Astebete barru seguruenik erabat ahaztuta izango ditudan bi asmo edo promesarekin hasi dut urtea. Lehenengoa: blogaren martxa berreskuratzen saiatu eta nolabaiteko maiztasunez idaztea, lehengoan idatzi nuen honi jarraiki. Hori buruan behintzat badut nahiko garbi, eta uste dut egin beharrekoa dela. Besterik da gabonetako oporrak pasata eta eguneroko martxan berriz sartuta, gogorik geratuko ote zaidan benetan egiteko!

Bigarrenak, aldiz, arazo, kontraesan eta zalantza gehiago sortzen dizkit: interneteko sare sozialak pixkanaka-pixkanaka alboratzen joatea. Bueno, nire kasuan, argi eta garbi esanda: Twitter alboratzen joatea da duela zenbait astetik hona buruan bueltaka dudan asmoa.

Twitterren kontra

Twitterren jarraitzearen kontra pilatzen joan zaizkidan arrazoiak ez dira oso ezberdinak, egia esan, bere momentuan Faceboook uztera eraman ninduten haietatik. Facebooken kasuan Cambridge Analytica auziak eman zidan azken bultzada, eta orain Musken erosketak eta ondoren hartutako erabakiak izan dira garondoko iletxoak tenkatu dizkidatenak. Muskek batere disimulurik gabe iragarri du Estatu Batuetako ultraeskuinari bozgorailua emateko asmoa. Adierazpen askatasunaren izenean, Muskek ahotsa bueltatu die Twitterren Q-Anon eta Twitterren aurreko zuzendaritzak blokeatutako zenbait konturi, eta, horrek berez nahiko hozkirri emango ez balu bezala, bere atzera-aurrera trakets eta gutxi disimulatuak izan ditu kazetariak blokeatzeko orduan, adibidez.

Elon Musk Twitterreko bulegoan sartzen, esku artean konketa daramala
Ze nezesidade, Elon? ZE-NE-ZE-SI-DA-DE?

Aber, ez dira kontu erabat berriak, noski. Twitter sekula ez da izan utopia sozialista bat, hain zuzen ere. Askok izango duzue akorduan oraindik nola -Muskek eskua sartu baino dezente lehenagotik ere- desaktibatu behar izan ziren bertan martxa jarritako adimen artifizialeko txatbotak, makina gaixoak Twitterren sartu eta bertan ikasitakoarekin, ordu gutxira guztiz faszista bilakatuta zeudelako. Bere momentuan jijiji-jajaja komentatu genuen Twitterren zer giro eskasa zebilen, adimen artifizl horiek twitterlarion elkarrizketetan oinarrituta erabat fatxa bilakatu izana bertan genbiltzanon errua zelakoan. Baina ez dezagun ahaztu, beste sare sozialetan bezala, erabiltzaile bakoitzari zer iristen zaion lehenago, zer maizago, eta zer geroago edo gutxiagotan, sare sozialak berak diseinatutako algoritmoak erabakitzen duela.

Txiokatu ala ez txiokatu; horixe da kontua 2 - teknopata.eus
Tay. Microsoften adimen artifiziala, sortu eta ordu batzuetara itzali behar izan zutena, Twitterren ikasitakoarekin arrazosta, xenofoboa, matxista eta ez dakit beste zenbat gauza bilakatu zelako.

Esan nahi dut: ‘begirada garbia’ daraman adimen artifizial bat sartzen bada sare sozial batean, eta handik ordu gutxira adimen artifizial hori Hitlerren balioen pertsonifikazioa baldin bada, hori ez da (soilik) sare sozial horren erabiltzaileok xextrazale amorratuak garelako. Hori da, neurri handi batean sare sozial hori propio diseinatuta dagoelako erabiltzaileak pentsamolde estilo horretarantz eramateko. Nahi beste ‘baina’ eta kakotx eta ñabardura egin daitezke ideia horren gainean, noski; baina oro har, horixe da kontua. Twitter, beste edozein sare sozial bezala, oso urruti dago burmuinean txertatu diguten erabateko neutraltasun iruditik. Eta adimen artifizialen kontu horrek argi erakusten du erabiltzaileak eskuineko, edo gutxienez muturreko ideietarantz bultzatzeko diseinatuta dagoela.

