Fenomeno deigarria izaten ari da Berbaxerka eta Wordle jokoen arrakastarena. Besteak beste, edo batez ere beharbada, beste garai bateko dinamikak eta ‘izpirituak’ gidatzen dituelako biak. Jokoak eurak (nik jolasak esango nuke, baina beldur naiz @txargainek zer esango didan) teknikoki sinpleak izateaz gain, euren dinamika eta helburu nagusia jolastea bera da, denbora pasatzea. Ez dago erabiltzaileon datuok jasotzeko erregistro edo ‘freemium’ pizgarri tranpatirik, ez dago iragarkirik, ez desblokeatu beharreko erronka edo lorpenik… Denbora (ondo) pasatu eta kitto. Desagertze bidean dugun interneten ikuskera baten azken erakusgarrietakoak ez ote diren izango!

Baina, ai, gure Big Data garai hipermetrifikatu hauetan, halako jolas arrakastatsuak goxoki tentagarriegia dira sarean han-hemenka dabiltzan “ekintzaile”, , eta era guztietako espekulatzaileentzat… Eta hara non, Wordleren egileak gorabehera  bat baino gehiago izaten ari diren, besteak beste, doako web jolasa aplikazio baten barruan enbotatu eta hilean euro bat edo urtean 30 euroko erregistro-kuota kobratzeko ideia izan duten negozio-gizonekin (zeren, bai, gizonak baitira gehien-gehienak). Eta jatorrizko ideiaren sortzaileak edota haren jarraitzaileak kexuka hasi direnean, barkamena eskatu eta isildu beharrean, han harrotu dira gure gazte idealistak, ekimena hartzeagatik kantzelatuak izan direlako negarrez.

Wordle: jolasa vs. negozioa 1 - teknopata.eus
Google Play Store Wordleren ustezko app bertsioz gainezka dago. Bakar bat ere ez da ofiziala.

Azken egunotan, Apple Wordle jokoaren hainbat ‘aldaera’ (eta aldaera esaten dudanean, kopia esan nahi dut) erretiratu ditu App Storetik. Baina Androiderako Play Storean ‘Wordle’ bilatuz gero, dozenaka aplikazio topatu daitezke oraindik, jokoaren aldaera edota ‘bigarren bertsioa’ izateko itxurak egiten. Denak ere, jakina, erabiltzailea nahasten saiatzen dira harpidetzak, aukerako erosketak eta abarrak eskaintzeko, zeinetatik Wordle jokoaren jatorrizko sortzaileek ez baitute zentimo bakar bat ere ikusiko…

Enfin, garai txarrak entretenimendu hutsa eskaini nahi duten sortzaileentzat…

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.