Web aplikazioak zuretzat elkarlanean, IFTTT erabiliz

Duela urte batzuk ezinezkoa zirudien, baina denborarekin, gero eta aplikazio gehiago erabiltzen ditugu ordenagailutik kanpo. Posta elektronikoa, irudi editoreak, ofimatika aplikazioak, egutegia, ohar blokak, mezularitza eta bideokonferentziak, sare sozialak… horiek eta gehiago maneiatzen ditugu egunero, ordenagailuan web arakatzailea eta beste ezer gutxi instalatuta. Makinatxo bat zerbitzu erabiltzen dugu egunero-egunero, ia konturatu gabe.

OnlineRobotGaur aurkeztu nahi dizuedana web zerbitzu horietako beste bat da, baina berezi samarra. IFTTT du izena (ingelesezko “if this, then that” esalditik dator: hau gertatuz gero, [egizu] hori), eta bere funtzio nagusia da erabiltzen ditugun sareko beste zerbitzuak elkarlanean jarri eta programatzea. Nolabait esateko, robot txiki bat da, sareko zerbitzu horiek guretzat maneiatzen jar dezakeguna. Eta onena: erraz-erraz, gainera!

Errezetak oinarri

Captura de pantalla 2015-05-02 a las 14.02.03IFTTTren oinarria, ingelesez ‘recipe’ (errezeta) delakoa da. Errezeta bakoitzak bi osagai nagusi ditu: ‘trigger’ delakoa, hau da, errobota lanean jarriko duen baldintza, eta ‘action’, baldintza gertatzen denean errobotak burutu behar duen ekintza. Agindu oso sinpleak ematen zaizkio horrela errobotari: baldintza gertatuz gero, egizu ekintza.

Tresnaren potentzialitatea baldintza eta ekintza posible horien kopuruan datza. IFTTTk interneteko dozenaka zerbitzu konekta ditzake haien artean, batean zerbait gertatzen denean, horrek ondorioa izan dezan beste batean: Googleren zerbitzu gehienak (Gmail, Drive, Docs, Sheets, Calendar…), Twitter, Dropbox, Facebook, Instagram, Flickr, LinkedIn, Android eta iOS sistema eragileak, domotikako gailuak, RSS jarioak… aukera kopurua izugarria da.

Erabiltzen erraza

Eta onena, esan bezala, zerbitzuaren erabilera eta interfaz sinple-sinplea da. Erabili nahi izanez gero, lehen pausua erregistratzea izango da (Sign Up), formulario sinple baten bidez: erabiltzaile izena, emaila eta pasahitza besterik ez digu eskatuko.

Captura de pantalla 2015-05-02 a las 14.52.39Behin erabiltzailea sortuta, saio hasi eta menu sinple bat izango dugu eskura, aukera nagusiekin:

  • My Recipes. Neure errezetak ikusi, editatu edo sortzeko.
  • Browse. Beste batzuen errezetak arakatu eta, nahi izanez gero, inportatzeko.
  • Channels. Ikusteko zeintzuk diren eskura dauden zerbitzu et aplikazioak (181 une honetan).
  • Erabiltzailea. Kontuaren ezarpenak eta funtzio nagusiak azkar atzitzeko.

Zure errezeten atalean sartuz gero, berehala ikusiko duzu beste botoi urdin handi bat, “Create a Recipe”, errezeta bat sortzeko. Eta hortik aurrera, pantailako jarraibide ezin sinpleagoei jarraitzea da kontua: aukeratu baldintza, konfiguratu (behar izanez gero), eta gero gauza bera egin ondorioarekin. Pare bat minututan izango duzu zure errezeta prest. Bideo honetan jarri dut adibide bat:

Zalantzarik gabe, oso tresna interesgarria da hau, besteak beste, kazetaritzaren munduan gabiltzanontzat: gai bati buruzko informazioa automatikoki biltzeko, norberak sortutako edukiak batera gordetzeko, gai baten bat-bateko jarraipena egiteko botatako txioak batera gorde eta artikulu landu baterako gordetzeko…

HEKIMENek aurrekoan antolatutako prestakuntza saio batean, tresna honen berri ematea egokitu zitzaidan, hainbat hedabidetako lagunen aurrean. Interes handia piztu zuela esango nuke, eta tira, denbora izanez gero behintzat, hartuko dut tartetxo bat IFTTT astiroago aztertu eta errezeta adibide gehiago hona ekartzeko. Kanpoko ekarpenak ere gustura onartuko nituzke, e? 🙂

Internet automatizatzeko tresna sinple baina ahaltsua
  • Erabilgarritasuna - 90
  • Erabilerraztasuna - 75
  • Malgutasuna - 90
  • Prezioa - 100
88.8

Laburpena

IFTTT benetan tresna sinple eta ahaltsua da, erraz erabili eta lan asko aurreztu dezakeena. ‘Baina’-ren bat aipatzekotan, interfazea euskaratuta ez egotea (ingelesez baino ez dago), eta -beharbada- oso susmagarria egiten dela halako tresna bat %100 dohainik izatea. Zer irabazten du egileak honekin?

Erantzunak (2)

  1. Iker Salaberria Urkizu 2015(e)ko maiatzak 4
  2. joxe 2015(e)ko maiatzak 4
  3. Pingback: Arauak eta gauzak - etzi.pmetzi.pm 2016(e)ko martxoak 4

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.