Txikitan bezala 


Denbora batetik hona ezin ikusia hartu diet auzoko katuei. Inguruetako obrak hasi zirenean etxe gabe utzi zituzten sagu eta arratoi guztiak jan zitzaten ekarri omen zituzten... baina gaua iristen denean, isilka eta inork ez ikusteko bereak eta bi egiten, auzoko atso guzti-guztiak jaisten dira kalera, eguneko sobrak plastikozko erretilu batean, eta izkina guztietan uzten diete jana.


Total: katuak udal funtzionario bihurtu dira. Jakin badakite plaza jana bermatuta daukatela eta, ondorioz, —nik neuk berdin egingo nuke— ez dute batere lanik egiten ez sagurik, ez arratoirik ez beste ezer harrapatzen (arkakusoak eta horrelakoak ez badira behintzat). Eta atsoek erretiluetan uzten duten janari horretatik soberakin asko egoten direnez, katuek sabela bete eta alde egiten dutenean, arratoiak eta saguak etortzen dira geratu dena jatera... eta iritsi da puntu bat non, gaueko iluntasunean tamaina ertaineko itzal bat arineketan ikusiz gero, sekula ez duzu jakiterik arratoia edo sagua den. (Eta oraingo honetan ez nabil esajeraziotan).

Enfin, auzoko katuak ez ditudala oso atsegin. Hala eta guzti ere, gaurkoan hubilu egin naiz lorategiaren bazterreko hilabete baino gutxiagoko katakume zuri-beltzarenera, pentsatuz ihes egingo zidala. Baina ez, etzanda jarraitu du, burua apur bat altxatuta, eta negar baten moduko garrasia bota du. Onarekin apur bat bultzatu, eta albo batera jauzi da ziplo, burua ere tente mantentzeko indarrik gabe.

Eta ez dakit zergatik, lagundu behar niola sartu zait buruan: etxera igo, zapata kutxa bat bilatu eta egunkari-paperez bete, gomazko eskularruak hartu eta berriro jaitsi naiz katu gaixoaren bila. Kutxan sartzeko hartu dudanean konturatu naiz, batetik, azal eta hezur hutsa zela, eta bestetik, atzeko hankan eta isatsa blai-blai eginda zeuzkala.

Honen antzekoa zen dotakon gaixoa

Etxera iristean (behe pisuan bizi naiz, minutu bat ere ez dut behar izan) konturatu naiz zergatik zeuka atzekalde osoa buztita. Egundoko beherakoa zuen gaixoak, etengabe ari zen husten —hori literalki ere uler dezakezue, une batzuetan pentsatu dut barren guztiak botatzen ari zela gixajoa—. Eta han hasi naiz ni, 7 urteko ume baten modura: esnea bilatu, xiringa batean sartu eta ahora eman, aspirina bat ere esnetan desegin, ze izen jarriko diodan pentsatzen hasi (erabaki ere erabaki dut: Dotakon). Hobera egitean, argazi batzuk egin eta hona igotzea ere pentsatu dut

Armairu batean gabonetako opari tonto horietako bat izan zen oherako ur poltsa ere ur beroz bete eta azpian jarri diot katakume gixajoari... baina halako batean, isil-isilik geratu da, eta, marrazki bizidunetan bezala, mihiarekin keinu arraro bat egin eta ahotik kanpora utzi du osorik. Eta nire barruko 7 urteko umea begira-begira geratu da, erdi haserre eta erdi triste: "aizu, ezin duzu hori egin, zuretzako planak egin ditut!". Alferrik.

Pareko auzokideak esan dit, katuen beheranzko esajeratu horiek gauza bakar batek sortzen dituela: pozoiak. Eta txikitan bezalako amorru itogarri hori ere sentitu dut. Gauza bat da auzoko katu saldoa gustuko ez izatea, eta beste bat katakume gaixoak pozoiz hiltzea...

Enfin, gorputzaldi arraroa geratu zait, alabitaritza saio frustratuaren ondoren. uste dut aurrerantzean beste era batean ikusio ditudala nire auzokide felinoak...


astelehena - 2007(e)ko uztailak 09 · 23:42
| | | | |

Etiketak:
Technorati Cosmos Technorati Watchlist digg   furl   del.icio.us