BlogosferaKomunikazioa

Albiste onak sarearen neutraltasunaz

Albiste onak sarearen neutraltasunaz 7 - teknopata.eus

Ez dakit gogoan izango duzuen, baina joan den maiatzean albiste kezkagarria etorri zen AEB aldetik: Verizon telefonia eta sare hornitzaileak abiadura bikoitzeko zerbitzua emateko aukera izatea eskatu zuen, eta epaileek arrazoia eman zioten. Horrela, ate bat irekitzen zen, internet hornitzaileek eduki paketeak eskaintzeko -gaur egun kable bidezko telebistek egiten duten bezala- eta edukien araberako prezio eta abiadurak eskaintzeko. Interneteko neutraltasunaren amaiera litzateke hori, orain arte ez bezala, norberaren konexioa edukien araberakoa izango litzatekeelako.

net-neutrality

Estatu Batuetan horrelako gaiak arautzen dituen FCC batzordeak hilabete batzuk eman zizkion bere buruari erabaki bat hartzeko. Bi aukera zituen: internet konexioa ‘komunikazio zerbitzu’ gisa hartzea (hornitzaileek nahi zuten bezala), ala oinarrizko komunikazio gisa. Lehen aukerak eskubidea ematen die hornitzaileei nahi dituzten baldintzak ezartzeko. Bigarrenak, berriz, internet sarbidea oinarrizko zerbitzu bihurtzen du, argindarra edo ur hornidura bezalakoxea. Horrek estatuaren kontrol handiagoa dakar, eta zerbitzu unibertsala emateko derrigorra.

Bada, FCCk joan den asteko ostegunean egin zuen bozketa, hainbat hilabeteko eztabaida publiko eta pribatuaren ostean… eta internet konexioa ‘utility’ gisa hartzea erabaki du, hau da, oinarrizko zerbitzu gisa. Oso albiste ona da sarearen neutraltasunaren ikuspegitik, hornitzaileak azken urteotan haren kontra egiten ari diren kanpaina kontuan hartuta.

Erabakia ez da behin betikoa, eta AEBetako sare hornitzaileek epaitegietara joko dute FCCren erabakiaren kontra, baina aurrerapauso garrantzitsua da.

Cesar Alierta, Telefonicako presidentea. Sare hornitzaileen diskurtsoa argia da: interneten azpiegitura 'haiena da', eta hura erabiliz aberasten diren beste enpresek (Google, Facebook, Amazon...), azpiegitura horren truke ordaindu beharko lukete. Kostu hori, noski, erabiltzaileok ordainduko genuke finean
Cesar Alierta, Telefonicako presidentea. Sare hornitzaileen diskurtsoa argia da: interneten azpiegitura ‘haiena da’, eta hura erabiliz aberasten diren beste enpresek (Google, Facebook, Amazon…), azpiegitura horren truke ordaindu beharko lukete. Kostu hori, noski, erabiltzaileok ordainduko genuke finean

Europan ere, eztabaida puri-purian dago. Europako Parlamentuak sareko neutraltasunaren aldeko adierazpena onartu zuen 2014ko apirilean, baina Angela Merkel bezalako agintariak bi abiadurako sarearen alde agertu dira. Eta sare hornitzaileak, Telefonicako Cesar Alierta buru, behin eta berriz tematzen ari dira “sarea eurena dela” esaten, eta haien azpiegitura erabiltzen duten Google bezalako enpresek zerbitzu horren truke ordaindu beharko luketela.

Iruzkin 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.