Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez

Joder, oso kriptikoa geratu zait izenburua, ezta? Lasai, berehala ulertuko duzu! 🙂

Mastodon.eus, sare sozial libre eta euskalduna

Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez 1 - teknopata.eusAzken egunotan, seguruenik behin baino gehiagotan irakurri edo entzun duzu zeozer mastodon.eusi buruz. Sare sozial berri bat da, Twitterren antzekoa, baina izaera irekikoa, eta euskaraz.

Bueno, tira… zehatzak izateko, sare sozial ireki baten instantzia edo inplantazio berri bat da, munduan diren Mastodon sare sozialaren beste milaka instantziarekin konektatua.

Ea labur azaltzea lortzen dudan. Twitter, Facebook, Instagram eta halakoetan, sare sozialaren atzean dagoen softwarea zerbitzari bakar batean dago. Erabiltzaileen informazioa, erabiltzaileek igotzen dituzten datuak, argazkiak, egoerak, mezuak… denak enpresa pribatu baten makina bakar batean gordetzen dira, zentralizatuta daude.

Mastodonek, eredu horren aurrean, bi diferentzia nagusi ditu:

  1. Software libre eta irekia da. Sare soziala, bere osotasunean, ez da enpresa pribatu baten jabetzakoa. Eta beraz ez gaitu erabiltzaileok zelatatzen, gure datuak beste enpresa batzuei saltzeko.
  2. Sarea banatua da. Nik Mastodonen instantzia edo kopia bat instala dezaket (mastodon.teknopata.eus, demagun) eta konfiguratu (ala ez) mundu osoko Mastodon instantzia guztiekin konektatzeko. Hala, nire instantziaren erabiltzaileen datuak nire zerbitzarian soilik egongo dira, baina erabiltzaile horiek mundu osoko Mastodon erabiltzaileekin komunikatu ahalko dira.

Total, Euskal Herriko bateko eta besteko hainbat eragile ados jarri eta Mastodonen euskarazko instantzia publiko bat jarri dutela martxan: Mastodon.eus. Eta bueno, ba burrunbatxoa sortu da egunotan, eta jende asko sartu da/gara sare berri horretan kuxkuxeatzera. Esan bezala, Twitter moduko bat da, baina alde batetik, euskaraz dago, eta beste alde batetik, atzetik ez du multinazional erraldoi bat, geure datuak arrantzatu nahian, baizik eta irabazi asmorik gabeko erakunde eta eragile talde bat.

Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez 3 - teknopata.eus

Mastodon.eusen alde eta kontra

Egia esan, ni neu dilema batean jarri nau Mastodon.eus-en etorrerak. Aurretik azaldutako guztiak oso erakargarri egiten du Mastodonen planteamendua, noski: Zuckerberg eta enparauen domeinutik kanpoko sare sozial bat, irekia, euskaraz…

 …baina bestetik, kontu hauetan betiko kopla dago: alfer-alferrik da norbera Twitterretik (adibidez) Mastodonera pasatzea, baldin eta norbere jarraitzaile (eta jarraitu) guztiek -edo gehienek behintzat- ez badute aldaketa bera egiten. Eta, alde praktikotik begiratuta, azkenean rollo bat ere bada: sare pribatuen kontroletik askatu eta libreetan hasi nahian, konturatu orduko, bietan zaudelako katramilatuta. Aplikazio kopuru bikoitza, notifikazio kopuru bikoitza, nori non erantzun behar diozun oso ondo jakin gabe…

Hortxe duda praktikoa, nolabait esateko, baina bada beste bat, filosofikoa nahi baduzue. Mezua zabaltzen ari da, Mastodon.eus euskaldunentzako sare soziala dela. Eta bai: gauza batzuetarako ona, erosoa eta beharrezkoa ere bada halako sare ‘itxi’ bat izatea. Baina, jum, kontua zer da, euskaldunok hara bildu eta sare sozial komertzialetatik desagertzea? Ez nago oso ziur hori oso komenigarria ote den, egia esan.

Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez 5 - teknopata.eus
Zugaz.com 2010. urte inguruko saiakera bat izan zen, haur eta gazteentzako euskarazko sare sozial seguru bat sortzeko. (Argazkia: Goiena)

Eta, enfin, dudatzen hasita, ez da lehen aldia euskarazko sare sozial bat muntatzeko saiakera egiten dela. Eta aurrekarien emaitzak ez dira itxaropentsu egoteko modukoak, goian beude Zugaz eta ZuTaGu. Midikloriano kontzentrazioa Skywalker leinuan letxe, ‘Taberna betearen’ efektua oso indartsua da, ete nekez konbentzitu daiteke jendea 1.000 erabiltzaile eskaseko sare batean sartzeko, ondoan mila milioikoa egonda. Inoiz saiatu bazaitezte lagunak konbentzitzen Whatsappetik Telegramera pasatzeko, ondo jakingo duzue zertaz nabilen…

Hala ere, saltseatu beharko!

Baina tira, kontrakoa eman dezakeen arren, Mastodon.eusen aldekoa naiz, e? Oso eskertuta egon behar dugu honelako ekimenak martxan jartzeko adorea duen jendea dugulako gure artean. Probatu gabe ezin jakin bere bidea egingo duen ala ez!

Nik, momentuz, sortu dut nire kontua, eta hantxe nabil esperimentuak egiten:

  • Mastalab aplikazioa erabiltzen ari naiz Androiden (nahiko txukuna da, eta zure gailuko sistema euskaraz baldin badago, aplikazioa ere euskaraz ikusiko duzu), eta Whalebird macOSen. Asko errazten dute erabilera, web nabigatzailearen aldean.
Fedilab
Fedilab
Developer: tschneider
Price: Free
‎Whalebird 4
‎Whalebird 4
Developer: Akira Fukushima
Price: Free
  • Probak egiten nabil, IFTTT web-aplikazioarekin, ea lortzen ote dudan Twitterren botatako mezuak Mastodonen ere ikustea, edo alderantziz. Momentuz ‘arrakasta mugatua’ izan dudala esan nezake. Hemen kontatuko dizuet nola, zuek ere probatu nahi baduzue.

Nola konektatu Mastodon.eus eta Twitter IFTTT bidez

Ikusi dudanagatik, ez dago modu errazik Twitterreko txioak automatikoki Mastodon.euseko orro bilakatzeko. Baina badirudi alderantzizko bidea egin daitekeela. Hona beharko dituzuen osagaiak:

  • IFTTT kontu bat (dohainik sortu daiteke)
  • Mastodon.eus-eko kontu bat, noski, eta haren RSS jarioaren helbidea. Ikusi dudanagatik, helbide hori da:
https://mastodon.eus/@ERABILTZAILEIZENA.atom
  • Twitter kontu bat, noski

Orduan, egin beharrekoa (teorian) oso sinplea da: sortu Applet berri bat IFTTTn (bere garaian hemen azaldu nizuen gutxi gorabehera nola funtzionatzen duen web aplikazio horrek). Applet horrek honako osagai hauek izan behar ditu:

Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez 11 - teknopata.eus

IF THIS atalean, RSS jarioa (RSS Feed -> New Feed Item), eta han, zuen mastodon.eus erabiltzailearen RSS helbidea. Nire kasuan, adibidez: https://mastodon.eus/@joxe.atom

THEN THAT atalean, berriz, Twitter zerbitzuko ‘Post a tweet’ ekintza aukeratu (publikatu txio bat). Eta osagaietan, berriz, testu labur bat iragarriz mastodonetik ekarritako mezua dela, eta RSS itemaren edukia bera. Hau da, honelako zeozer:

Mastodon.eusetik Twitterrera, IFTTT bidez 13 - teknopata.eus

Listo! Printzipioz, horrekin prest egon beharko luke robotak, Mastodon.eus-en idazten duzun bakoitzean, zure ‘orroa’ (horrela deitzen zaie Mastodonen ‘txioei’) Twitterrera automatikoki eramateko.

Egon beharko luke diot, nire esperimentuetan konturatu bainaiz ez dabilela beti ondo. Dirudienez, Twitterrek mugatu egiten du bere sarearen bidez automatikoki bidal daitezkeen mezuen kopurua, segurtasunagatik, spama eta ‘flood’ erasoak sahiesteko, eta imaginatzen dut hori izango dela (ez)-funtzionamendu aleatorioarentzako arrazoia.

Enfin, nahi baduzue, egin zuek ere proba, eta kontatuko didazue, bale?

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.