NabarmenakTrepetak

Despaketatzen: Pebble Time Steel erloju adimenduna

Sei hilabeteko itxaronaldiaren ostean, oraintsu iritsi zait etxera Kickstarter bidez lotutako Pebble Time Steel erloju adimenduna. Hona kutxa irekitzeko momentua! :)
Despaketatzen: Pebble Time Steel erloju adimenduna 7 - teknopata.eus

Asko hitz egin da (eta dut) azken urte parean smartwatch edo erloju adimendunen inguruan, eta eskaintza zabalaren artean, Pebble etxearen kontzeptua deigarria egin zait hasieratik: erlojuan erresoluzio handiko pantaila eta funtzio eta sentsore ahalik eta gehien txertatzean zentratu beharrean, beste kontzeptu batetik abiatu dira: haiek egiten dutena erlojua da, eta bere funtzio eta izateko arrazoi nagusia, denbora, ordua ematea. Ideia hori jarri dute zentruan, eta haren inguruan joan dira gauzatxoak gehitzen.

Hala, ez da harritzekoa haien lehen erlojua fabrikatzen hasteko crowdfunding kanpaina abian jarri zutenean, Kickstarter plataformako marka guztiak haustea: 68.929 lagunek aurreratu zuten lehen Pebble erlojua ekoizteko dirua, guztira 10.266.845 dolar bilduz. Kanpainaren helburua 100.000 dolar lortzea zen. Erlojuaren kontzeptu sinplea, telefono sistema ezberdinekin erabili ahal izatea eta tinta elektronikoko pantaila edo bateriak astebete irautea bezalako detaileak izan ziren arrakastaren gakoak. Ordutik hiru urte luze joan badira ere, lehen Pebble erlojua hirugarrena da oraindik Kickstarterreko arrakastatsuenen zerrendan.

Total, aurtengo urte hasieran Pebblek iragarri zuela bere erlojuaren bigarren bertsioa egin behar zuela: Pebble Time delakoa. Bateria hobea eta koloreko pantailarekin. Eta kontatu dizkizuedan aurrekariekin, oooso zaila egin zitzaidan tentazioari eustea. Lehen oldeari eutsi nion, eta ez nuen parte hartu oinarrizko bertsioa finantzatzeko kanpainan. Baina plastikozkoa baino, metalezko gorputza izan behar zuen ‘Steel’ aldaerarako eskatzen hasi zirenean, nire borondate ahulak krak egin zuen, eta erlojutxoa erosteko: 250 dolar (221 euro) jarri nituen, apirila aldean, erlojua eta harekin batera larruzko eta metalezko eskumuturreko bana lortzeko. Nik eta beste 78.470 lagunek pare hartu dugu crowdfunding horretan, eta gaur egun Kickstarterreko inoizko arrakastatsuena da.

kickstarter record

Eta itxaronaldi luuuuuuze baten ostean, joan den astean iritsi zen etxera. Ikusi nahi duzue kutxa zabaltzeko momentua?

Bideoan esan bezala, jakinminik, galderarik edo bestelakorik baduzue erlojutxoaren inguruan, egunota nabil neu ere nireak argitzen. Bota galdera hor behean komentarioetan, edo twitter bidez, eta saiatuko naiz erantzuten! :-)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.