Baina gainera, Muskek Twitter erosi duenetik, inoiz baino argiago utzi du Twitter bere jolastoki, jostailu edo dena delako pribatua dela. Nahi duen momentuan eta nahi duen bezala egin eta desegin dezakeela. Arauak berak egin eta desegiten ditu, gogoak ematen dion bezala, eta gero betetzen dituela ala ez, segun zer egun daukan. Eta eskubide osoa du, noski, horretarako gastatu ditu 44.000 milioi dolar. Baina ez dezala kontatu nirekin bere jostailu garestiari txinparta ateratzeko. Eta are gutxiago edukia eta trafikoa sortzeko ultraeskuina eta desinformazioa modu esplizitoan sustatzen ari den sare batean!

Twitterren alde

Baina, ai, buruak goiko hori guztia esaten didan bitartean, bihotzak beste zeozer esaten dit, noski. Ia 16 urte dira Twitterren kontua ireki nuenetik. Eta boladaka, oso aktibo ibili naiz bertan. Informazio asko jaso dut, informazio apur bat eman ere egin dut… eta batez ere, jende zoragarria ezagutzeko eta barre itzelak egiteko baliabidea izan da Twitter urte hauetan. Barre asko egin dut hari esker; hunkitu ere, sarritan hunkitu naiz… eta bueno, ba hori, benetako zirkulu soziala hedatzeko tresna zoragarria izan da. Gauzak horrela, kosta egiten da, bai, ateari kolpea eman eta betiko alde egitea… baina pentsatzen jarrita, urtetxoak dira Twitterreko giro orokorra dezente aldatu dela; honezkero ez da garai bateko auzoko kafetegi lasai eta konfiantzako hura.

Badakit, badakit aldekoen zati hau ez dagoela kontrakoena bezain zehatz azalduta, baina bueno, badakizue, alde emozional horrek ere asko tiratzen du, zalantzarik ez. Eta gero, noski, ezin da ukatu Twitter eta antzeko sareak izugarrizko tresna direla norbere edukiari zabalkundea emateko, epe luzera trukea oso gizalegezkoa ez bada ere.

Mastodon: bai baina ez

Txiokatu ala ez txiokatu; horixe da kontua 4 - teknopata.eus
Mastodon.eus abiapuntu ezin egokiagoa da edozein euskaldunentzat fedibertsoaren itsasoan murgiltzen hasteko.

Puntu honetara iritsita, badakit askok esango didazuela: “e, Joxe, baina ez da ezer pasatzen! Etorri Mastodonera eta bertan jarraitu egiten orain arte Twitteren egiten zenuena!”. Mmmm… bai, baina ez… Mastodonek baditu gauza on asko, eta bertan ere banago, bai. Baina ez da Twitterren ordezko zuzena (eta bueno, ondo dago hori, uste dut ez duela izan beharrik ere), eta, azkar eta zikin azaltzeko, nagi apur bat ematen didaten kontutxoak baditu:

