Jostailu berria 1Tatxaaaan! Ederra e? Nire agendafono berria da. Applek iPhone 3G ditxosozkoa aurkeztu duen aste berean, ‘switcher’ egin naiz ni, plataformaz aldatu dut; baina ez Windowsetik Macera, Palmetik Windows (Mobilera) baino.

Appleren telefonoa, aparailua bera, oso erakargarria egiten zait, ez pentsa; baina Steve Jobsek haren inguruan garatu duen politika komertziala (telefonia operadore bakarra, software eskasia, zentzurik gabeko prestazio murrizketak…) hasiera-haseratik iruditu zait onartezina. Beraz, eta Androidek zer ematen duen jakin bitartean, ‘ilunabar aldea’ probatu beharko.

Pena apur batez, ez pentsa… Urteak dira nire lehenengo agenda elektronikoa erosi nuela, Palm III bat: kolore bakarreko LCD pantaila, 2 Mbko memoria, pila pare batekin hilabete aguantatzen zuen. Gero Zire71 bat izan nuen: koloretako pantaila, memoria handiagoa, prozesagailu azkarragoa, kamera, SD txartel irakurgailua…

Azken hiruzpalau urteotan, Palm LifeDrive bat erabili izan dut: 4 Gbko disko gogorra (bateria kontsumoa murrizteko eta abiadura handitzeko CF txartel batez ordeztu dudana), Bluetooth, Wi-Fi… makina puska bat. Arazo bakarra, sistema eragilea: Palm OS sistema pilekin funtzionatzen zuen Palm III horren garaikoa da funtsean: arazoak ditu memoria kudeatzeko, arazoak txarteletako artxiboak maneiatzeko… Pena benetan, gailua bera izugarria baita. Teklatu eramangarri baten laguntzaz ez dio batere inbidiarik EeePC eta enparauei.

Makinaz aldatzeko ideia lehengoan etorri zitzaidan, Euskaltelek permanentzia amaitzen zitzaidala gogorarazi zidanean: beste operadore baterako portabilidadea eskatu eta ea horrela ganorazko gailu bat eskaintzen zidaten. Milaka bider daukat entzunda Vodafonek eta Vomistarrek eta horrelakoek askotan egiten dutela hori.

Baina, ai, gure Euskaltelek ez du ganorarik, ez eskaintzen dituen telefonoetan ez eta bezeroak mantentzeko tekniketan ere. Azkenean neure kabuz bilatu behar izan dut terminala (Jainkoak bedeinka dezala Pierre Omidyar) eta, Jabiren inpresioak irakurri ostean, Simyoren SIM txartelaren zain nago.

HTC Cruise argazki ofiziala

Baina trasteaz beraz hitz egin nahi nizuen. Hona lehenengo inpresioak ordu gutxi batzuetan probatu ostean:

Alde onak

  • Dena batean du, benetan, orain arte LAU trasterekin egiten nuena, bakarrarekin egin dezaket:
    • hiru megapixeleko kamera, argi nahikoa egonez gero nahiko txukun funtzionatzen duena, argazkiak eta bideoa ere graba ditzakeena
    • telefonoa, 3G eta HSDPA sareetarako prest, bideodeiak eta abar…
    • Wi-Fia (b/g)
    • Bluetooth
    • PDA osoa
    • GPSa, TomTom eta guzti, lurralde bateko mapa dohainik jaisteko aukerarekin. A! Truko txiki bat eginez, argazkiak automatikoki geolokalizatu ahal ditu!
    • FM irratia, RDSduna (emisoren izenak-eta hartzen ditu)
  • LifeDrive, K610i eta HTC CruiseTamaina: segapoto normal bat baino handixegoa da, bai, baina ez handiegia. Pisu aldetik ere, arin-arina da.
  • Touch Flo interfazea: HTCk lan handia hartu du Windows Mobileren interfaze zaharkitua hobetzen, eta gauza ikusgarriak lortu ditu TouchFLO delako interfaze bereziarekin. Gailuaren funtziorik ohikoenak atzamar bakar batez erabil daitezke… baina hori bai, ohikoenetatik harantzago, berehala egingo duzu topo Windows Mobileren itxura arkaikoarekin… ea arkatza erabili beharrarekin… Hona Cruiseren TouchFLOren interfazearen adibide bat. (Ados, ados: ez da iPhonearena, baina oso txukuna da)

Alde txarrak

  • Ez du Mac OS Xekin sinkronizateko softwarerik. Zorionez, The Missing Sync dago eskuragarri, ordaindu beharrekoa bada ere.
  • Artxiboak gordetzeko dituen 128 Mb erridikuluak dira LifeDriveren lau giga horien aldean.
  • Touch interfazea (atzamarrekin manaieatzea) + karkasaren azal dirdiratsua = hatz eta izerdi markak leku guztietatik. Denbora guztia pasatzen da telefonoa igurtzi eta igurtzi, garbitzeko, Aladinoren lanpara bailitzan.
  • LifeDriveak badu ‘Drive mode’ izeneko modu bat: botoi bati sakatuta, edozein USB pendrive bezalaxe funtzionatzen du, inolako driverrik gabe, eta erraz gehitu eta kendu ahal zaizkio artxiboak. Cruise honek ez du horrelakorik. Driverrik ezean, ezin da erabili.
  • Larriena akaso: bideoa ez du ahal bezain ondo maneiatzen, HTCri ‘ahaztu’ egin zaiolako behar bezalako driverrak jartzea. Proba bat egin berri dut eta, egia esan, LifeDriven problemarik gabe ikusten den 300 megako divx bat, salto-saltoka ikusten da Cruisen. Hori arintzeko partxeren bat ba omen dago hor zehar. Ea aurkitzen dudan!

Enpin horixe da dena momentuz. Ekarpenak, iradokizunak, eta batez ere, beste Palm>WinMo switcherren aholkuak eskertuko nituzke, ein?

6 Comments

  1. Imamon 2008(e)ko ekainak 12
  2. joxe 2008(e)ko ekainak 12
  3. txerra 2008(e)ko ekainak 13
  4. joxe 2008(e)ko ekainak 13
  5. Superandoni 2008(e)ko ekainak 14
  6. joxe 2008(e)ko ekainak 17

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.