The Guardian egunkariak argitaratu duenez, bere alabak berak bidalitako ohar baten bide jakinda, gaur hil da, 81 urte zituela, Sir Clive Sinclair. Besteak beste, poltsikoko kalkulagailuak eta garai baten hasiera ekarriko zuen ZX Spectrum ordenagailuen asmatzailea.

Spectrum 48K
ZX Spectrum etxerako ordenagailu ñimiñoak egundoko iraultza ekarri zuen informatikaren mundura. Igor Leturiak, adibidez, hemen kontatu zuen nola eragin zion berari, Spectrumak 25 urte bete zituenean.
Bill Bertram, CC BY-SA 2.5, via Wikimedia Commons

Asko hitz egiten da -oraindik ere- Steve Jobsek informatikaren mundura eta, hedapenez, mundu osora ekarri zuen iraultzaz. Bada, esango nuke Sinclair honek antzeko papera -edo beharbada handiagoa- jokatu zuela ordenagailuak etxeetara eramateko saiakeran. Garai batean behintzat, gizona obsesionatuta ibili zen etxeetarako erosteko moduko ordenagailu erabilerraz eta batez ere merkeak sortzearekin. Eta ez zuen amore eman harik eta ZX Spectrum delakoa salgai jarri arte: etxeko telebistara konektatu eta BASIC programazio sistema erraza erabiliz programatu zitekeen mikro-ordenagailu merkea. Lehen bertsioak 39.900 pezeta balio zuen 16 kilobiteko memoriarekin, 240 euro inguru. 48 kilobitekoak, berriz, 52.000 pezetako kostua zuen 312,5 euro. Konparazio baterako, Iraultzaile eta ‘for the rest of us’ leloa zeramaten Apple II ezagunek, Jobsen enpresak aurrez montatuta saldu zituen lehenengoak, 1298 dolarreko prezioa zeukan 4 kilobiteko memoriarekin, eta 2638 dolar 48 kilobitekin, bost eta zortzi bider garestiagoak.

Agur eta ohore, Sir Clive Sinclair 2
1980ko hamarkadako lehen ZX Spectrum modeloen iragarki bat, El Pixeblog de Pedja gunetik hartua. Klikatu irudian jatorrizko artikulua irakurtzeko. Istorio interesgarria da SInclairrek Espainiako banaketa enpresa handiekin egin zituen negozioen inguruan.

Gomazko tekla ezinezko haiek zituen makinatxoak benetako iraultza ekarri zuen: lehen aldiz, telebistan ikusten genituen ‘konputagailuak’ etxean sartu zitezkeen. Eta horixe sartu zirela! Oso denbora gutxian, Spectrum hauek etxe askotan agertzen hasi ziren (geurean ez, tamalez), eta ordura arte enpresa mundura mugatua zegoen softwarearen eta informatikaren merkatua etxeetara ere zabaltzen joan zen: jokoak sortzen zituzten enpresak sortu ziren, kolore, neurri eta itxura guztietako aldizkariak, periferikoak, programazio ikastaroak…

Agur eta ohore, Sir Clive Sinclair 4
Nik neuk erosi ahal izan nuen lehen ordenagailua honelako bat izan zen. Sinclair haien biloba zen AMSTRAD PCW 8256. PCWk esan nahi zuen Personal COmputer Wordprocessor. Eta bai: kontzeptua zen oredenagailu sinple bat eta idazkamina bat, dena batean. Inprimagailua ez zen gehigarri bat, ordenagailuaren parte zen, eta teklatuan zeuden tekla berezien bidez kontrolatzen zen.
Johann H. Addicks, CC BY-SA 3.0 http://creativecommons.org/licenses/by-sa/3.0/, via Wikimedia Commons

Oso garaikoa dirudien kontu bat ere inauguratu zuen Sinclair jaunak: ordenagailuen ezaugarrietan zenbakitxoak gehitzen joateko norgehiagoka: 48k, 64, 128… Denborarekin, hasierako makinatxo plastikoso hura sofistikatzen joan zen, potentzian irabazten… eta merkatua ere konplikatzen joan zen. Sinclair etxea zena AMSTRAD izatera pasa zen, IBMren PC estandarra iritsi zen eta… enfin, denbora baduzue, hartu tartetxo bat tipo honen bizitza eta negozioez irakurtzeko. Argi dago Jobsek garai bat markatu zuela informatikaren aroan, baina beste hau ere ez da makala. Bueno, informatikaren beraren alorretik kanpo ere bai, eh? Pentsa, ibilgailu elektriko bat ere asmatu zuen 1980ko hamarkadan! Goizegi, beharbada. Lastima!

Enfin, esandakoa. Agur eta ohore, Sir Clive!

Inoiz super zoriontsu egin nahi banauzue, institutu garaian nire amets hezeen protagonista zen eta etxean arratoiak baino txiroagoak ginenez sekula izatera iritsi ez nintzen honelako Spectrum Plus 2 bat oparitu ahal didazue

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.