Trepetak

Google Android bidean: all your data are belong to us

Google Android bidean: all your data are belong to us 1 - teknopata.eus
T-Mobile G1, Googleren Android sistema eragilea daraman lehenengo telefonoa, irailaren 23an aurkeztu da New Yorken.

Googlek sistema eragilea erosi zuenetik urtebete igaro berri dela, gaur bertan aurkeztu da jendaurrean Android sistema eragile ‘librea’ darabilen lehen segapotoa, T•Mobile G1 delakoa. Azken urteotan hain ezaguna egin den HTC enpresa Taiwandarrak egin du gailua bera. Nonbait irakurri dudanez, trasteak nekez irabaziko du ezelango edertasun lehiaketarik, baina tira, interesgarriena tripetan dago, sakelako berriak eskaintzen dituen funtzioetan alegia.

Larregi ez luzatzeko, zerrenda batera ekarri ditugu hor zehar ikusi ditugun ezaugarririk nagusienak:

  • HSDPA 1700 / 2100 + EDGE
  • WiFi
  • 3D grafiko azelerazioa
  • 480 x 320 HVGA pantaila
  • GPS
  • 3 megapixeleko kamera
  • 1GB-ko memoria integratua eta microSD zirrikitua
  • Android Market, aplikazioak online erosteko denda
  • Amazon MP3 aplikazioa musika online erosteko
  • Gmail posta bezeroa, HTML eta Push teknologiekin
  • Google kontua derrigorrez eduki behar
  • Bluetooth (esku libreak soilik)
  • Google Maps eta Street View
  • Agenda eta kontaktuak ordenagailuarekin sinkronizatzeko aplikaziorik ez. Sinkronizazioa online soilik egin daiteke, Googleren zerbitzuen bidez
  • Salgai: urriaren 22tik aurrera AEBetan, T-Mobile operadorearekin soilik (jakina!). Azaroan Inglaterran, eta 2009ko lehenengo hiruhilekoan Europako beste zenbait herritan
  • Prezioa: 179$ bi urteko kontratuarekin, 399$ kontraturik gabe

Google Android bidean: all your data are belong to us 2 - teknopata.eusEgia esan, gailu berriak ez luke itxura txarrik izango… …Googlerekiko erabateko menpekotasunagatik ez balitz. Merke salduko digute trastea, bai, eta sistema eragilea librea izango da, bai… baina besterik da zer gertatzen den sistema eragileka kudeatzen duen informazio guztiarekin. Telefonoari atarramentua ateratzeko, norberaren datu pertsonalak ez ezik, kontaktu eta zeregin guztiak ere jarri behar dira Googleren esku. Duela gutxira arte pentsaezina dena lortu dute G1 berri honekin: Applek iPhonearekin darabilen plataforma-politika ‘ez hain itxia’ iruditzea.

Piszinara salto egin aurretik, badaezpada, itxaron beharko dugu apur bat, informazio zehatzagoa izan arte, baina niri neuri gero eta itogarriagoa egiten zait Googleren ‘besarkada’…

7 iruzkin

  • e-gor
    2008(e)ko irailak 24 at 08:28

    Ba ez nago ados zurekin… Telefono horrek Google-eko aplikazioak dakartza aurrez instalatuta, bai, baina ez dituzu zertan erabili eta, sistema librea denez, beste batzuk instala ditzakezu. Itxitasunean, ezin da konparatu ere egin Apple-ekin…

    Eta Google-eko aplikazioak erabiltzeari buruz… Nik bertan ditut posta, egutegia, kontaktuak, feed agregatzailea, dokumentuak eta beste gauza asko. Han ditut oso aplikazio onak iruditzen zaizkidalako, eta ez, sistema eragilearekin maiz gertatzen den bezala, aldatzea oso zaila delako, nahi dudanean joan naiteke beste batengana. Eta ez dakit jendeak zergatik dion beldurra bere datuak bertan izateari, inoiz ez baitigute eman beraien jarrera egokia zalantzan jartzeko arrazoirik. Antzeko iritzia dauka Enrique Dans-ek, irakurri http://www.enriquedans.com/2008/09/%C2%BFquien-le-tiene-miedo-a-google-en-radio-france-internationale.html helbidean.

