Euskara patrikan, 2016

TOKIKOMen garatzaile orria Androideko Play Storean

TOKIKOMen garatzaile orria Androideko Play Storean (klik irudian orria bisitatzeko)

Aitzakia behar nuen lanean, Codesyntaxeko lagunekin batera sortu ditugun aplikazioen inguruan hitz egiteko. Txorradatxoa irudituko zaizue, baina uste dut lorpen handia dela lortzea modu bat euskarazko toki komunikabide txikiek ere aplikazio propioa eskuratzeko modua izan dezaten. Elkarlana beste modurik ez dago horretarako: guztien artean ordaindu apli guztien hezurdura izango den ‘ama’ komun bat, eta haren gaineko ukituak eginez sortzea herriz herriko ‘alabak’. Halaxe sortu ditugu Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Mendialdeko Erran eta Debagoienako Goiena apliak, eta atea zabalik utzi etorkizunean etor daitezkeenentzat. Android zein iOS sistemetarako garatu dizkigute Codesyntaxeko lagunek.

Bale, asko pozten naiz. Eta aitzakia?

Ah bai! Aitzakia! Tira, duela 4 urte sarrertxo bat idatzi nuen, errepaso bat eginez mugikorretik ondo ikusten ziren interneteko euskarazko edukiei. Lau urtean aaaaasko aldatu da panorama (besteak beste, interneteko trafikoaren zati gero eta handiagoa da gailu mugikorretatik datorrena). Ikusi besterik ez dago Hekimen, euskal hedabideen elkarteak, aurrekoan erakutsi zituen datuak:

Euskara patrikan, 2016 2 - teknopata.eus

Euskal hedabide digitaletan, bisiten %40 da jadanik gailu mugikorretatik datorrena. (Klik Hekimenen oharra irakurtzeko)

Total, akordatu naizela 2012an egindako sarrera harekin, eta gogora ekartzea erabaki dut. Momentu hartan, aplikazioak baino, webgune mugikorrak ziren edukiak sakelakotik kontsultatzeko modu nagusia. Hona bakoitzaren egoera orduan eta gaur egun:

Sustatu

2012ko Sustatu mugikorra, PDA garaietatik heredatutakoa

2012ko Sustatu mugikorra, PDA garaietatik heredatutakoa

Sustatu.eus izango da, beharbada, denbora nola pasatu den begi kolpe batez errazen ikusteko adibiderik argienetakoa: 2012an, Sustaturen bertsio mugikorra testu soileko egokitzapen bat zen, 90etako PDA gailuen garaian pentsatutakoa: testu hutsa, diseinu minimalista… baina hori bai, karga ezin azkarragoa.

Otsaila hasieran aurkeztu duten bertsio berria, berriz, nekez bereiz daiteke mugikorreko aplikazio on batetik: irudiak-eta kargatzen ditu, diseinu txukun askoarekin gainera, eta menua ere eskaintzen digu, hainbat eta hainbat aukerarekin.

2016ko sustatu mugikorra

Sustatu-ren 2016ko webgune ‘aplifikatua’. Oso-oso moloia.

Zuzeu

2012ko zuzeu mugikorra, WordPressen plugin batek egokitutakoa

2012ko zuzeu mugikorra, WordPressen plugin batek egokitutakoa

2016ko Zuzeun ere agerikoak dira aldaketak: irudirik gabeko testu soileko bertsio sinple batetik, sinpletxoa baina grafikoagoa den interfaze batera pasatu da, eta automatikoki moldatzen diren ‘responsive’ webguneetan aurki daitekeen ‘hanburgesa’ estiloko menua topa dezakegu portadan, nabigazioa errazteko.

2016ko zuzeu mugikorra

2016ko zuzeu mugikorra

Berria

Berriaren 2012ko web mugikorra

Berriaren 2012ko web mugikorra

Berriaren webgunean ere igartzen da denboraren joana. Webgunea askoz ere grafikoagoa da, argazkiak eta eduki multimedia ere erakusten digu, eta irudi eta tipografiarekin ere jokatzen du. Publizitatea ere erakusten digu, eta hemen ere ‘hanburgesa’ estiloko menua topa dezakegu, bilaketa kutxarekin batera.

