NabarmenakProbak

OnePlus One: Megapoto merkea (-edo)

Hilabete daramat OnePlus One telefonoa erabiliz, eta egia esan traste dotorea da.
OnePlus One: Megapoto merkea (-edo) 7 - teknopata.eus

oneplusHilabete inguru daramat OnePlus One telefono Androidunarekin. 2014ko ‘sentsazioetako’ bat izan da gailu hau eta, probatu ondoren, ez nau batere harritzen.

Irrika sortzen maisuak

Hiru elementuk bihurtu dute OnePlus One hau hain ezagun -eta hain desiatu!-. Egia esan, telefonoa sortu duen Txinako enpresak oso ondo jokatu ditu bere kartak, eta badirudi jokaldia ondo samar atera zaiela:

  • Flagship killer. Telefonoa bera izugarria da alde teknikotik: Samsung, LG, Motorola, Sony edo beste edozeinen puntako modeloen ezaugarri tekniko berberak (edo hobeak!) ditu, baina prezioaren heren batean. Hori nola den posible? Teorian, publizitate eta bitartekaritza gastuak ahalik eta gehien murriztuta. (Praktikan, ikusi nahiko nituzke langileen lan baldintzak eta abarrak…).
  • CyanogenMod. Software aldetik, OnePlus etxeak hitzarmena egin zuen CyanogenMod ROMaren egileekin, haien gailurako propio egokitutako bertsio bat egin zezaten. CyanogenMod Android banaketa alternatibo bat da, hainbat gailutan instala daitekeena, eta azken urteotan sekulako izena hartu duena haren kalitatea dela eta. (Nik neuk instalatuta eraman dut Samsung Galaxy S eta SIII telefonoetan, eta bietan fabrikako sistema eragilearekin baino askoz hobeto zebiltzan bi gailuak: azkarrago, bateria hobeto aprobetxatuz…). OnePlusen kasuan, CyanogenModeko programatzaileek eta hardware egileek batera lan egin dute, integrazioa erabatekoa izateko. Eta emaitza oso-oso ona da.
  • Gonbidapenak. Marketin aldetik puntu sendo eta ahulena erosketa sistema da. Honelako telefono bat erosi nahi izanez gero, egileari zuzenean erosi behar zaio. Baina erosi ahal izateko, ‘gonbidapena’ jaso behar da aldez aurretik edo (nire kasuan bezala), aprobetxatu data berezietan (Black Friday delakoan, gabon garaian…) irekitzen dituzten salmenta libreko ‘leihoak’. Gonbidapen horiek OnePlusek berak banatzen ditu, unitate berriak fabrikatu ahala, aurretik telefonoa erosi dugunon artean. Marketin ikuspuntutik oso tresna ona da, halako ‘esklusibitate’ sentsazioa ematen duelako, baina frustrantea ere izan daiteke, telefonoa gustura erosiko lukeen jende askok ezin duelako egin. Edonola ere, modu egokia dirudi honelako gailu batek izan lezakeen demaseko eskariari erantzun ezinik geratzea ekiditeko.
Esku handietarako telefonoa :-)
Esku handietarako telefonoa :-)

Eta orduan, zer moduzkoa da?

Telefonoa oso-oso makina txukuna da, marka ezagunen puntako modeloekin %100 konparagarria. Marka horiek dituzten prezioen aldean ere, OnePlus hau oso merkea da, nahiz eta dirutxo bat ere kostatzen den. Bi bertsio daude: zuria, 16 Gb-eko memoria duena, 269 euroko prezioa duena; eta beltza, 64 Gb eta 299 eurokoa. Ideia egiteko, hona ezaugarri tekniko eta prezioen konparazio taula bat.

