Apple: sare sozialak? Ez, eskerrik asko!

Ni ‘liluratuta’ nago software sozialarekin. Apple ez. Halaxe labur liteke Appleko software garatzaile batek dimisioa aurkezteko eman duen arrazoia.

Jens Alfke, besteak beste iChat mezularitza programa, Safari nabigatzailearen RSS irakurgailua eta Mac OS Xen RSS eta Atom atalen arduraduna zena, ito beharrean omen zebilen azken boladan, Applek darabilen politika itxiaren ondorioz. Hori dela eta, Steve Jobsen enpresan 16 urte eman ondoren, Alfkek lanari utzi eta ‘indie’ egin da, hots: programatzaile independente. Horren guztiaren berri ematen du bere blogeko sarrera luze baina tentu handiz neurtu batean.

Sarrera mamitsu horretan, kontu interesgarri samarrak aipatu ditu Alfkek Appleren inguruan, eta, batez ere, Steve Jobsen enpresak sare eta software sozialari buruz duen iritziaz. Hasteko eta behin, Alfkek Mac OS X 10.5 Leopard sistema eragilean txertatu nahi zituen zenbait prototipo sexy samarrak atzera bota zizkion enpresak. Agintarien jarrera ikusita, Alfkek amore eman behar izan du ideia horien defentsan, eta horrek piztu omen dio bere kabuz aritzeko gogoa.

All your base are belong to usAll your idea are belong to us

Horrek eta, berak aitortzen duenez, software enpresa handi guztien kontratuetan onartu beharreko baldintza bat: kontratupeko software egileen ideiak enpresarenak dira automatikoki. Total: ezin dituela bere ideiak enpresaren barruan erabili… …ezta handik kanpo bere kabuz garatu, legearen aurrean, ideia horiek enpresarenak baitira.

Horekin batera, Appleren sekretismo itogarria aipatzen du programatzaileak. Bertako langile izateko era guztietako ‘Non-Discolsure Agrrement’ edo isilpekotasun hitzarmen ezin zurrunagoak sinatu behar dira, eta gainera enpresak gero eta zurrunago zaintzen ditu kontu horiek. Applek ez ditu blogak gogoko, batez ere hari buruz ari direnean, –dio Alfkek,– esaten denez, ia ez dago blogaririk Appleko langileen artean; egon badaude, asko eta asko, baina sekretuan dihardute.

Sinadurak Mac Plus baten barruanIzan ere, Applek ezkutuan mantendu nahi du bere langileen nortasuna. Lehenengo Macintoshen garaian, 80ko hamarkadan, rock izarren moduan tatatzen zituen Applek programatzaileak: argazkiak aldizkarietan, haien sinadurak ordenagailuetan txertatuta… 90ekoaren amaieran, berriz, Jobsen itzuleraren garaian, ordura arte ‘About’ lehioetan nonahi agertzen ziren programatzaileen izenak kentzea erabaki zuten. Helburua sinplea zen: konpetentziako enpresei zailago jartzea Appleko programatzaileak fitxatzea.

Badirudi neurri hori gogortuz joan dela denborarekin eta, Steve Jobs bera, Jonathan Ive diseinu burua eta Phil Schiller marketing arduraduna kenduta, bilera teknikoetan ere nekez entzuten da langileren izenik. Multinazionala maniatiko samarra da bere irudi publikoaren kudeaketarekin, eta, nonbait, alderik txikienak ere kontrolatzen saiatzen da, iPod baten atzeko aldea bezain uniforme eta gatzgabea bihurtzeko.

Hori barrura begira, baina jakina da kanpora begira ere Applek ez diola batere kasurik egin 2.0 oldeari. Blogak oso era mugatuan agertzen dira iWeb aplikazioan, adibidez, eta, Youtubeko bideoak kenduta, bestelako sare sozialekin integratzeko batere aukerarik ez dago. Zer esanik ez .Mac zerbitzuari buruz: posta zerrendak eta taldeak sor daitezke, bai, baina haietan .Mac erabiltzaileek soilik har dezakete parte… Hain bogan dauden blog korporatiboei ere muzin egin die Cupertinoko enpresak, haren lehiakideek ez bezala.

Enpin, sekretismoa eta izaera itxi hori ez dira ez berriak, ez harrigarriak, baina langile izandako batek hain gogor salatu izanak buruari buelta pare bat emateko ematen du, ezta?

(Aitortzen dut, hala ere, MacBook Pro bat erosteko irrikitan nagoela! Neu bekatari!!!)

4 Comments

  1. xabi 2008(e)ko urtarrilak 26
  2. joxe 2008(e)ko urtarrilak 26
  3. Julen 2008(e)ko otsailak 16
  4. aldakur 2016(e)ko uztailak 21

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.