Teknopataren ajeak

Ofiziala da: Gmail erabiliz gero, ez espero inolako pribatutasunik

Ofiziala da: Gmail erabiliz gero, ez espero inolako pribatutasunik 7 - teknopata.eus

Googlek Gmail posta elektroniko zerbitzua ireki zuenetik, errezelo handiak sortu ziren erabiltzaileon mezuon pribatutasunaren inguruan.

Googlek argi esan zuen hasieratik: ‘doako’ zerbitzuaren truke, mezuak automatikoki eskaneatuko zituela, hitz gakoen bila, erabiltzaile bakoitzari haren interesen araberako publizitatea eskaini eta hartara zerbitzuaren kostuak ordaindu eta errentagarritasuna ere lortzeko.

Ofiziala da: Gmail erabiliz gero, ez espero inolako pribatutasunik 11 - teknopata.eus
Googlek espresuki onartu du bere erabiltzaileek ‘ez luketela pribatutasunik espero beharko’

Googleren mezu ofiziala, hala ere beti izan da: Lasai, zuen intimitatea salbu dago. Mezuen azterketa hori makinek soilik egingo dute. Inola ere ez da egongo aukerarik gizaki batek Gmail bidezko mezuak irakurtzeko. Makinek ikusiko dituzte soilik, eta hitz gako jakinen bila.

Bada, Kaliforniako Consumer Watchdog kontsumitzaileen elkarteak salatu duenez, Googlek publiko eta espresuki onartu du, epaitegi baten aurrean “inork ez lukeela inolako pribatutasunik espero beharko mezuak gmailera bidaltzean”. Mundu osoan 425 milioi lagunek erabiltzen dute -dugu- Gmail posta zerbitzua.

Aitormen hori, esan bezala, epaitegietan egin dute Googleren abokatuek, interneteko erraldoiak Estatu Batuetako NSA zaintza agentziak bertako zein mundu zabaleko hiritarren gainean egindako espioitza masiboan jokatu duen paperaz galdetu ondoren. PRISM auzian jakin denez, Googlek, eta informatikaren munduko beste hainbat erraldoik, ateak zabaldu zizkieten NSAko agenteei beren erabiltzaileen komunikazioak aztertzeko, “azterketa automatikoa soilik” arau hori apurtuz.

Larriena, Googlek bere praktikak zuritzeko erabiltzen duen argudioa. Natural-natural esan du (itzulpen librea):

“Kolega profesional bati gutuna bidaltzen dion norbait ezin da harritu gutun hori hartzailearen idazkariak ireki eta irakurtzen badu. Era bertsuan, webmail zerbitzua erabiltzen duena ezin da harritu zerbitzu hornitzaileak bere komunikazioak prozesatzen baditu bidalketa prozesuak dirauen bitartean”.

Consumer Watchdog eta beste batzuek berehala nabarmendu duten bezalaxe, Googleren abokatuek erabilitako konparazio hori erabat aldrebesa da. Gmail erabiltzen dugunean, bera posta zerbitzua da, eta ez hatzailearen idazkaria. Gure gutunak postetxera eramaten ditugunean, inola ere ez dugu nahi -ezta espero ere- postariek gure mezuak irakurtzea, eta horixe da Gmail egiten ari dena. 

Ofiziala da: Gmail erabiliz gero, ez espero inolako pribatutasunik 13 - teknopata.eusEta orain? Gmail erabiltzen jarraitu ala ez?

Hori norberaren erabakia da, noski, ondo baloratu beharrekoa. Balorazio hori egiteko, hona gako batzuk:

  1. Ez dago zalantzarik, Gmail oso zerbitzu ona da alde teknikotik begiratuta. Eta zerbitzu gehienak euskaraz ere eskaintzen ditu. Baita Googlek eskaintzen dituen beste guztiak ere.
  2. Dirutan ordaintzen ez badira ere, ez dira doakoak. Erabiltzearen truke, multinazionalaren esku jartzen duzu bertara igotzen duzun guztia: zure posta, zure dokumentuak, zure agenda, zure kontaktuak… Dirutan ordaintzen dugunean bezalaxe, ondo pentsatu behar da prezio hori garestia ote den. Beharbada merezi dizu urtean euro gutxi batzuk gastatu eta trukean zure intimitatea zeurea izaten jarraitzea.

