ApliakNabarmenak

Pare bat aukera seguru edo pribatuagoak zure posta elektronikorako

Hiruzpalau zerbitzu alternatibo zure posta elektronikoa Gmail eta enparauetatik ateratzeko
Posta elektronikoa

Lehengoan, Mikel izeneko irakurle batek email bat bidali zidan hiruzpalau galdera orokorrekin. Pribatuan baino, pentsatu dut hobe zela Mikelen galderei modu publikoan erantzutea, erantzun horiek beste batzuontzat ere erabilgarri suerta daitezkeelakoan.

Adi! Jarraian datozenak iritzi edo irizpide pertsonalak dira, eta ez dute zertan zureekin bat etorri. Aholku orientatibo gisa hartu, ez arau moduan.

Hiruzpalau galdera planteatu dizkit Mikelek bere mezuan, haietako bat posta elektronikoarekin lotuta dago. Honela dio zehazki:

Gaur arte Gmail da batez ere erabiltzen dudan posta elektronikoa. Bestela, Hotmail… Alegia, Google-Microsoft. Nahiko nuke beste zeozer; librea. Kontuan harturik “hasi berria” naizela honetan, zer gomendatuko zenidake? Thunderbird aukera bat da?

Gmail, Hotmail zein Yahoo Mailek ere oso posta zerbitzu ahaltsua eskaintzen dute:

  • biltegiratze espazio handia
  • bilaketa aurreratua
  • spam iruzkin oso aurreratuak
  • posta online kontsultatu ahal izatea, webgune batetik zuzenean, aplikaziorik erabili beharrik gabe…

Ez diru truke, ezta doan ere

Gainera, erabiltzeko ez dugu dirurik ordaindu behar. Baina horrek ez du esan nahi dohainik direnik. Ordaindu, erruz ordaintzen dugu haien erabilera, datutan:

  • Erregistroa egitean bertan, informazio pilo bat eskatzen zaigu. Bai, datuetako batzuk faltsuak edo asmatuak jar ditzakegu, baina beste batzuk (telefono zenbakia edo email kontu alternatiboak, adibidez), egiazkoak jarri behar ditugu derrigorrez, sistemak huts egiten duenean alertak jaso ahal izateko, pasahitza berreskuratu ahal izateko, eta abar. Informazio hori, jakina beste datu-base batzuetan dutenarekin gurutzatzen dute hornitzaileek, erabiltzaileon profilak egiteko.
  • Posta elektronikoa bera erabiltzean ere, gure mezuetako informazio guztia hornitzailearen esku uzten dugu: nori bidaltzen diogun, zer esaten dugun, zer ordutan bidaltzen ditugun mezuak, zer gailutik, nondik, zer hizkuntzatan… Hori dena aztertzen dute hornitzaileek, nor garen eta zer gustatzen zaigun atzematen saiatzeko. Eta atzematen duten horren arabera, iragarki batzuk ala beste batzuk erakusteko. Hasiera batean huskeria bat eman dezakeen hau uste baino larriagoa da: ikusi zer gertatatu den Cambridge Analytica eta halako kasuekin. Inferitutako profil horiek erabili dira propaganda politikoko mezuak zabaldu eta iritzi publikoan zuzenean eragiteko, hala nola Trump AEBetako Estatu Batuetako presidente atera edo Brexitari baiezkoa gailendu zedin. Propaganda politikoko mezu horiek iragarki elektoralak dira batzuetan, baina beste batzuetan askoz ere sofistikatu eta disimulatuagoak: gezurretako albisteak, iritzi artikulu, bideo eta memeak… Ez gara konspiranoikoegi jarriko, baina kontu serioa da erabiltzaileon profilen kontu hori.
  • Baina gehiago dago: email zerbitzu hauek erabiltzean, geure informazioa bakarrik ez. Gure mezuak jaso edo guri mezuak bidaltzen dizkigutenen inguruko informazio piloa ere ematen diogu email hornitzaileari. Noiz ireki edo idatzi den mezua, nola, nondik, zer gailu eta softwarearekin, barruan dauden loturetan klik egin duen ala ez… Googlek berak aspaldi aitortu zuen ahalik eta informazio gehien ateratzen saiatzen dela, hala bidaltzaile nola jasotzaileei buruz. Bere ikuspegitik, planteamendua oso garbia da: “aizu, nik musutruk ematen dizut zerbitzua, zerbait jaso beharko dut trukean, ezta?”.
  • Azkenik, bai Gmail, bai Hotmail eta bai Yahoo Mail ere Estatu Batuetako legediaren arabera dihardute. Honek ere bigarren mailako kontua eman dezake, baina ez da. Bere mugak baditu ere, Europako legedia askoz ere zorrotzagoa da erabiltzaileon pribatutasuna defendatzeko orduan.

