NabarmenakOfftopic

Euskara eremu digitalean, solasaldia Gasteizen

'Eragiteko janzten' hitzaldi zikloan parte hartzera gonbidatu ninduten aurrekoan, EHUko Josu Amezaga eta Arabako Aleako Aritz Martinez de Lunarekin batera
Euskara eremu digitalean, solasaldia Gasteizen 7 - teknopata.eus
Euskara eremu digitalean, solasaldia Gasteizen 11 - teknopata.eus
Eragiteko Janzten zikloaren kartela (klik handiago ikusteko)

Arabako euskalgintzako hainbat eragilek –Arabagarak, Geu Elkarteak, Arabako Aleak eta Euskaltzaleen Topaguneak, hain zuzen ere- Eragiteko Janzten hitzaldi zikloa antolatu dute otsailetik martxora bitartean, gasteiztar euskaltzaleen gogoetarako une eta guneak. Guztira 4 topaketa izan dira, gai oso ezberdinekin: helduen euskalduntzea eta motibazioa, haur eta gazteen aisialdia, guraso elkarteak eta, amaitzeko, euskara eremu digitalean.

Azken saio horretarako hiru hizlari gonbidatu gintuzten: Arabako Alearen zuzendaria, Aritz Martinez de Luna; Josu Amezaga, EHUko irakaslea eta NOR ikerketa taldeko kidea; eta ni neu, teknopata eta TOKIKOMeko IKT zuzendari gisa.

Josuk eta biok zail jarri genion moderatzaile lana Aritzi, egia esan. Josuk euskararen erabilera digitalaren inguruko datu interesgarri mordoa eraman zuen. Besteak beste, azaldu zigun eurek komunikabideen edo interneten kontsumoaz baino, komunikazio praktikez hitz egiten dutela (komunikazio praktika horien barruan edukien sorkuntza ere sartu baita azken urteotan). Egun batzuk lehenago Bea Narbaizak TOKIKOM Jardunaldietan emandako datuei ere erreferentzia egin zion Josuk.

Eta tira, nik TOKIKOMen azken urteotan garatu ditugun tresnen eskema, batetik, eta azken boladan nire baitan areagotzen doazen kezken katalogo luze samarra zerrendatu nituen. Kezkak baino, horietako asko gainditu beharreko beldurrak zirela esan zuen Josuk, eta tokatzen dela teknika berriekin esperimentatzen hastea, bestela erraz samar hartuko baitigute aurre. Oso-oso gustura jardun genuen, egia esan… antolatzaileek aretotik bota behar izan gintuzten arte!.

Enfin: ratutxo bat baldin baduzue, hemen utzi dizuet bideoa. Alean bertan ere baduzue, noski, beste hiru saioetakoekin batera.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.