Bada erakunde bitxi bat Estatu Batuetan, Property of the People izenekoa, dedikatzen dena administrazio publikoak duen informazio publikoaz galdetu eta informazio hori gizarteratzera. Hauxe da beren leloa:

Gobernuaren erregistroak herriaren jabetzakoak dira. Bada garaia horiek erreklamatzeko.

Benetan ekimen interesgarria iruditu zait, eta, beraien aurkezpenean diotenez, badirudi hainbat arazotan sartu zutela Donald Trumpen administrazioa, berez publikoak ziren erregistroak eta datuak jendeari erakutsiz.

Bada, entitate horrek dokumentu interesgarri bat argitaratu du duela gutxi: Estatu Batuetako FBI agentzia ezagunaren agiri bat da, agenteak formatzeko material pedagogikoaren parte, oso grafikoki azaltzen duena FBIk zer informazio eskuratu dezakeen -legez- mezularitza plataforma ezberdinetatik.

Mezularitza aplikazioen informazio eskuragarritasuna, FBIren arabera
Tontoentzako moduko infografia batean agertzen dira zerbitzu bakoitzaren inguruko jakingarriak.

Kontakatiluenak: Whatsapp eta Apple

Egia esan, dokumentuak, oro har, ez du sorpresa handirik: mezularitza zerbitzu handiek ezin dute erabiltzaile baten mezuen edukiaren berri eman, eta datu orokorrak baino ezin dituzte eskaini. Bi salbuespen nabarmenekin. Whatsapp eta iMessages, Appleren mezularitz aplikazio propioa.

Whatsappek ezin du mezuen euren eduki osoa eman. Baina, eskaria jaso eta onartuz gero, kapaza da ia-ia denbora errealean emateko erabiltzailearen eta bere jardunaren berri, metadatuen bidez: non dagoen, zer erabiltzailerekin komunikatzen ari den, zer gailu mota erabiltzen ari den… Informazio hori 15 minutuan behin eman dezake Whatsappek. Informazio hori kezka handiz ikusi dute, adibidez, iturri konfidentzialekin komunikatu behar duten kazetarien kasuan.

Applek, bere aldetik, nahiz eta sutsuki defendatzen duen erabiltzaileen pribatutasuna dela haien lehentasuna, informazio mordoa eskain dezake teknikoki: erabiltzailearen gaineko oinarrizko informazioa eta azken 25 eguneko jardueraren erregistroa (noiz konektatu den, nondik, norekin komunikatu den…). Baina gainera, agindu judiziala jasoz gero, Applek aukera teknikoa dauka bidalitako eta jasotako mezuak ere entregatzeko, iMessage mezularia iCloud lainoko zerbitzuaren bidez erabili bada.

FBIren dokumentuak bi zerbitzu horiek nabarmentzen ditu datuak emateko orduan ‘eskuzabalenak’ direlakoan. Telegramek ere erabiltzailearen IP eta telefono zenbakia ere eman ditzake behar izanez gero, eta Signal bezalako beste batzuek erabiltzaileen erregistro eta konexio ordua besterik ez dute ematen.

Sarbide legala

Aipatzekoa da dokumentuak informazioa ‘modu legalean’ eskuratzeko aukerak baino ez dituela zerrendatzen: enpresei eskatuta, zer jaso daitekeen bueltan. Inongo momentutan ez du aipatzen bide ‘alegalek’ zer eman dezaketen: hackerrak eta abarrak erabilita, adibidez…

Nola izango da gauza Atlantikotik honantz? Teorian Europako legedia askoz ere zorrotzagoa da norbanakoen intimitatea babesteko orduan… baina LSSI bezalakoek ahalmen handiak ematen dizkiete epaile eta poliziei halako informazioa eskatzeko.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.