Gauza jakina da japoniarrek halako miresmen kultural moduko bat dietela robotei. (Ongi etorri topiko xenofoboen nazioarteko egunera!). Eta nik neuk ere miresmena diodala japoniarren miresmen horri. Blog honetan errepasatu ditugu robot borrokalariak, robot-umeak, robot irakasleak, robot hunkigarriak, robo-ipurdiakzomorrobotak ere izan ditugu hemen bueltaka, pentsa!

Bex, ahuntz-robota 1 - teknopata.eus

Dakizuenez, azken boladan oso ezagunak egin dira Boston Dynamics enpresa amerikarraren txakurbotak. Oker ez banabil, Barakaldoko BECen ere ibili dira hara-hona Makina-Erremintaren azokan (Arantxa Tapia bertan zela, noski!). ‘Spot’ izeneko txakur hauek izurritea bilakatzen ari dira pixkanaka-pixkanaka.

Japoniarrek pentsatu omen dute ez dela justua txakur hauek non-nahi barreiatzen hastea, eta haiei aurre egiteko beste robot bat sortu dute: Kawasaki etxearen Bex, ahuntz-robota.

Kawasaki Bex, ahuntz robota. Teknopataren txokoa

Spot bezala, Bex lau hankatan ibil daiteke, baina gainera, lurzoruak horretarako aukera ematen duenean, lau belaunak bildu eta haietan dituen gurpilen gainean mugitu daiteke. Horrek aukera ematen dio, Kawasakirengandik etorrita pentsatzekoa zen bezala (topikoen eguna, esan dizuet!), pertsona bat gainean eraman eta motorra bailitzan gidatu ahal izateko. Tira: motor geldo samarra, hala ere.

Sortzaileen arabera, ahuntz robotikoa erabilgarria izan liteke eraikuntza lanetan, zama astunak garraiatzeko, nekazaritza lanetan edota segurtasun eta zaintza lanetan. Nik egia esan ez dut oso argi ikusten, baina tira, haiek esaten badute, zerbaitengatik izango da, ezta?

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.