Oneplus
One
Samsung
Galaxy S5
Sony
Xperia Z3
LG
G3
Google
Nexus 6
Tamaina (mm) 152,9 x 75,9 x 8,9 142 x 72,5 x 8,1 146,5 x 72,4 x 7,3 146,3 x 74,6 x 8,9 159,26 x 82,98 x 10,06
Pisua (gr) 162 145 152 149 184
Pantaila 5,5″ LPTS. Full HD 5,1″ Super AMOLED. Full HD 5,2″ IPS Triluminos. Full HD 5,5″ IPS. Full HD 5,96″ AMOLED. Full HD
Dentsitatea (ppp) 401 431 423 534 493
PUZ Snapdragon 801 Quad-Core. 2,5 Ghz Snapdragon 801 Quad-Core. 2,5 Ghz Snapdragon 801 Quad-Core. 2,3 Ghz Snapdragon 801 Quad-Core. 2,5 Ghz Snapdragon 805 Quad-Core. 2,7 Ghz
RAM (Gb) 3 2 3 2/3 3
Sistema Android 4.4 Android 4.4 Android 4.4 Android 4.4 Android 5.0
Konektibitatea GSM/HSDPA/LTE, WiFi 802.11 a/b/g/n, Bluetooth 4.0, NFC, USB 2.0 LTE Cat 4 / HSPA+, WiFi 802.11 a/b/g/n, Bluetoth 4.0 LE, NFC, USB 3.0, IrDA GSM/HSDPA/LTE, WiFi 802.11 a/b/g/n, Bluetooth 4.0, NFC, USB 2.0 GSM/HSDPA/LTE, WLAN 802.11 a/b/g/n, Bluetooth 4.0, NFC, USB 2.0 GSM/HSDPA/LTE, WiFi 802.11 a/b/g/n, Bluetooth 4.1, NFC, USB 2.0
Biltegia (Gb) 16/64 16/32 16/32 16/32 32/64
SD zirrikitua Ez 128 Gb arte 128 Gb arte 128 Gb arte Ez
Kamara 13 megapixel 16 megapixel 20,7 megapixel 13 megapixel 13 megapixel
Bateria (mAh) 3.100 2.800 3.100 3.000 3.220
Prezioa 269 430 499 350,99 649

Erabiltzaile esperientzia: aldekoak eta kontrakoak

Hilabetez eguneroko telefono nagusi gisa erabili ostean, esan behar dut erabiltzaile esperientzia oso positiboa dela, nahiz eta, beti bezala, gailuak baduen nondik hobetu. KOntu sakonetan sartu gabe, hona azpimarratzeko moduko hainbat alderdi:

Bateriaren iraupena, benetan harrigarria
Bateriaren iraupena, benetan harrigarria

Alde:

  • Funtzionamendu orokorra. Telefonoak oso azkar mugitzen du sistema, ‘lag’ edo jauzirik gabe, eta egonkortasun handiz. Hilabete daramat telefonoarekin, eta behin ere ez dut ikusi ustekabeko itxierarik edo horrelakorik. Sareko eragiketak ere azkarrago egiten ditu, WiFi zein 3G bidez, nire aurreko telefonoak baino.
  • Bateria. Seguruenik puntu indartsuenetakoa. Harrigarria da bateriaren iraupena. Harrigarria. Bi egun pasatxo ere egin dezake kargatzeko eskatu arte. Egun osora nekez iristen zen Galaxy SIII zaharraren aldean punturik nabarmenetakoa zalantzarik gabe.
  • Bolumena. Musika zein alerta/txirrinaren bolumena ere oso altua da. Nekez gertatuko zait orain telefonoa poltsikoan eraman eta jotzen ari dela ez konturatzea!
  • Diseinua. Dotorea eta sinplea, beltza nagusi, ukitu dotorea ematen dion metal itxurako marratxo batekin. Atzeko partetik duen ‘harri’ testura oso-oso atsegina da eta horrek ere berezia egiten du gailua, betiko plastiko hutsaren aldean. Botoi fisikoen kokapena, batez ere etengailua eta bolumen kontrolarena, oso ondo pentsatua dago eskuan erabilgarria izateko. SIM txartelerako zirrikitua apenas ez da ikusten. Non dagoen jakinda ere, kostako zaizu topatzea. Cyangogen-en itxurei esker, sistemaren beraren itxura ere nahi erara egokitu daiteke, eta telefonoaren funtzionamendua pertsonalizatzeko aukerak ere zabalak dira: LED argitxoa erabili ala ez, botoi fisikoak gaitu ala ez…
Telefonoaren atzeko partearen testura berezia, puntu nabarmenetako bat
Telefonoaren atzeko partearen testura berezia, puntu nabarmenetako bat

Kontra:

Egia esan, topatu dizkiodan kontrakoak oso txikiak dira aldeko faktoreen aldean, baina tira, behin esaten hasita, esan dezagun guztia, ezta?