Beste e-mail aukera batzuk

Esandakoa: Gmailek (eta antzera funtzionatzen duten Hotmailek eta Yahoo! Mailek ere) oso zerbitzu ona ematen dute, hori ez dago ukatzerik. Baina trukean prezio altu bat eskatzen dute, dirutan ez bada ere. Bakoitzaren erabakia da zerbitzuaren kalitatea eta prezioa balantzan jarri eta ‘erosten’ duen ala ez erabakitzea. Zure erabakia ez erostea baldin bada, hemen aukera batzuk:

  1. Zeure e-mail zerbitzari propioa
  2. GOMENDATUA: Ni.eus
  3. Protonmail
  4. Riseup
  5. Zure internet hornitzailea

1. Zeure e-mail zerbitzari propioa

ERRAZTASUNA: 3/5 • SEGURTASUNA: 3/5 • PRIBATUTASUNA: 3/5

Aukera bat izan daiteke zeure e-mail zerbitzu propioa sortu eta erabiltzea. Boteprontoan, eman dezake horretarako ingeniaria izan beharra dagoela baina, egia esan, hostinga ematen duten enpresa gehienek zerbitzu hori eskaintzen dute jadanik. Prezio onean eta teknikoki hiruzpalau kliketan martxan izateko moduan. Egin dezakezu, adibidez, Puntu Eus domeinu bat erosi, hosting merke bat hartu (webgunerik egiteko intentziorik ez baduzu behintzat), eta horixe erabili zure posta kudeatzeko. Nik neuk aukera hori erabiltzen dut: nire postaren zati bat Gmail helbide batetik kudeatzen dut, eta beste zatia @teknopata.eus helbide batetik.

Alde

  • Irudi aldetik oso moloia da. Pentsa: zure helbidea izan daiteke zureizena@zureabizena.eus.
  • Zure mezuak non eta nola dauden gordeta zeuk kontrolatzen duzu. Ezabatu nahi badituzu, guztiz ezabatzeko aukera duzu, adibidez.
  • Printzipioz zerbitzari ezagunen aurkako erasoetatik libre egongo zara.

Kontra

  • Konplikazio tekniko apur bat izan dezake.
  • Segurtasun eta pribatutasun maila zure hornitzaileak eskaini eta zeuk konfiguratzen duzunaren araberakoa izango da. Apur bat ikasi beharko duzu dena txukun joateko.
  • Hautatzen duzun hornitzailearen arabera, beharbada zerbitzua nabarmen mugatuagoa izango da Gmail eta halakoena baino, batez ere spam garbiketari eta mezuak gordetzeko espazioari dagokionez.
  • Prezio bat ordaindu beharko duzu dirutan.

Aukera hau interesatzen bazaizu, hemen dituzu posta zerbitzua eskain diezazuketen hornitzaile batzuk, nik inoiz edo behin erabili eta txukun funtzionatzen dutenak:

  • Leioako Guebs enpresak oinarrizko posta zerbitzua eskaintzen du, urtean 22 euroan hasita. Aukera ona izan daiteke zerbitzua konfiguratuta eta martxan jaso nahi baduzu, eta teknikariak euskaldunak eta jatorrak dira!
  • Galiziako Dinahostingek ere posta plan majoak ditu. Ez dira euskaldunak, baina jatorrak bai, eta ‘euskaldun-friendly’ nolabait esateko :)

2. Ni.eus

GOMENDATUTAKO AUKERA! :-)
ERRAZTASUNA: 5/5 • SEGURTASUNA: 4/5 • PRIBATUTASUNA: 4/5

Ikusten baduzu zerbitzariak eta domeinua konfiguratzen ibiltzea ez dela zuretzat, onena da zure posta elektronikoa zerbitzua eskaintzen duen norbaiten esku jartzea. Horrek bere alde onak ditu: askoz errazagoa da eta ez duzu burua nekatuko kontu teknikoekin. Trukean, pribatutasun eta segurtasun puntu -edo dezima batzuk behintzat- gal ditzakezu: azken finean, beste norbaiten ordenagailuan ari zara gordetzen zure gauzak. Baina tira, hori beste aukerekin ere gertatuko zaizu.

