Trikimailuak

“Staingate” orbanak zure MacBook Pro eramangarrian? Etxe ondoko Eroskian duzu konponbidea!

2013-2017 bitarteko MacBook Pro bat baldin baduzu, Appleren diseinu errore baten biktima zara. Baina konponbidea erraza da eta etxean egin dezakezu.
Eroski markako sukaldea garbitzeko zapitxoak, MacBook Pro baten gainean

2013-2017 bitarteko Appleren eramangarri bat baldin badaukazu, batez ere MacBook Pro gamakoa, eta bere garaian Applek arazoa onartu ondoren abiatutako doako konponketa programan izena eman ez bazenuen, honezkero ‘Staingate’ izena jarri dioten akatsaren biktima izango zara. Seguruenik, beste marka batzuetako sasoi bereko eramangarrietan ere antzekoa gertatuko da, baina Appleren kasuan oso arazo ezaguna da.

Laburbilduz: garai horretako portatiletan, Applek pantailaren islak murrizteko geruza kimiko bat aplikatu zien. Geruza hura, nonbait, ez zegoen behar bezala formulatuta, eta oso azkar degradatzen hasten zen, pantailan isla gehiagoko eta gutxiagoko orbanak (ingelesez: stains) eraginez. Orban horiek oso azkar hedatzen dira behin prozesua hasten denean, eta modu erabat irregularrean banatzen dira pantailan zehar, irudien kalitatea kaltetuz. Hemen adibide batzuk:

Arazoa horrenbesterainokoa izan zen, Applek azkenean bere akatsa onartu eta denbora batez kaltetutako ordenagailuen pantailak dohainik aldatzeko programa bat abiatu zuen. Programa hori aspaldi amaitu zen, eta beraz oraintxe konturatu bazara Applek egindako akatsarekin, edo arazoa oraintsu agertu bazaizu, berak ez dizu batere soluziorik eskainiko.

Konponbidea, etxean erraz-erraz

Niri neuri ere agertu zait arazoa duela hilabete batzuetatik hona. Hasieran garrantzirik gabeko orban txikiak ziren, gero pantailaren zati batzuetan teklatuko forma guztiak ikus zitezkeen… eta azken boladan oso amorragarria zen eramangarri horretan ezer egiten saiatzea, era, tamaina eta forma guztietako orbanez beteta baitzegoen.

Teknopataren Txokoko Ikerketa eta Garapen zerbitzua martxan jarri dugu, eta albiste ona da arazo honek konponbide oso-oso-oso erraza daukala. Esan bezala, arazoa da pantailako kristalaren gainean aplikatutako geruza kimiko bat degradatu eta zatika galtzen joan dela. Arazoa konpontzeko egin beharrekoa geruza kimiko osoa garbitzea da.

Horretarako, pantaila garbitu behar dugu kimikoa arrastatzeko bezain urratzailea bai, baina kristalean arrailak uzteko bezain urratzailea ez den zerbaitekin. Urratze hori kimikoa edo mekanikoa izan daiteke, baina bigarren hori arriskutsuagoa da. Hainbat formula topatu ditugu amaraunaren luze-zabalean. Bueno, ez, formula berbera da beti: pantaila astiro, suabe-suabe, zirkuluak eginez eta tentuz garbitzea. Ahal dela, hobeto goma edo latexezko eskularruak jantzita, kristalak daraman geruza horrek hondar toxikoak utzi baititzake.

