Adinak ez du barkatzen, lagunok, eta, motxilan eramateko zein eskutan ibiltzeko ezin erosoagoa bada ere, 10,5 hazbeteko pantaila txiki samar geratzen zait segun eta zer egiteko. Beraz, erabaki dut salgai jartzea azken bi urteotan lankide izan dudan tableta: Samsung Galaxy Tab S6 zoragarria.

Galaxy Tab S6 + teklatua salgai
Sagua ez dago salgai, e? Tamainaren erreferentzia izan dezazuen baino ez da!

Esan bezala, 10,5 hazbeteko tablet txikia baina ahaltsua da (24,5 x 16cm, gutxi gorabehera, eta 0,60 cmko lodiera). Android tablet egile guztiek IPadaren aurrean amore eman zutenean, Samsungek pilak jarri zituen 2019 amaieran, eta modelo hau iPadarekin baldintza aurrez aurre lehiatu daitezkeen tableta belaunaldi berri bateko lehenengoa izan zen. Ezaugarri teknikoei dagokienez, hauek dira nagusienak, zenbaki soilek gutxi esango badizute ere:

  • MEMORIA: 6 Gbko RAM memoria / 128 Gbko biltegiratzea / MicroSD txarteletarako zirrikitua
  • PROZESAGAILUA: Qualcomm Snapdragon 855, octacore
  • PANTAILA: 10,5 hazbetekoa, Super AMOLED, 2560×1600 pixeleko bereizmenarekin, 24 bit
  • KAMERAK: Aurrealdean 8MP (f/2.0), atzealdean 13MP (f/2.0) eta 5 MP (/f2.2)
  • AUDIO: 4 bozgorailu AKG, Dolby Atmos.
  • BATERIA: 7040 mAh
  • KONEKTAGARRITASUNA: WiFi a,b,g,n,5GHz,ac,Dual band, Wi-FI Direct. Bluetooth 5.0. USB 3.1 Type-C.
  • KOKAPEN ZERBITZUAK: GPS, A-GPS, GLONASS, BeiDou, Galileo
  • SISTEMA ERAGILEA: Android 12 + Samsung One UI 4.1

Ezaugarri zerrenda xehea nahi baduzu, hementxe topatuko duzu.

S-Pen arkatza eta Dex modua

Tableta honek bi bereizgarri ditu, bata hardware atalean eta bestea softwareari dagokiona.

Hardware atalekoa S-Pen deritzon arkatza da. Arkatz optikoa da, tabletarekin Bluetooth bidez komunikatzen dena, eta automatikoki kargatzen dena tabletak atzealdean hura jartzeko duen lekuan jartzean. Arkatza erabiliz eskuz idatzi daiteke, eta gero tabletak berak bihurtzen du idatzitakoa testura. Marrraztu ere marraztu daiteke, noski, eta tabletaren urrutiko agindu gisa ere erabil daiteke. Arkatza tabletaren parte da (ez aparte erosi beharreko gehigarri bat), eta paketean sartuta doa.

Galaxy TAB S6 arkatza teknopata
S-Pen arkatza magnetikoki itsasten da tabletara, eta automatikoki kargatzen da.
Galaxy Tab S6 Dex moduan - teknopata.eus
Dex moduak ordenagailuan bezala lan egiteko aukera ematen du, ataza barra eta hainbat aplikazio batera irekiz, bakoitza bere leihoan

Software aldetik, azpimarratzekoa da Samsungek garatutako Dex modua. Androidentzako interfaze berezi bat da, ordenagailu baten erabilera esperientzia eskaini nahi duena, batez ere produktibitateko aplikazioei begira. Dex modua aktibatzean, tabletaren interfazea aldatu egiten da: Windowsen estiloko idazmahai bat erakusten digu, beheko aldean ataza barra eta guzti, eta hainbat aplikazio batera irekitzeko aukera ere eskaintzen du, bakoitza bere leihoan.

Ah, eta software aldetik nabarmendu beharrkeo beste kontu bat: interfaze osoa euskaraz konfiguratu daiteke eta itzulpena txukun samarra da gainera!

Book Cover Keyboard

Azkenik, irudietan ikusten duzuen bezala, tabletarekin bezala Book Cover Keyboard izeneko funda ere sartzen da paketean. Dendetan nekez topatu daitekeen eta 120 euro inguruan saltzen den funda horrek bi zati dauzka. Atzekoa bentosa sistema batez itsasten da tabletaren atzealdean. Estalki moduko bat dauka arkatza babestu eta ondo gordeta eramateko, eta hegal moduko bat, tabletari tente eusteko lanerako erabili nahi dugunean.

Aurreko aldea berriz, magnetikoki lotzen da tabletak behean duen konektore batera, eta bi funtzio egiten ditu: alde batetik, pantaila babesteko estalkia da, baina gainera barrualdetik teklatua eta trackpada dauzka. Teklatua eta lehen aipatutako Dex modua erabiliz, tableta ordenagailu eramangarri bat bailitzan erabil dezakegu ia-ia, eta oso aukera politak ematen ditu han-hemenka gabiltzala lanean jarduteko. Lana errazteko, teklatuak tabletaren funtzio espezifikoak atzitzeko laster-teklak ditu goiko aldean, tartean Dex modua piztu eta itzaltzekoa.

Galaxy Tab S6 Book Cover Keyboard euskarria teknopata.eus
Fundak duen hegala nahi den angeluan ireki daiteke, tableta lanerako posizio erosoan jartzeko.

Bizitzera sartzeko

Tabletarekin batera gehigarri gutxi batzuk ere sartu ditut paketean, jaso bezain pronto erabiltzen hasi ahal izateko. Paketea osatzen dute:

  • Tableta bera (Samsung Galaxy Tab S6, 6/128Gb, Wifi).
  • Kargagailu azkarra, originala, USB A – USB C karga azkarreko kablea, S-Pen, S-Pen punta kentzeko tresna eta ordezko puntak.
  • Jatorrizko dokumentazioa.
  • Tableta garraiatzeko zorroa.
  • Pantaila babesteko kristal tenplatua. Bat instalatua eta beste bat berria, behar izanez gero aldatzeko.

Hau dena, 450 euroan, bidalketa barne (inora bidali beharko balitz).

Interesatuta egonez gero, bidali email bat, edo nahi baduzu, kontaktatu Twitter zein Mastodon bidez. Ez izan zalantzarik nahi dituzun galdera guztiak egiteko! Eta interesatuta egon daitekeen inor ezagutuz gero, zabaldu hitza, mesedez! 🙂

Eskerrik asko!

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.