Zalantzarik gomendatzeko moduko aukera da Demonocrazy lagunak erantzunetan gomendatutako Ni.eus posta zerbitzua. Puntueus Fundazioa eta arestian aipatutako Guebs.eus enpresaren artean sortutako posta zerbitzua da.

Ni.eus posta zerbitzua, euskaraz

Euskal Herrian sortutako aukera izateaz gain, teknikoki aurreratu samarra da, eta pribatutasun zein segurtasun estandar altuak ditu. Ez du publizitaterik, eta zerbitzua zein laguntza teknikoa euskaraz eskaintzen ditu. Bi bertsio eskaintzen ditu:

  • DOAKOA: joxe@ni.eus estiloko posta elektroniko bat eskuratu dezakezu, zure mezuak gordetzeko Giga bateko espazioarekin, eta zure posta programa gogokoenetik edo euskaraz dagoen webgune batetik kudeatu ahalko duzu.
  • PREMIUM: hilean HIRU EURO ordainduta, 2 Gigako espazioa izango duzu, hiru posta helbide, eta nahi duzun .EUS domeinuarekin pertsonalizatzeko aukera. Gainera, .EUS domeinu horretan web orrialde sinple bat ere sortu ahalko duzu zeure burua aurkezteko.

Alde

  • Euskal Herrian euskaraz sortutako zerbitzua, euskaldunongan bereziki pentsatua.
  • Segurtasun eta pribatutasun maila altuak.
  • Ordainpeko bertsioarekin, prezioaren barruan sartzen da posta zerbitzua eta domeinua.
  • Doako eta ordainpeko bertsioak, beharren arabera.
  • PuntuEus fundazioari eta puntu eus domeinuen hedapenari laguntzeko modu merke eta erraza da.

Kontra

  • Ez diot kontrako nabarmenik aurkitu, egia esan!

3. Protonmail

ERRAZTASUNA: 5/5 • SEGURTASUNA: 4/5 • PRIBATUTASUNA: 4/5

Protonmail erregistro galdetegia
Protonmail doako kontua sortzeko galdetegia. Erabiltzaile izena, pasahitza eta, nahi baduzu, segurtasuneko posta helbide bat baino ez dute eskatzen.

Protonmail Gmail estiloko zerbitzu bat da, pribatutasuna zaintzeko bereziki sortutakoa. Protonmailez bidalitako mezuak muturretik muturrera enkriptatuta doaz, hau da, enpresak berak ere ezin ditu irakurri, nahi izango balu ere. Kriptografia sistema osoa, gainera, kode irekikoa da, eta enpresak Suitzan du egoitza. Sistema oso segurua eta oso pribatua da.

Protonmailen erregistratzeko ez da datu pertsonalik eman behar eta dohainik ere erabil daiteke, nahiko mugatuta bada ere: 500 MBko biltegiratze espazioa eta egunean 150 mezu bidal daitezke gehienez.

Funtzio aurreratuak erabiltzeko (tartean, zeure domeinu propioarekin erabiltzea), hilean 4 euro ordaindu behar dira. 48 euro urtean. Zeure eta zure lagun eta ezagunen pribatutasuna oparitzea baino merkeago beharbada, ezta?

Protonmail webgunetik bertatik erabil daiteke, edota Windows, Mac, Linux, iOS zein Androiderako dituen aplikazioetatik.

Alde

  • Erabiltzeko oso-oso erraza, Gmail, Hotmail eta halakoen oso antzekoa.
  • Oso segurua eta oso pribatua.
  • Europan kokatua eta Europako legediaren arabera arautua.
  • Aplikazio dedikatuak sistema eragile nagusi guztietan.

Kontra

  • Doako bertsioa oso mugatua.
  • Ez dago euskaraz.

