Nola aktibatu Gmail berria

Askok honezkero irakurriko zenuten beharbada. Googlek astindu ederra eman dio Gmail posta zerbitzuari, eta gaur bertan hasi da zerbitzuaren bertsio berria pixkanaka-pixkanaka aktibatzen.

Ezaugarri berriak

Gmailen web zerbitzu berriak hainbat ezaugarri berri ditu. Haietako batzuk sakelako aplikaziotik jaso ditu oinordetzan… eta beste zenbait Inbox interfaze ‘profesional’ alternatibotik. Hona garrantzitsuenetako batzuk:

gmail berria 1

  • Diseinu berria: Googlek mobileko aplikazioetarako diseinu gidalerroak aplikatu dizkio web zerbitzuari ere. Gmail berrian sartzen garenean, esperientzia sakelako aplikaziokoaren antzekoagoa izango da orain.

    Gmail berria - Zereginak

    Zereginak jasotzeko oinarrizko zerbitzua ere topatuko duzu Gmail berrian. Hori bai: erdara hutsean…

  • Tresna osagarrietarako lasterbideak: pantailaren eskuinaldean, postaren tresna osagarrietarako sarbidea dugu: egutegia, Google Keep (oharrak gordetzeko zerbitzua), eta zereginak gordetzeko zerbitzu berritua. Egia esan, ez da beste munduko ezer, eta merkatuan badira zerbitzua skoz hobeto ematen duten doako zein ordainpeko aukerak. Baina lepoa egingo nuke oinarri-oinarrizko zerbitzu hau postarekin integratuta agertzeak kalte handia egingo diela beste horiei. Ohar oso negatibo bat, bide batez: Gmail bera euskaraz dagoen arren, beste zerbitzu gehigarri guztiak erdaraz baino ezin dira erabili.
  • Aukera gehiago klik bakar batean: mezuak erakusteko modua apur bat aldatu dute Googlekoek, eta orain aukera berriak ditugu ikuspegi horretan:
    • Erantsitako artxiboak azkar ikusiko ditugu, mezuaren izenburuarekin batera agertuko zaizkigun ikurren bidez. Ikur horietan klik eginda, artxibo erantsiak zuzenean ireki ahal izan ditugu, mezua irakurri gabe.
    • Artxibatu, ezabatu, irakurritzat eman… eta atzeratu! Sagua mezu baten gainetik pasatzean, ikurtxo batzuk agertuko zaizkigu ondoan, mezura sartu beharrik gabe zuzenean artxibatu, ezabatu, irakurri (edo irakurri gabe) gisa markatu eta, ah!, oh! mezua atzeratzeko!
      Aukera hori, Inboxetik inportatutakoa, oso-oso erabilgarria da laneko mezuetarako. Pentsa bilera batean sartu berri zarela, eta email bat jaso duzula gaur bertan egin behar duzun lan bat eskatuz. Atzeratzeko aukera horri esker, erraz programa daiteke mezua ordu jakin baterako. Hori egitean, mezua zure sarrera ontzitik desagertzen da, eta berriz agertzen da, alerta eta guzti, iritsi berria balitz bezala, zuk programatutako orduan. Niri behintzat SUPER erabilgarria egiten zait!  Sakelako aplikaziotik, gainera, programazioa ordu batekin baino, leku jakin batekin lotu dezakezu. Hau da: “gogorarazi mezu hau berriz bulegora iristen naizenean”. Eta, magia! Bulegora iristen zarenean, mezua berriz agertzen da sarrera ontzian, harekin ez ahazteko! ❤️❤️❤️
  • Nola aktibatu Gmail berria 1Segurtasun handiagoa. Googlek dioenez, hain agerikoak ez diren aldaketak ere egiten ari da Gmailen, seguruagoa izan dadin:
    • Phisingaren kontrako babes handiagoa. Google adimen artifiziala aplikatzen hasi da gure bankuko pasahitzak eta bestelako informazio sentsiblea lapurtzen saiatzen diren mezuak hobeto antzemateko. (Zer gehiagorako erabiltzen duten, hori ez digute kontatu…).
    • Software gaiztoaren aurkako babesa ere handitu omen du Googlek, eta sakonago aztertzen omen ditu artxibo erantsiak, birusik eta antzekorik ez kolatzeko haien bidez.
    • Laster, modu konfidentziala. Googlek iragarri du datozen asteotan ‘modu konfidentziala’ deritzona gehituko duela Gmailen. Haren bidez, mezuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna areagotzeko aukera berriak eskainiko ditu. Besteak beste, aukera egongo da mezu bat epe jakin batean ‘autosuntsitzeko’, hartzaileari SMS bidez iritsiko zaion pasahitz seguru batez babesteko, harzaileak mezua kopiatzea, birbidaltzea, gordetzea eta abar eragozteko…

Nola aktibatu Gmail berria 1

Nola aktibatu diseinu berria

Esan bezala, Google datozen asteotan pixkanaka-pixkanaka joango da itxura berritu hau erabiltzaile guztioi aktibatzen. Baina, berez, eskuragarri dago jadanik saltseatu nahi duen edonorentzat. Aktibatzea oso erraza da!

  1. Sartu Gmailen eta klikatu goian, eskumatara agertzen den gurpiltxoan.
  2. Hortxe ikusiko duzu lehen aukera dela Probatu Gmail berria. Klikatu haren gainean.
  3. Aukeratu zure gogoko ikuspegia, eta listo! A gossarrrr!!!

Nola aktibatu Gmail berria 1Ah, eta bide batez, aprobetxatu aukera Gmail euskaraz konfiguratzeko. Hori ere oso erraza da: egin klik gurpilean, oraingoan aukeratu Configuración / Paramètres, eta hor topatuko duzu aukera, ezarpen orokorren arteko lehenengoa! Urrats txikia da norberarentzat, baina handia gizateriarentzat!!! Googlek badaki zenbat erabiltzailek ditugun zerbitzuak euskaraz konfiguratuta… eta gutxi bagara, nekez konbentzituko dugu Gmail bezala, Egutegia, Keep, Zereginak eta beste hainbat produktu euskaratzeko…!!! Lehen hitza euskaraz, badakizue!!!

 

Erantzunak (2)

  1. txargainl 2018(e)ko apirilak 27
  2. joxe 2018(e)ko apirilak 27

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.