Mitzuli: sakelako itzultzaile librea

Screenshot_2015-05-06-23-16-09

54 hizkuntza-pare zenbatu ditut nik menuan, ez dago batere txarto.

Sarritan gertatzen da: halako batean, haren arrastorik ere ez zenuen apli batekin egiten duzu topo, eta lehen pentsamendua da: “joder, nolatan ez dut lehenago aurkitu?”. Horietakoa da, bai, Mitzuli, Android sistemarako itzultzaile librea. Itzultzaile automatikoek beldur handia ematen dute, bai, baina aitortu behar da oso ondo etortzen direla egoera jakinetan: atzerrira bidaiatzen, adibidez, edo atzerritarrak etxean hartu behar izanez gero… Bat-bateko estualdietatik irteteko oso-oso tresna aproposak dira.

Mitzulik 54 hizkuntza konbinazio ematen ditu aukeran, eta egileak interes berezia jarri du ‘ezohiko’ hizkuntzak ere ager daitezen. Hala, Malaysiera, Hindia edo Urdua bezalako hizkuntzak hartzen ditu kontuan, besteak beste. Itzulpena Apertium, Matxin, eta Abu-Matran itzultzaile sistema irekietan oinarrituta egiten du, eta gainera Tesseract, OpenCV eta Leptonica teknologia libreak ere erabiltzen ditu irudiak prozesatzeko.

Irudiak prozesatzeko, bai: niri behintzat deigarrien egin zaidan ezaugarrietako bat testuak eskaneatzekoa baita. Mitzuli erabiltzeko, testua eskuz sar daiteke teklatuaren bidez edo, besterik gabe, argazkia egin itzuli  beharrekoari eta aplikazioak egiten du gainontzeko lan guztia: irudia testu bihurtu eta testua itzuli aukeratutako hizkuntzen artean.

Gainera, hizkuntza batzuetan behintzat, testuak ahoz ere sartu daitezke, telefonoari diktatuz, eta telefonoaren erantzuna ere ahozkoa izan daiteke behar izanez gero. Hori guztia gutxi balitz, itzulpenak offline ere egin ditzake, atzerrian gabiltzala 3G fakturan sustorik ez izateko. Ez zaio ezer falta!

Eta hori dena, Mikel Artetxe izeneko laguntxo bakar baten lana eta Mikelek Elhuyarretik jaso duen laguntzari esker. Mila esker, Mikel & konpainia, tresna eder honegatik!!! Informazio gehiago nahi izanez gero, Mitzuliren webgunera jo dezakezue edo, zuzenean, Play Storetik dohainik deskargatu.

Android soilik

[app]com.mitzuli[/app]

Mitzuli itzultzaile librea
  • Erabilerraztasuna - 90
  • Erabilgarritasuna - 70
  • Itzulpenen kalitatea - 60
  • Prezioa - 100
80

Laburbilduz...

Tresna erabilgarri, malgua eta erabiltzen erraza. Lastima itzulpenen zehaztasun maila altuagoa ez izatea, baina tira, mirariak eskatzeko ere ez gaude, ezta?

Erantzunik ez

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.