4. Riseup

ERRAZTASUNA: 3/5 • SEGURTASUNA: 5/5 • PRIBATUTASUNA: 5/5

Riseup ere Protonmailen antzeko zerbitzua da, baina enfoke ezberdina duena. Protonmailen lehentasuna pribatutasuna eta segurtasuna den bitartean, Riseupen kasuan, haien misioa da online komunikatzeko tresnak eskaintzea eraldaketa sozial askatzailean dabiltzan norbanako eta erakundeei’. Posta elektronikoaz gain, Riseupek txat eta VPN zerbitzuak ere eskaintzen ditu norbanakoentzat, eta posta zerrendak, wikiak, testu editorea eta fitxeroak trukatzeko tresnak ere, gizarte ekimeneko erakundeentzat.

Pare bat aukera seguru edo pribatuagoak zure posta elektronikorako 8 - teknopata.eus

Riseupek ere enkriptazioa erabiltze du, baina disko gogorrean soilik, ez puntutik puntura Protonmailek bezala. Eta badu berezitasun bat: kontua sortzeko modu bakarra beste erabiltzaile batek gonbidatzea da. Beraz, planteamendua gustatu bazaizu ez larregi emozionatu, erabiltzen hasteko modu bakarra kontua due norbaitek gonbidatzea bada.

Zerbitzua dohainik erabil daiteke, baina laguntza ekonomikoa asko eskertzen dute.

Alde

  • Segurua eta pribatua.
  • Doakoa.
  • Gizarte ekimenei laguntzeko modu egokia.

Kontra

  • Gonbidapena jasotzea zaila izan daiteke.
  • Ez dago euskaraz.

5. Zure internet hornitzailea

ERRAZTASUNA: 5/5 • SEGURTASUNA: 2/5 • PRIBATUTASUNA: 2/5

Azken aukera bat, oso 1990ekoa, zeure internet hornitzailea izan daiteke. Sarritan, kontratatzen ditugun etxeko internet konexioekin batera posta zerbitzua ere ematen dute (adibidez: joxerg@euskaltel.net) , nahiz eta gehienetan jakin ere ez dakigun. Aukera erraza izan daiteke zerbitzari handietatik aparteko posta bat izateko, baina segurtasuna eta pribatutasuna ez dago oso bermatuta. Eta desabantaila handi bat dute: egunen batean internet hornitzailez aldatuz gero, zure posta elektronikoko helbidea galdu egingo duzu…

Euskaltel webmail zerbitzua

Alde

  • Seguruenik zerbitzua ordaintzen ari zara dagoeneko.
  • Konfigurazioa eta/edo martxan jartzea erraz samarra izango da kasu gehienetan.

Kontra

  • Kasu gehienetan hornitzaileak inertziaz mantentzen zerbitzua da, eguneraketa eta zerbitzu tekniko eskasarekin. Horrek segurtasun eta pribatutasunari eragiten die, modu negatiboan.
  • Zure posta helbidea zure internet hornitzailearekin lotuta dago. Egunen batean hornitzailez aldatu nahi baduzu, posta elektronikoa ere aldatu beharko duzu, eta zure kontaktu guztiei jakinarazi

Azken oharra: ez nahastu posta elektronikoko zerbitzua eta tresna

Bere mezuan, Mikelek galdetzen du ea Thunderbird aukera ona den orain erabiltzen duen Gmail ordezkatzeko.

Pare bat aukera seguru edo pribatuagoak zure posta elektronikorako 11 - teknopata.eus
Mozilla Thunderbird posta ordenagailutik kudeatzeko tresna ahaltsua da

Gauzak argitzearren: Thunderbird posta kudeatzeko aplikazio bat da. Baina berak ez du posta zerbitzurik ematen. Hau da: lehenengo eta behin zure posta zerbitzua aukeratu  behar duzu, eta gero erabaki ze tresnaren bidez kudeatu nahi duzun: webgune batetik, webmail deitzen zaiona, ala ordenagailu eta/edo mugikorrean instalatutako aplikazio baten bidez: Thunderbird, Outlook, Apple Mail edo halako baten bat.

Aplikazio horiek posta zerbitzarira konektatzen dira, eta aukera ematen digute mezuak idatzi edo jasotzeko, baita zerbitzaritik ezabatu eta gure gailuan gordetzeko (zerbitzarian daukagun biltegiratze lekua txikia bada, adibidez).

