CloudBookaren ajeak

 Joan den astean, otsailaren 15ean, egon behar zuen salgai aurrekoan aipatu genuen Everex CloudBook mini portatilak, baina badirudi arazoak egon direla banaketarekin, eta oraindik ez da posible EeePCren lehiakide berria salgai aurkitzea. Antza denez, otsailaren 21era arte atzeratu da mini berriaren merkaturatzea.

Hala ere, probako unitate batzuk iritsi dira jadanik leku espezializatuetara, eta lehenengo probak etsigarri samarrak dir. Labur esateko, CloudBook delakoa berde samar dago oraindik:

  • Teklatua txikiegi geratzen da (EeePCarenak tamaina berdina du, baina bere kokapenak erosoago egiten omen du).
  • Touchpad txikiegia eta ezerosoa. Botoiak, teklatuaren alde batean, eta touchpad mikroskopikoa, bestean. Derrigorra da esku biak erabiltzea touchpadarekin ibiltzeko.
  • Abiarazteko denbora luzea (minutu eta erdi!)
  • Wi-Fi konexioa tarteka galtzen du (hori neuri ere pasatu zait PC normal batean gOS probatzean).
  • Erresoluzio txikiegia: sistema eragilea ez omen dator pantailaren berezimenera egokituta eta, ondorioz, lehio askotan, ‘Ados’ eta antzeko botoiak pantailatik kanpo geratzen dira.

Esandakoa: berdeegi oraindik merkatura iristeko. Bien bitartean, lehiakide berri bat ere aurkeztu da egunotan. Oraingo honetan, Britania Handiko enpresa batek aurkeztutako Elonex One da mini berriaren izena. Otsailaren 28an jarriko omen da salgai, hezkuntza merkatuari begira itxura denez, 99 libratan (133 euro inguru). Bien bitartean, ondoko irudia besterik ez dugu pista moduan:

Elonex One

CloudBookaren ajeak 2 - teknopata.eus

Badirudi kotarroa animatzen ari dela, ezta?

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.