BlogosferaNabarmenak

Twitter hustu beharra dago

Twitter hustu beharra dago 7 - teknopata.eus

Lehengoan azaldu bezala, azken asteotan gero eta zalantza gehiago dauzkat Twitterren jarraitu beharraz. Azken egunotan nahiko azkar argitzen ari dira zalantza horiek. Twitterri berari galdezka nabil zer egin behar dudan… eta erantzunak gero eta argiagoak dira.

Atzo bertan, ez galdetu nola, noizean behin sudur parean agertzen zaizkizun txio kalifikaezin horietako batera iritsi nintzen: “Alferrontzi nazkagarri bat gutxiago. Nork ez ditu maite amaiera zoriontsuak?”. Hitzen ondoren, bideo labur bat, jatetxe txiki bateko segurtasun kamerak egindakoa. 30 segundu eskasean, gizonezko gazte bat sartu da, pistola eskuan, eta diruzorroak kendu dizkie jatetxeko bezeroei. Lokaletik irteterakoan, baina, bezeroetako bat atzetik hurbildu zaio, berak ere pistola atera, eta 1,2,3,4… 5,6… 7,8 eta 9 aldiz egin dio tiro bizkarretik, lapurra ziplo erori den arte.

Twitter hustu beharra dago 11 - teknopata.eus
Bezero pistoladuna, zutik, zoruan datzan lapurrari enegarren tiroa egiten. Benetan, bideoa OSO perturbadorea da. Are gehiago ‘Nori ez zaizkio gustatzen amaiera zoriontsuak’ testuaz lagunduta.

Egundoko gorputz txarra utzi zidan txioak -Twitterren check urdina duen egile beraren timeline osoak bezala- eta, itxaropen handirik gabe, salatzea erabaki nuen: indarkeriaren apologia, irudi esplizituak… hainbat ikuspegitik iruditu zitzaidan salagarria.

Twitterrek bidalitako posta elektronikoa, salatutako txioak segurtasun politikarik urratzen ez duela adieraziz.

Bada, uste nuenaren kontra, gaur bertan erantzun dit Twitterrek, mezu kontraesankor samarrarekin. Alde batetik, salatutako txioak ez dituela urratu segurtasun politikak.

Bestetik, badaezpada ere, politika horien azpian onartzen ez diren gauzen zerrenda ere bidali didate. Alegia:

  1. Indarkeriarekin mehatxatzea
  2. Indarkeria ospatu edo goraipatzea
  3. Norbait zuzenean jazartzea edo jazartzera bultzatzea
  4. Norbaiti kaltea opatzea
  5. Indarkeria sustatzea, mehatxatzea edo jazartzea inoren identitatean oinarrituta (arraza, generoa…)
  6. Suizidioa edo autolesioak sustatzea
  7. Indarkeria sexualaren irudiak erakustea
  8. Umeen ustiapen sexuala
  9. Mehatxuak, terrorismoa edo muturreko jokaera biolentoak sustatzea.

Neure kalkuluen arabera, bideoak gutxienez 1, 2, 4 eta 9. debekuak urratzen ditu. Baina Twitterren atzean jende gaiztoa dabil, lagunok. Ana Morales lagunari lapurtuko diot metafora: hainbeste poz eta ratu on eman dizkigun taberna, urteetan arratsalderoko lagunarteko kafearen lekuko izan dena, skinhead bortitzez betetzen joan da. Are gehiago: tabernaren jabe berriak propio gonbidatzen ditu bertara. Betiko lekua dirudi, betiko jendea ikusten dugu han gora eta behera… Baina honezkero ez da gure betiko taberna. Bertatik atera beharra dago. Urgente.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.