Zentzu horretan, bai, Thunderbird oso tresna gomendagarria da, Firefox web arakatzailearen familiakoa delako. Baina tresna bat ala beste bat erabili, lehenengo eta behin erraztasun, segurtasun eta pribatutasun mailaren aldetik asetzen zaituen posta zerbitzua aktibatu beharko duzu, bestela Thunderbird  eta enparauak erabat alferrik dira.

Enfin. Eta zuk, zer diozu? Erabiltzen duzu bestelako posta zerbitzurik? Gomendioren bat bururatzen zaizu? Erabili erantzunen tartea zure ekarpenak egiteko!

7 iruzkin
  • Demonocrazy
    2020(e)ko maiatzak 3 at 09:59

    Aupa, Joxe.

    Beste aukera eder bat: ni.eus

    Segurua + erraza + pribatua + euskalduna. Guebs eta Puntueus fundazioaren arteko elkarlanetik sortutakoa.

    Ni.eus/Protonmail/Riseup eta Gmail/hotmail… dikotomiarekin ados nago. Nik biak dauzkat, nire ni.eus-a zabaltzea eta gehiago erabiltzea da nire erronka pertsonala, gutxinaka G handiaren dependentzia kentzeko. Emaila modu osasuntsuago batean bizitzeko aukera ederra dela iruditzen zait (gutxiagotan kontsultatzen eta mezuen garbiketak egiten).

    Reply
    • joxe
      2020(e)ko maiatzak 3 at 17:49

      Aupa, Demonocrazy! Mila esker ekarpenagatik! Ez nuen ezagutzen, baina zalantzarik gabe aukerarik onena da beste guztien aldean, arrazoi tekniko eta ‘sentimentalak’ tarteko :-) Sarrera eguneratu dut ni.eus zerbitzuari behar duen lekua emateko.

      Eskerrik asko ekarpenagatik, benetan!

      Reply
  • Alfonso Guilló
    2020(e)ko maiatzak 5 at 10:08

    Kaixo, Joxe!
    Zenbaterainokoa da iCloud.com posta zein biltegiratze sistemaren pribatutasuna? Erraztasun handia du eta segurtasuna suposatzen diot. Ondo nabil? Eskerrik asko, aldez aurretik.

    Reply
    • joxe
      2020(e)ko maiatzak 7 at 21:45

      Kaixo Alfonso!
      Applek dioenarekin fidatzen bagara, ba bai, iCloud printzipioz segurua eta pribatua izango da alde teknikotik. Begiradatxo bat bota beharko litzaioke erabilera lizentziari, ea zer dioten datuen tratamenduaz. Teknikoki sistema itxia eta copyrightduna denez, ez dago modurik frogatzeko benetan hala den ala ez, jabearen hitzarekin fidatzea baino ez dago. Printzipioz Google eta Hotmail baino pribatuagoa da, Applek marketin mezuetan kontatzen diguna egia baldin bada. Gero alde juridikotik, ba Apple Estatu Batuetako enpresa da eta hango legediaren arabera dihardu. Oro har, Europakoak (oraingoz) gehiago babesten du erabiltzailea…

      Reply
  • Nizuzu
    Nizuzu
    2020(e)ko maiatzak 21 at 17:14

    Thunderbird ez dago androiden, ba al da antzekorik bertan?

    Reply
    • joxe
      2020(e)ko maiatzak 22 at 19:57

      Aupale, Nizuzu. Thunderbird ez dago Androiden, ez. Nik duela gutxi deskubritu dut Androiderako software irekiko posta aplikazio bat, K9Mail du izena. Thunderbirden parekoa: software librea eta euskaraz ere badago. Itxura aldetik apur bat desfasatuta dago, baina bueno, hori konponduko dute halakoren batean :)

      Reply
  • Nizuzu
    Nizuzu
    2020(e)ko maiatzak 22 at 23:37

    Instalatua jada Joxe, eskerrik asko. Oain email berrira migratzea bakarrik falta dut. Dank U

    Reply
  • […] Erabili zerbitzari seguruak. Gmail eta Outlook oso ondo daude, baina badira alternatiba oso txukunak, zure informazioa datu kapitalismoko multinazionaletatik urrun mantenduko dutenak. PuntuEus Fundazioak eskaintzen duen ni.eus zerbitzua adibidez ondo txukuna da, eta doako zein ordainpeko aukerak ditu. Hemen aurkituko dituzu ni.eus eta beste aukera batzuen berri zehatzagoa. […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.