Irrika handirik gabe, baina azkenean neu ere animatu naiz Netflixen hilabeteko doako probaldiarekin… eta aurkikuntza pozgarria ere egin dut hilabete horretan ikusteko zerbaiten bila.

the100-opening

The 100 zientzia-fikziozko telesailaz ari naiz. Esperantza handirik gabe ikusten hasi eta momentuz dauden bi denboraldiak oso-osorik eta ezin gusturago irentsiz bukatu dudana. Zi-fizalea bazara, emaiozu aukera bat. Esango nuke gomendioa eskertuko didazuela.

Arka, gizateriaren azken gordelekua
Arka, gizateriaren azken gordelekua

Abiapuntua tentagarria da: 97 urte igaro dira mundu mailako gerra nuklear batek Lur planeta osoa irradiatu eta gizakiontzat hilgarri bihurtu zuenetik. Gizateria salbatzeko, ehunka gutxi batzuk dozena bat espazio estaziotara bidali zituzten gerra hasitakoan. Gerora, estazio horiek bat egin eta ‘Arka’ osatu zuten, Lurraren orbitan, gainpopulatuta, baliabide urriekin eta arazo tekniko nabarmenekin bueltaka jarraitzen duen gizateriaren azken gordelekua.

Bizimodua ez da erraza Arkan. Gainpopulazioa kontrolatzeko, jaiotzeak oso kontrolatuta daude. Delitu guztiek zigor berbera dute: flotatzea. Presurizatu gabeko ataka batera eraman, kanpoko atea ireki eta hantxe doaz ‘gaizkileak’, hegan. Gazteekin malguagoak dira, baina, eta kartzelatu egiten dituzte.

Hortxe hasten da istorioa: Arkak hornidura, funtzionamendu eta populazio arazo larriak ditu. Halakoetan, beste batzuetan kartzelan dauden gazte guztiak ‘flotatu’ egin izan dituzte Arkako agintariek. Baina oraingoan beste gauza bat egingo dute: kartzelan dauden 100 gazteak espazio-ontzi batean sartu eta Lurrera bidali dituzte, planetan dagoeneko bizi daitekeen ala ez jakiteko.

Erradiazioak gauza ederrak ere utzi ditu Lurrean. 'Avatar' momentu hau, adibidez.
Erradiazioak gauza ederrak ere utzi ditu Lurrean. ‘Avatar’ momentu hau, adibidez.

Han bidali dituzte, bada, 100 gazteak (ezin lirain eta pertxentagoak, noski), misio zehatz batekin:  Mount Weather delako mendira iritsi eta mendi azpian dagoen bunkerrean bizi ote daitekeen ikertzea. Hala bada, berehala hustuko dute Arka, gero eta arazo tekniko gehiago dituena.

Horrelaxe hasten da generoko klasiko asko eta askoren oroimena piztuko digun istorioa: hartu Logan’s Run apur bat, goilarakada bat Galactica, bi atximurkada Lord of the Flies, ukitutxo bat Lost eta The Hunger Games. Ondo nahastu masa homogeneo bat lortu arte eta, istorioa aurreratu ahala, joan ‘Game of Thrones’ eta The Time Machine zipriztinak gehitzen.

Flojotxu hasten den saila sendotzen joango da horrela, eta konturatu orduko pantailara pega-pega eginda topatuko duzu zeure burua. Atalen iraupen laburrak (30 minutu inguru bakoitzeko) asko laguntzen du nekagarri ez egiten. Batez ere erritmoa oso ondo zainduta dagoelako, hala atal bakoitzaren barruan nola atalen arteko progresioan.

Hori bai, ez saiatu aktoreen artean behar baino gramo bat gehiago edo 'pelazo' izugarria ez duenik.
Hori bai, ez saiatu aktoreen artean behar baino gramo bat gehiago edo ‘pelazo’ izugarria ez duenik.

Ez dut askoz gehiago ere esango, batez ere ‘spoilerrik’ ez egiteko -ahotxankleta ezaguna naiz, badakizue!-. Baina nik behintzat, oso-oso gustura ikusi ditut lehen bi denboraldien 31 atalak. Gaizkia eta ongiaren arteko muga lausoa, justiziaren inguruko gogoeta, gazte eta helduen arteko harreman korapilatsuak, istorio zirraragarri eta ‘tranpa’ txikiz josiak, akzio dosi egokiak… altxor txiki bat, egidazue kasu! Tartean sartzen dituzten nerabe arteko amodio istorioak barkatzeko nahikoak ere. Ikusi lehen 4 atalak, adibidez, eta gero esango didazue 😉

Ah! Eta ez, ez dut liburua irakurri, baina esan didatenez ez du zerikusirik telesailarekin, eta nerabeen arteko amodio istorio tipiko eta topikoz josita dago. Telesaileko munduan sakondu nahi baduzu, ez erosi liburua horretarako!

 

 

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.