    Askoz beldur handiagoa emango lidake niri Hotmail kontua izateak eta nire datuak Microsoft-ek edukitzeak, edo iPhone bat izateak eta nire informazioa Telefónicak edukitzeak…

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko irailak 24 at 15:28

    Aupa!

    Egia da iPhone eta gPhone hauen itxitasunak ezin direla konparatu, Igor, baina hala ere biek dute itxitasun puntua, diferenteak izan arren. Ez zait logikoa iruditzen, esate baterako, telefonoko agendaren segurtasun kopia egin nahi izanez gero, norberaren kontaktu zerrenda guztia interneten gora eta behera ibili eta hirugarren enpresa baten esku uztea beste modurik ez egotea.

    Neuri ere oso aplikazio onak iruditzen zaizkit Googlerenak, eta euretako asko sarritan erabiltzen ditut; baina, zure galderari erantzunez, orain arte —guk dakigula, beti ere— zintzo jokatu arren, gauza da Googleren informazioa biltzeko eta hazteko gogoak, zilegi izan zein ez, eragotzi egiten duela bestelako alternatibak sortzea edota haztea.

    Eta kezkagarriena iruditzen zaidana itxitasunaren aldeko apustua da. Apple hasi zen iPhonearekin, orain hau, eta, diotene, Microsoftek berak ere atzeratu egin du 2009ko hasierarako aurreikusita zeukan Windows Mobile 7… baietz aurreko bien moduko online sinkronizazioa (glups!), online dendak… eta gizaki hilkorrei oraindik bururatu ere ezin zaigun beste kateren bat txertatu…

    Enpin, dena den, egia da honelakoetan kontuak muturrera eramateko joera dudala… bestela oso aspergarria da eta!

    Reply
  • Yussef
    2008(e)ko irailak 24 at 19:02

    Itxita edo irekia arrunt ITSUSIA da katxarro hori… Ez da ondo hasi “iPhone killer” hau. Eta ez da estetika kontu hutsa, estetika delako ditxosozko iPhone horren punturik indartsuena zentzu guztietan.

    Reply
  • e-gor
    2008(e)ko irailak 24 at 20:18

    > Ez zait logikoa iruditzen, esate baterako, telefonoko agendaren segurtasun kopia egin nahi izanez gero, norberaren kontaktu zerrenda guztia interneten gora eta behera ibili eta hirugarren enpresa baten esku uztea beste modurik ez egotea.

    Beste modurik ez dago defektuz, baina sistema librea izanik, beste edozein aplikazio instalatu dakioke kontaktu zerrenda kudeatzeko, eta ziur segituan aterako direla horretarako alternatibak.

    > Gauza da Googleren informazioa biltzeko eta hazteko gogoak, zilegi izan zein ez, eragotzi egiten duela bestelako alternatibak sortzea edota haztea.

    Honekin ere ez nago ados, ez dut uste Google ezeren monopolio egoeran dagoenik oraingoz. Google-en tresna asko oso baloratuak eta erabiliak dira gu bezalako teknofiloen artean, baina minoria gara, eta oraingoz Google-en tresna horiek minoritarioak dira (askoz gehiago erabiltzen dira Hotmail, Messenger, Flickr, Bloglines, Yahoo!Groups… Gmail, Google Talk, Picasa, Reader, Google Groups… baino). Izan ere, kasu horietan Google da beste horien kuasi-monopolioari aurre egiten ari dena…

    Eta nahiz eta egia izan Google-en beste produktu batzuk (bilatzailea, Google Docs, Google Maps, Youtube…) bere arloko erabilienak direla, oraingoz ez daude monopolio egoeran, eta alternatiba asko daude. Noizbait benetan monopolio bihurtzen badira eta gainera horretaz aprobetxatzen badira oker jokatzeko, orduan arrazoia emango dizut, baina egin dezakeenagatik kritikatzea, oraingoz ezer egin ez duenean… Philip K. Dick-en “Minority report” eleberriko “precrime”-engatik kondenatzea bezala da, edo Orwell-en “1984” eleberriko “thought crime”-engatik…

    Iruditzen zait askoz kritikagarriagoak direla Microsoft eta Apple beren jarrera monopolistengatik, eta kasu hauetan ez potentzialengatik, errealengatik baizik.

