Trepetak

Nintendo Switch: kontsola ultramoloia

Nintendok egunotan erakutsi ditu 2017ko martxoan kaleratu behar duen Switch kontsola berriaren lehen irudiak. Eta oso ikusgarriak dira.
Nintendo Switch: kontsola ultramoloia 7 - teknopata.eus

Aitortuko dizuet: kontrakoa eman balezake ere, ez naiz bereziki bideojokozalea. Nire koordinazio psikomotorea nahiko kaskarra izan da beti eta, uste dut txikitako “sala de juegos” haietan ematen zizkidaten jipoiek betiko urrundu nindutela bideojokoen mundutik… Sega Megadrive atera zen garaiko salbuespena salbu. :)

Total, ez diedala kasu handirik egiten Playstation, Xbox eta abarren inguruko albisteei. Baina, eh! Gaur ikusi dut Nintendok martxoan aterako duen Nintendo Switch gailu berriaren aurrerapen bideoa eta… Facebookeko clickbait horietan esaten duten bezala: ikusi dudanak zur eta lur utzi nau.

Badakizue Nintendok beti izan dituela -makinei dagokienez- bi produktu sorta: bat etxerako, mahaigainerako, esan dezagun (Cube, Wii, WiiU), eta beste bat kalerako, eramangarria: Gameboy, DS

Nintendo Switchen kontzeptua sinplea da, baina exekuzio teknikoak oooso konplexua ematen du.
Nintendo Switchen kontzeptua sinplea da, baina exekuzio teknikoak oooso konplexua ematen du.

Bada, Nintendo Switch hau bi mundu horien uztarketa da. Kontsola bera tableta baten antzeko gailu bat da, dock moduko bati esker telebistara konektatu eta edozein mahaigaineko kontsola gisa erabil daitekeena. Baina kalera irten nahi badugu, nahiko izango da tableta eskutan hartu eta, eraman, jokatzen ari garen partida eten beharrik gabe.

Hori baino are deigarriagoa da oraindik kontsolarekin jokatzeko aginteen sistema. JoyCon deitu die Nintendok, eta kontzeptua oso sinplea da: bi pieza independente dira, bideoan ikusten denez gutxienez hiru modutan erabil daitezkeenak:

  • Kontsolaren gorputz nagusi edo ‘tabletari’ lotuta.
  • Solte, bakoitza esku batean, Wii kontsolako aginteen estiloan.
  • Pieza biak aginte bakar batean lotzen dituen hirugarren bati lotuta.

Oso-oso-oso moloia: Sony eta Microsoft, apur bat ordenagailu eta telefonoen estiloan, espezifikazioen gerran sartuta dabiltzan bitartean, zeinek zein baino GHz gehiago, Nintendok kontsolarekin interaktuatzeko moduari eman dio beste buelta bat, eta, bideoan ikusten denagatik behintzat, emaitza oso-oso-oso ikusgarria da. Zuk zeuk ikusi:

https://www.youtube.com/watch?v=pffIDsNcQQk&feature=youtu.be

Orain ikusi beharko da publikoak zer moduz erantzuten dion proposamen berriari, eta erabateko arrakasta ote den, Wii mitikoaren moduan, ala erdipurdiko harrera besterik ez duen lortzen, haren ondorengoa den WiiU-ri gertatu zaion bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.