Garbiketa egiteko, hainbat gai erabil daitezke aukeran:

Macbook ordenagailu bat, ondoan Listerina poto bat eta kotoi puska bat dituela.Ahoa garbitzeko kolutorioak pantailako orban kimikoak kentzeko ere balio omen dezake.
Listerine kolutorioak balio du pantailako orbanak kentzeko, baina pazientzia eta denbora beharko dituzu. Irudia: Reddit
  • Bikarbonatoa. Urratze mekanikoa egiteko. Nik ez nizuke gomendatuko: indarra egin beharko duzu pantailaren gainean, eta horrela kalte gehiago egin ahal dizkiozu. Arrailak egitera ere iritsi zintezke.
  • Ondorengo beste hauekin, prozesua berdina da guztietan. Aldatzen da denbora eta aplikatu beharreko indarra. Mikrofibrazko zapi BERRI bat hartu, aukeratutako likidoarekin ondo busti, eta hasi zirkuluak egiten, islen aurkako geruza erabat desagertzen hasten dela ikusten duzun arte. (KONTUZ: likidoa zapian aplikatu BETI, eta ez zuzenean pantailan, bestela irristatu eta ordenagailuaren barruko zirkuituetara iritsi liteke eta!).
    • Ozpina. Urratze kimiko leun-leuna eta geldo-geldoa egiteko. Honek oso astiro egingo du erreakzio kimikoa, eta beraz denbora eta pazientzia beharko duzu amaitu arte.
    • Listerine kolutorioa. Bai, badirudi ahoko higienerako produktu horrek baduela pantailako geruza kimikoa jaten duen osagarriren bat. Kasu honetan ere, prozesua oso geldoa da eta pazientzia beharko duzu. Youtubeko hainbat bideotan ordubetetik gora tardatzen dute pantaila osoa garbitzen.
    • Hortzak garbitzeko orea. Hortzetako oreak urraketa kimikoa eta mekanikoa egingo du batera geruza kimikoaren gainean, baina emaitzak asko aldatuko dira marka batetik bestera, eta arrisku handia dago pantailako kristala bera ere urratzeko.
  • Behin garbiketa bukatuta, hartu mikrofibrazko beste zapi bat, ur apur batekin busti, eta berriz pasa pantaila osoa, aukeratu duzun garbikariaren arrasto likatsuak garbitzeko. Alkohol isopropilikoa ere erabil daiteke, pantaila eta ordenagailu osoa garbi-garbi uzteko. Hori bai, berriz: kontuz ibili gailu elektronikoak garbitzeko likidoak erabiltzerakoan. Likidoa zapian bota beti, eta sekula ez gailuaren gainean zuzenean.

Teknopataren gomendioa: Eroskiren paper-zapi garbigarriak

Goikoak baino irtenbide are azkar eta errazagoa nahi baduzu, hona nik nola egin dudan. Interneten topatutako gomendioetako batzuetan, komuneko paper-zapi hezeak eta Estatu Batuetako marka jakin batzuetako garbiketa egitekoak ere gomendatzen dituzte. Bada, nik aproba egin dut Eroski markako sukalderako paper-zapi garbigarriak izenekoekin, eta pri-me-ran funtzionatu dute. Azkar, kristala urratu gabe, likidoak gailuaren gainean manipulatzeko beldurrik gabe… eta merke-merke! (50eko paketea 1,36 euroan zegoen atzo bertan). Zalantzatan baldin bazabiltza, horixe da nire metodo gomendatua:

  • Jantzi eskularruak, badaezpada ere
  • Zapitxo heze horietako batekin, hasi zirkuluak egiten, islen aurkako geruza desagertzen ikusten duzun arte. Segi zirkuluak egiten pantaila osoa garbitu arte, gehiago kostatuko zaizu pantailaren ertzetan, baina oso azkar egingo duzu. Nik bi zapitxo eta 12 minutu besterik ez dut behar izan pantaila berri bezala uzteko.
  • Garbiketa bukatutakoan, mikfrofibrazko zapi bat uretan busti eta ondo igurtzi pantaila osoa hondarrak kentzeko. Alkohol isopropilikoa baldin baduzu, hori ere oso ondo etorriko da garbiketa orokorra egiteko.
  • Igual ez da ideia txarra pantaila babesteko (eta islak murrizteko) xafla horietako bat erostea, mugikorretan jartzen direnen antzekoak. Erosoagoa zure begientzat, eta pantaila babesteko ondo etorriko da!

Ez horregatik! :-)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.