Alternatibak

Gmailen urrezko kaiolatik atera nahi izanez gero, badira alternatibak. Boteprontoan, eta asko pentsatu gabe, hona gutxi batzuk:

  • Paranoikoentzat egokiena, domeinu (eta hosting) bat erosi eta bertan posta zerbitzari propioa konfiguratzea. Hartara zeu izango zara zure postaren jabe, edo zure koadrillarena, inori azalpenik eman beharrik gabe.
  • Beste aukera bat da internet hornitzaileek ematen dituzten zerbitzuak erabiltzea. Euskaltelek eta beste batzuek doako emaila eskaintzen dute. Bizkaiko Foru Aldundiak ere horrelako zerbitzu bat eskaintzen du, bizkaia.eu. Soluzio azkarra izan daiteke, baina arazo batzuk baditu:
    • Inoiz internet hornitzailea aldatuz gero, zure posta galtzea
    • Pribatutasun kontuak oso argi ez geratzea. Administrazioak oso erraza du hornitzaile hauek erabiltzaileen datuak erakustera behartzea
  • Zerbitzu seguruak erabiltzea. Badira Gmailen antzeko beste zerbitzu batzuk, teorian gutxienez erabiltzaileen pribatutasuna dutenak helburu nagusi gisa:
    • Lavabit zerbitzuak oso itxura ona zeukan, baina Estatu Batuetako gobernuak ixtera behartu du jabea, “Amerikako herriaren kontrako krimenetan konplize izatearen” akusazioa jasotzeko mehatxatuz, haiekin ez kolaboratzeagatik.
    • Fastmail. Ordainpeko zerbitzua da (5$ urtean). Baina gogoratu Gmail ere ez dela doakoa!
    • Zohomail. Oso itxura ona du, eta Gmailen antzeko zerbitzu gehigarriak ere eskaintzen ditu (Docs…). Dohainik da helbide gutxi behar badituzu… baina zeure domeinu propioa izatea eskatzen dizu. Enpresa eta elkarteentzat egokia.

Eta? Zer diozue? Gmail erabiltzen jarraituko duzue? Alternatibaren bat probatuko duzue?

 

2 iruzkin

  • Bitacoras.com
    2013(e)ko abuztuak 15 at 15:44

    Información Bitacoras.com

    Valora en Bitacoras.com: Googlek Gmail posta elektroniko zerbitzua ireki zuenetik, errezelo handiak sortu ziren erabiltzaileon mezuon pribatutasunaren inguruan. Googlek argi esan zuen hasieratik: ‘doako’ zerbitzuaren truke, mezuak automatikoki es…

    Reply
  • Markel
    2013(e)ko abuztuak 16 at 12:54

    Azkenean gure datuen benetako kontrola edukitzea zihurtatzen duen modu bakarra guk geuk gure zerbitzari propioan instalatutako sistemak erabiltzea da.
    Hortik aurrera datu horien gain kontrola duten zerbitzu edo enpresen inguruan dugun konfidantza sartzen da jokoan.

    Reply
    • joxe
      2013(e)ko abuztuak 21 at 14:10

      Zuzeun utzi dituzten erantzunetan, beste pare bat alternatiba ere topa daitezke:

      • RiseUp, Seattleko anarkistek sortutakoa
      • Openmailbox.org erabiltzaileen informazioaren pribatutasuna babesten duen e-posta zerbitzua eskaintzen du. Software libreko aplikazioak erabiltzen ditu, euskaraz dago, biltegiratze-kuotarik ez du eta doakoa da

      Mila esker Markel, Iker eta Alexi ekarpenengatik!

      Reply
  • […] barruan dauden loturetan klik egin duen ala ez… Googlek berak aspaldi aitortu zuen ahalik eta informazio gehien ateratzen saiatzen dela, hala bidaltzaile nola jasotzaileei buruz. Bere ikuspegitik, planteamendua oso garbia da: “aizu, nik musutruk ematen dizut zerbitzua, […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.