Berriaren 2016ko web mugikorra

Berriaren 2016ko web mugikorra

 

Goiena

Goiena mugikorra, 2012an

Goiena mugikorra, 2012an

Goienako webgune mugikorraren konparazioan ere antzeko tonika igartzen da: elementu grafikoak testuarekin batera, eduki multimedia, hanburgesa… 2012an ez bezala, 2016ko bertsio mugikorrak eduki gutxiago eskaintzen digu, saturazio inpresioa saihestuz. Goienaren oso antzeko itxura eskaintzen digute TOKIKOM Plataformaz eginda dauden gainontzeko 11 tokiko agerkariek. Izan ere, hasieran aipatu dizkizuedan aplikazioak ere plataforma horrek eskaintzen dituen funtzionalitateen parte dira.
Goiena web mugikorra 2016an

 

EITB

eitbweb

EiTBn, beste webguneetan bezalaxe, dagoeneko ez da beharrezkoa “m.” jartzea helbidearen aurretik webgunearen bertsio mugikorra ikusteko. Hori bai -lehengo lepotik burua- edukia gazteleraz erakutsiko defektuz. Berdin dio nabgiatzailea eta/edo sistema eragilea euskaraz badugu ere: euskarazko edukira iristeko, beste klik bat egin beharko dugu guk orria kargatzen denean. Hori bai, txori txiki eta ahula hortxe erakutsiko digu, lehen lerroan…
eitb mobile 2016

Aplikazioak

Webgune mugikorrez gain, baditugu euskarazko eduki interesgarriak kontsumitzeko hainbat aplikazio ere, eta 2016an egonda, ezinbestekoa da horien aipamentxo bat ere egitea…

uhinbak

Uhinbak

2012ko errepaso hartan aipatutako aplikazioarekin hasi nahi nuen beste hau, baina sumo txarra hartu diot egoerari: euskal irratiak entzuteko aplikazioa desgaertuta dago Google Play zein iTunes Storetik… nahiz eta webgunea hortxe dagoen oraindik. (Androideko aplia bertatik deskarga dezakezue zuzenean)

Berria eta Astekaria

Berriak bi aplikazio ditu, txukun askoak, bere edukietara sartzeko. Berria App (iOS soilik, ezin dizut gauza handirik kontatu), eta Astekaria (Android eta iOS), asteroko eduki nabarmenen aukeraketa eskaintzen diguna. Oso-oso ideia ona, eta exekuzioa ere bikaina, edukiak oso txukun eta erraz irakurtzeko moduan eskaintzen baitizkigu.

Astekaria aplikazioa

mugikaria

Mugikaria

CodeSyntaxek garatutako apli honek internauta euskaldunen artean gehien mugitzen ari diren edukiak bildu eta automatikoki ekartzen dizkigu, egunean birritan.  Android eta iOS sistemetarako eskura daiteke.

EiTB

EiTBk aplikazio txukun askoa du, erdaraz eta euskaraz eta Android zein iOS plataformetarako. Testuzko albisteak, bideoak, audioak, irrati eta telebista emanaldiak online zuzenean, telesaio eta irratsaio zaharrak ikusteko aukera…

Screenshot_20160305-192310
HItza aplikazioa

Hitza

Eskualdekako Hitzek ere badute euren aplikazioa. Android zein iOS gailuetatik erabil daiteke, eta aplikazio bakar batetik, eskualdekako edizio ezberdinetara sartzeko aukera ematen du. Agenda geolokalizatua eskaintzen du, besteak beste, intereseko ekitaldietara galdu gabe iristeko. Informazio gehiago appostua.eus webgunean.

Eta zuek? Probatu al dituzue inoiz aplikazio horiek? Baduzue beste gogokoren bat euskarazko edukiak jasotzeko? Ekarpenak jasotzeko irrikatan nago! 🙂

No Responses

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.