  • Tamainak axola du. Telefono hau handiegia da nire gusturako. Alde onak baditu: pantailan bideoak edo web orriak ikusteko orduan lagungarri suertatzen da, baina aldean eramateko orduan neuri behintzat traba egiten dit: poltsikoan eramateko ezerosoa da, batez ere eserita baldin bazaude (gidatzen, adibidez), mahaian jarriz gero ere traban egoten da sarritan… eta inpresioa ematen du (niri bai behintzat) pantaila hain handia izanda, errazago apurtu edo urratu daitekeela. Kristalezko babeslea jarri arren, beldur puntu batekin erabiltzen dut nik behintzat, eskutik jausi edo poltsikoan giltzekin arrailduko ez ote den…
  • CyanogenMod 12S sistemak euskarazko interfazea dakar. (Irudia: bapalomo@htcmania)
    CyanogenMod 12S sistemak euskarazko interfazea dakar. (Irudia: bapalomo@htcmania)

    Euskarazko interfazerik ez… momentuz. Telefonoak fabrikatik dakarren CyanogenMod 11S (Android 4.4.4) sistemak ez dakar interfazea euskaraz jartzeko aukerarik… Baina hori aste gutxi barru konponduko ei da, otsailean kaleratu behar den 12S (Android 5.0.2) bertsioak gure hizkuntza ere izango baitu aukeretan. Hala espero daiteke, behintzat, orain arte kaleratu dituzten beta bertsioak ikusita.

  • Erosketa esperientzia. Erosketa esperientzia ‘hobegarria’ dela esan daiteke beldurrik gabe. Behin enkargua eginda, suposatzen da prozesuaren jarraipena egin daitekeela OnePlus-en orritik, baina datubasea ez dute oso maiz eguneratzen eta, adibidez, niri gertatu zitzaidan telefonoa etxean zegoela jadanik, nire bezero orrian bidalketa egina zegoela adierazi orduko. Foroetan ikusi dudanez, saldu osteko arreta ere kaskar samarra da, baina nik momentuz ez dut horren beharrik izan. Arazoak ekiditeko, gomendatzen dute erosketa Paypal bidez erostea. Hartara, bidalketa atzeratu, galdu, edo telefonoa baldintza txarretan iritsiz gero, erreklamazioa Paypali berari jar dakioke, eta askoz azkarrago erantzuten omen dute.

Laburbilduz

Oso-oso terminal egokia puntako ezaugarriak nahi badituzu dirutza gastatu gabe. Bereziki gomendagarria ROM ezberdinak probatu eta telefonoarekin esperimentuak egiteko zaletasuna dutenentzat. Cyanogen komunitate handia dago atzetik eta horri esker oso azkar konpontzen dira bidean sor daitezkeen arazoak.

Gama altua, prezio bajuan
  • Funtzionamendu orokorra (abiadura, egonkortasuna...) - 90
  • Bateriaren iraupena - 90
  • Kamera - 85
  • Euskarazko interfazea - 40
  • Gailuaren tamaina - 75
  • Erosketa esperientzia - 60
  • Prezioa - 90
76

Laburpena

Telefono puska honekin marka ezagunagoen puntako modeloekin egin daitekeen guztia egin ahal izango duzu, prezioaren erdian edo heren batean ere. Komunitate zabalak bultzatutako sistema eragilea darama (CyanogenMod), eta hardware aldetik ere oso espezifikazio onak. Gailuaren beraren diseinua dotorea eta sinplea da, oso polita. 64 Gbko modeloaren atzeko taparen testurak harritu egingo zaitu.

Hori bai: telefono txikia nahi baduzu, hau ez da zuretzat. Beharbada bere tamaina izango da punturik ahulena (nire gusturako!)

Sending
User Review
0 (0 votes)
Comments Rating 0 (0 reviews)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sending

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.