram orria, Facebook Container horretan zabalik. Ikusten duzu ‘Facebook’ abisu urdin hori?

Pentsa: Facebook erabiltzaileon datu ‘filtrazio’ hura hain izan da kontu larria, Mozilla bezalako erakundeak ere oso kezkatuta agertu baitira kontuarekin. Kezka agertzeaz gain, tresna berezi bat ere sortu dute, zure pribatutasuna babesteko. Facebook Container du izena, eta oinarrian egiten duena da Facebooken egiten duzun nabigazioa isolatu, Zuckerbergen enpresak ez dezan aukerarik izan zure datuak atzemateko.

Izan ere, Facebookek espresuki aitortu du erabiltzaileok bere webgunetik kanpo egiten dugun nabigazioaren jarraipena ere egiten duela, cookien bidez. Cookieak dira testu artxibo sinple batzuk, gaur egun ia webgune guztiek erabiltzen dituztenak erabiltzaileak identifikatzeko. Bada, Marc Zuckerbergek aitortu du, cookie horiek erabiliz, jarraitu egiten dutela zer webgune bisitatzen dugun gutako bakoitzak, Facebookenaz aparte. Informazio horrekin, noski, askoz profil zehatzagoa egin dezake: zer egiten dugun, noiz, nola, zenbat denboraz…

Beraz, Mozillaren Facebook Container honek automatikoki atzematen du noiz sartu zaren Facebook, Instagram edo Facebook Messengerren, eta orrialde hori fitxa isolatu batean irekitzen du. Fitxa isolatu horrek bere cookie propioak sortzen ditu, aparteko nabigatzaile bat balitz bezala. hartara, Facebook ez da gauza lehenago (eta gerora) ibili(ko) zaren webguneetako cookieak ikusi eta kuxkuxeatzeko. Oso-oso-oso gomendagarria.

Social Book Post Manager

Social Book Post Manager

Oso tresna erabilgarria. Hori bai: arretaz irakurri pantailako abisuak (ingelesez) ondo erabiltzen ikasteko.

Facebooketik guztiz irten ez, baina bertan argitaratuta duzun materiala apur bat kontrolatu nahi baduzu, Google Chromeko luzapen honek asko erraztuko dizu lana. (Ez, Firefoxen ezin da erabili). Lagunduko dizu takada bakar batean Facebookeko eduki multzo bat aukeratzen (adibidez: 2017ko udako argazki guztiak, edo 2018ko otsaileko komentario guztiak, edo Facebooken hasi nintzenez geroztik argitaratutako den-den-dena) eta automatikoki ezabatzen.

Nik erabili izan dut, Facebookeko kontua ezabatu aurretik, argitaratutako eduki guztia ezabatzeko… baina gerora pentsatu dut beharbada lan  gehiegi hartzea zela: total, norberak argitaratutakoa ezabatu arren, auskalo Facebookek zenbat segurtasun kopia dituen gordeta… Eta teorian, behin kontua ezabatzen duzunean, Facebookek berak hartzen du lana zure edukia ezabatzeko…

Hauez gain, niretzat behintzat bultzada definitiboa izan zen Dataselfie proiektua ere aipatu nahi nizuen, baina zoritxarrez, egileak proiektua bukatutzat ematea erabaki du. Dataselfie Firefox eta Chromeko luzapen bat zen. Facebooken nabigatzen zenuen bitartean, luzapenak zure jardueraren erregistroa egiten zuen (non egiten duzun klik, zenbat denbora duzun pantaila geldi puntu jakin batean, nola egiten duzun scrolla gora eta behera…) eta horretan oinarrituta, zure izaeraren kalkulu bat ateratzen zuen: joera politikoa, sexuala, egoera afektiboa, kontsumo joerak, erosteko ohiturak… Egileak erakutsi nahi zigun zer xehetasun mailarekin kalkulatu dezakeen Facebookek gure profila zein den, haren webgunean egiten dugun nabigazioa soilik oinarritzat hartuta. (Gogoan izan, berez, Facebookek gainera beste informazio gehiago duela guri buruz: nonb izi garen, adina, lantokia, gure lagunak zeintzuk diren, gustuko musika talde eta abarrak…). Niri egundoko hozkirria eman zidan Dataselfie honek atera zidan grafikak, egia esan.

Bukatzen ez den soka

Baina beste ezeren gainetik, kontu honek gauza bat utzi dit oso garbi: norbere datu pribatuen babesa, behin hasita, amaierarik gabeko soka dela. Zeren, hasieran esaten nizuen bezala: oso ondo, Facebookeko kontua ezabatu egin dut… baina zer egin Google, Twitter, Apple, Microsoft eta abarrekin? Fondoko lasterketa da hau, eta komeni kartutxo guztiak lehen esprintean ez  erretzea. Zuen kabuz esploratzen jarraitu nahi izanez gero (oso-oso pozik jasoko ditut zuen ondorioak ere!), hemen bi pista txiki:

Tira, honaino iritsi bazara, mila esker, benetan, kaparrada hau guztia aguantzatzeagatik! Eta, benetan, ez izan zalantzarik: ekarpenik, iritzirik, purrustadarik baldin baduzu… oso-oso-oso gustura irakurriko ditut! 🙂

 

Erantzunik ez

  1. Pingback: Agur, Facebook! Nola? (2/3) | Teknopataren txokoa 2018(e)ko abuztuak 1

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.