Kontaktua

Joxe Rojas, Teknoptaren txokoa
Txokolatea, gaileta eta a bildua, zer gehiago eska daiteke ba?!? :-)

Aupa! Joxe Rojas naiz, 1971ko azaroan jaio nintzen Gurutzetako ospitalean, Bizkaian. Gurasoak Malagako herrixka txiki batekoak ditut, Jubriquekoak. Hala ere, euskarak izugarrizko jakinmina sortu dit txiki-txikitatik eta tira, konturatu orduko eskolak ematen nengoen Bolintxu AEK Euskaltegian, Unibertsitatean Kazetaritza ikasten nuen bitartean. Hamar urte pasatu nituen bertan, harik eta egun batean nekatu eta beste zerbaiten bila hasi nintzen arte.

2015etik hona Komunikazio eta IKT Zuzendaria naiz TOKIKOM toki komunikabideen bateragunean. Aurretik, TOKIKOM bera martxan jartzen ibili nintzen Euskaltzaleen Topagunean, eta bertako Hedabide Saileko sustatzaile lanetan aritu nintzen 2006tik. Lehenago beste hamaika lanetan ere ibilia naiz: itzultzaile ARTEZ Euskara Zerbitzuan, koordinatzaile Arrigorriagako Artandape aldizkarian, itzultzaile neure kabuz, erredaktore Aizu! aldizkarian…, kolaboratzaile Gaur8 astekarian, Bilbo Hiria Irratian, Bizkaia Irratian, Euskadi Irratiko Amarauna saioan, koproduktore ETB3ko Nick dut Nik saioan… Gaur egun ere kolaboratzaile nabil Aizu! aldizkarian eta Sarean.eus atarian. Bistan da: komunikazioa, euskara, teknologia, umorea… lau ardatz horien bueltan mugitzen naiz erosoen.

Eh! Eta sariak ere irabazitakoa banaiz, e? 2014ko abenduan Berbaro elkarteak antolatutako Twitter bidezko mikroipuin sariketa irabazi nuen, eta 2015ean ere balentria errepikatu nuen. Esne mamitan eta Gira bihotzak dira euskal mikroliteraturaren maila aurrez ezagutu gabeko gailurretara eraman zuten lanak.

2022an, berriz, SU saria eman zidaten GetxoBlog elkartekoek, euskarazko blogintzan aitzindari izateagatik. Zaharrunaroan sartuta nagoen seinale argia.

Gauza da argi koloretsuak eta botoiak dituzten trasteek txiki-txikitatik erakarri nautela (hortik teknopatarena) eta, enfin, hementxe nago, blogosferan gora eta behera. 2007tik 2023ra bitartean Twitter sare sozialean ibili nintzen buru-belarri, Elon Muskek erosi eta fatxazulo beldurgarra bihurtu zuen arte. Hemen topatuko duzu urte horietan Twitterren sortutako eduki gehienaren artxibo bat.

Zeozertarako behar banauzu, erabili beheko formularioa nirekin harremanetan jartzeko, ados?

Kontaktu formularioa

    Zure Izena (beharrezkoa)

    Zure E-posta (beharrezkoa)

    Mezua