    > Eta kezkagarriena iruditzen zaidana itxitasunaren aldeko apustua da. Apple hasi zen iPhonearekin, orain hau, eta, diotenez, Microsoftek berak ere atzeratu egin du 2009ko hasierarako aurreikusita zeukan Windows Mobile 7…

    Bai, kasu hau berdina iruditzen ez zaidan arren, itxitasunaren alde azkenaldian ikusten ari garen jarrera askok ni ere kezkatzen naute…

    Reply
  • joxe
    2008(e)ko irailak 24 at 21:40

    Igor, neuk ere argi daukat telefonoari berari dagokionez, Applek askoz ere lotuago mantentzen duela erabiltzailea: berak erabakitzen du zer telefono enpresarekin erabil daitekeen, eta haren barruan zer instala daitekeen eta zer ez (“erabiltzailearen onerako” eta “kalitatea ziurtatzeko”, noski).

    Baina zer nahi duzu esatea, niri informazio pertsonalaren kontu hori OSO larria iruditzen zait. Googleren aurkako kritikak egin dezakeenean oinarritzea, oinarri berarekin egindako laudoriak ere ez dira askoz hobeak izango. Niri errezelo handiak sortu dizkit kontu horrek, baina badakit software librea garatzeko aukera ere hor dagoela. Horregatik esaten nuen itxaron beharko dela informazio zehatzagoa izan arte.

    Gainontzekoan, tira, Google ez da izango apokalipsiko zalduna agian, baina ezta inongo aingerutxoa ere. Bilatzaileen alorrean bide ertzera baztertu ditu bere garaian oso handiak ziren batzuk (zertara dedikatzen dira gaur egun Lycos, Altavista edo Excite?), eta edukien alorrean lehian ari zitzaizkion onenak erosi egin ditu (Writely, Youtube…). Online publizitate alorreko enpresak ere, denak jan ditu… Neurri batean, Microsoften txikitako portaeraren nahiko antzera dabil zenbait kontutan: “Ezin baduzu harekin lehiatu, eros ezazu”. (Egia da Microsoftek korolario ederra zeukala lege horrentzako: “Ezin baduzu erosi, suntsitu ezazu”).

    Enpin, uste dut ez dugula elkar konbentzituko, baina beno, ezta beharrik ere, ezta? ;)

    Amaitzeko, Xinha Here-rekin jolasten ea enredando egon naiz, eta beheko taulatxo hau atera zait, On egin!

     iPhone  G1  WM
    Sistema eragile librea
    Ez Bai Ez
    Aplikazio libreak
    Ez Bai Batzuk
    Operadorea aukeratzea libre
    Ez(*) Ez Bai
    Operadoreaz gain, beste zerbitzu batean alta eman beharra
    Bai Bai Ez
    Datu pertsonalen sinkronizazio lokala
    Bai Ez Bai

     (*) Legez agindutako estatuetan izan ezik: Alemania, Italia…

    Reply
  • Ander
    Ander
    2008(e)ko irailak 25 at 08:27

    Beste ikuspuntu bat aipatzeke duzuena, zeharka Joxek azken taulan jarri duen arren.

    telefono salmenten koxka operadoreekin dago. Hauen bitartez terminal “finantzatu” daitezkeelako.

    Adibidez: ni X operadorea prest nago terminalaren zati handiena ordaintzera, baldin eta erabiltzailea nigana lotua badago eta ARE GEHIAGO, terminalak, bezeroak koste handiko (3G) zerbitzuak erabiltzera bultzatzen baditu.

    Hor dago telefono saltzaile eta operadoreen arteko harremanaren koska, Zerbitzuak eta erabilerak noren poltsikoa berotzen duen.

    Reply
  • e-gor
    2008(e)ko irailak 29 at 13:14

    Artikulu interesgarri bat agertu da gaur iPhone-Android lehiari buruz: http://www.error500.net/articulo/desarrollar-para-iphone-o-para-android

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.