  • Volver a empezar. Pelikulan bezala, (ia) zerotik hasi beharra sare guztia berriz eraikitzen, jarraitzaileak eta jarraituak identifikatzen… uf!
  • Giro ezberdina. Ez dakit nola azaldu hau argi eta hitz gutxitan, gehiago duelako sentsazio pertsonaletik beste ezeretik baino, baina Mastodonen faltan botatzen dut Twitterreko (garai bateko) giro bizi eta dibertigarria. Askoz leku lasaiagoa da Mastodon ikusi ahal izan dudanagatik… seguruenik zerikusi zuzena izango du aurreko puntuarekin, bertako sarea guztiz osatua ez edukitzearekin, baina ñah, badiotsuet: sentsazioa ez da ez berdina, ezta antzekoa ere. Besteak beste, askoz ere giro ‘geek’-agoa dago Mastodonen… edo bueno, hori da nire inpresioa.
  • Ongi etorri errefuxiatuak Gauzak diren moduan: asko eta asko ‘benetan’ akordatu gara Mastodonekin gauzak oso itsusi jarri direnean beste aldean… ‘etorkin’ mordo bat iritsi omen gara Mastodon instantzia ezberdinetara azken asteotan… eta hori ez zaio gustatu ‘mastodonzahar’ batzuei behintzat. Zehazki, larregi gustatu ez zaizkidan bi diskurtso-motarekin egin dut topo. Biak ere ulergarriak egin ahal zaizkit neurri batean, baina buf, nagi handia ematen dute:
    • Benetako mastodonzaleak eta etorkinak. Aspaldiko Mastodon erabiltzaile batzuk kexaka dabiltza egunotan (arrazoiz, seguruenik), sare sozial zentralizatuetatik iritsitako errefuxiatu berriek sare sozial horietako ohitura txarrak ekarri dituztelako haiekin: influentzerrismoa, jakin zein jakin ez erantzun beharra, xextra errazerako gogoa… Aber, ulertu dezaket, noski, zure tabernatxoan urteak eman badituzu super gustura, batere ez gustatzea bat-batean taberna modan jarri eta jendetza zaratatsuz betetzea… baina tira, esango nuke bat-batean masa handiak sare dezentralizatuetara jotzea garaipen gisa ulertu beharko litzatekeela… Ez dakit, mezu solteak izan dira han-hemenka, baina nolabaiteko ‘klasismo’ bat ere sumatu dut horrelako mezu eta eztabaida batzuetan.
    • Kalea neurea da. Mastodon eta beste sare dezentralizatuak instantzia edo nodo ezberdinak daude… eta nodo edo instantzia horiek euren jabe edota moderadoreak dituzte. Twitterren Muskek kazetariak bota eta berriz onartu ditzakeen moduan, Mastodonen instantzia bakoitzeko jabeak edo moderazio taldeak jendea bota dezake, noski, eta egin egiten du. ‘Hau nire zerbitzaria da, neuk ordaintzen ditut gastuak, eta ez daukat zertan aguantatu gustatzen ez zaidan jendea’. Arrazoi, noski, hori bakarrik falta zen… baina niri behintzat fenomeno paradoxikoa iruditu zait, Mastodonen inguruko diskurtso orokorrak saltzen digun (edo bueno, neuk ulertu dudan) irekitasun, aniztasun eta tasun horien guztien ondoan. Azkenean, instantzia txiki mordo bat egonda, aukerak ere badaude ElonMusk txiki mordo bat ibiltzeko hor zehar, gauzak egiten eta desegiten. (Eskubide osoz, ojo, baina izan, badira!).

Zer egin?

Kostatzen ari zait erabaki bat hartzea, 16 urteko ohitura bati uztea ez baita gauza erraza. Hainbat aukera dauzkat buruan:

Txiokatu ala ez txiokatu, hortixe da kontua
Kostata, baina lortu dut Dall-E adimen artifizialak artikulu hau ilustratzeko marrazkia sortzea 🙂
  • Twitter kontua itxi eta bertan argitaratutako edukia desagerraraztea. Berez hau litzateke aukera lojiko eta koherenteena. Baina, pena da, egia esan, 16 urte hauetan sortutako eduki guztia betiko galtzea. Eta ez nago oso ziur kontua itxiz gero, atzetik besteren bat etor daitekeen eta nire erabiltzaile izena hartu guztiz bestelako kontuak argitaratzeko.
  • Twitter kontua ‘zonbi’ mantendu. Telefonoko zein ordenagailuetako aplikazioa desinstalatu eta ez publikatu beste ezer Twitterren, baina kontua ezabatu gabe, nolabait artxibo moduan. Zentzuzko aukera dirudi, baina neure burua ezagututa, badakit lehenago ala geroago jausiko nintzatekeela -noizean behin baino ez bada ere- erantzuteko eta txorradak jartzeko tentazioan, hau da: neure edukiarekin Muski zeharka laguntzen ultraeskuinari babesa ematen.

Enfin, ez dakit, ideia mordo bat dauzkat egunotan buruan bor-borka, gehienak euren artean kontrajarriak, eta partekatu nahi nituen, ordenatzera behartzeko, batez ere. Ekarpenik, iruzkinik edo purrustadarik baduzue, denak ere ongi etorriak, noski! (Ah, baina beheko iruzkinetan utzi, mesedez, eta ez sare sozialetan, e?) 🙂

10 erantzun

  1. Iban 2023(e)ko urtarrilak 2
    • joxe 2023(e)ko urtarrilak 3
  2. @mikelgs@mastodon.eus 2023(e)ko urtarrilak 2
    • joxe 2023(e)ko urtarrilak 3
  3. Dabid 2023(e)ko urtarrilak 3
    • joxe 2023(e)ko urtarrilak 3
  4. Igor Leturia 2023(e)ko urtarrilak 4
  5. joxe 2023(e)ko urtarrilak 6
  6. Pingback: Twitter hustu beharra dago | Teknopataren txokoa 2023(e)ko urtarrilak 12
  7. Txo 2023(e)ko urtarrilak 23
    • joxe 2023(e)ko urtarrilak 23

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.