Sarrera honek afiliatu loturak ditu

Bertan agertzen diren loturen bidez ezer erosiz gero, litekeena da blog honek komisio txiki bat jasotzea. Aipatu edo gomendatutako produktuak, hala ere, fede onez eta benetako iritzian oinarrituta aipatzen dira, eta ez komisio horiek lortzeagatik. Gauza hauek ere esperimentu txiki bat dira, ea blog hau inoiz bere gastuen zati bat behintzat ordaintzera iristen den!

Lehengo egunean, kontsulta bat jaso nuen kontaktu formularioaren bidez. Irakurle batek opari bat egin nahi zuen, eta galdetu zidan euskaraz funtzionatzen duen smartwatch edo ordulari adimentsurik gomendatu ote niezaiokeen. Bi baldintza bete behar zituen erlojuak:

  • Interfazea euskaraz edukitzea
  • Aukera ematea telefonoko musika erreproduktorea erlojutik kontrolatzeko, eta erlojuan bertan ikusteko zein den momentuan entzuten ari den kantua.
Galaxy Watch Active, erlojua euskaraz

Kasualitatea, duela aste batzuk telefono berria erosi dut, eta harekin batera ordulari txukun samar bat ere oparitu didate: Samsung Galaxy Watch Active delakoa. Erloju txikia da -nirea 40 mmkoa da, baina uste dut 44ko bertsio bat ere badagoela-, borobila, eta nire gusturako potolo samarra aukeran, baina bestela itxuraz ederra eta funtzionamendu aldetik ere txukuna, aste pare bat baino ez daramat harekin. Eta, hau ere kasualitatea, beharbada, irakurleak eskatzen zizkidan bi ezaugarriak betetzen ditu, oso txukun bete ere!

Interfazea, euskaraz

Erlojua ere, euskaraz 2
Erlojuak kontatu ahal dizu estresatuta zauden ala ez. Baina seguruenik hori erlojurik gabe ere jakin zenezake, ezta?

Erloju honi atarramentu osoa ateratzeko, Galaxy Wear delako aplikazioa instalatu behar da telefonoan. Erlojuak automatikoki hartzen du telefonoko aplikazioak erabiltzen duen hizkuntza. Eta telefonoko aplikazioak automatikoki hartzen du telefonoan konfiguratuta daukazun hizkuntza. Beraz: telefonoa euskaraz konfiguratua baldin baduzu, erlojua ere euskaraz izango duzu. Hau oso albiste ona da, eta niretzat behintzat ezusteko atsegina izan da. Baina gogoratu beti-beti ez dela posible. Adibidez:

Erlojua ere, euskaraz 4
Ezusteko atsegina izan da benetan erlojutxoaren interfaz osoa euskaraz topatu izana.
  • iPhone bat baldin baduzu, Applek aspalditik dauka erabakita euskaldunok ez dugula merezi bere sistema eragileak gure hizkuntzan izatea. Edo haren sistema eragileek ez dutela merezi gure hizkuntzan ere egotea. Edo biak. Gauza da ez telefonoa, eta beraz, erlojua ere, ezingo duzula euskaraz jarri.
  • Android bat baldin baduzu, hainbat fabrikantek, ez dakit oso ondo zergatik, Androiden barruan ofiziala den euskarazko itzulpena kentzen dute euren sistemetatik. Zure telefonoko ezarpenetan begiratu dezakezu interfazea euskaraz jar daitekeen ala ez. Edo bestela Lehen Hitza Euskaraz aplikazioa erabili. Hemen aurkituko duzu pista gehiago, telefonoa oraindik euskaraz jarrita ez baduzu.

Musika eta beste, eskumuturretik

Erlojua ere, euskaraz 6
Telefono musika… edo erlojuan bertan gordetakoa ere, kontrola daiteke pantailatik

Irakurleak eskatzen zuen bezala, erloju hau Bluetooth bidez konekta daiteke telefonora, eta han gordeta dugun musikaren erreprodukzioa kontrolatu. Baina oso kirolzalea bazara eta telefonoak ere kirola egitean traba egiten badizu, erlojuak berak ere badu espazioa musika apur bat gordetzeko. Erlojuaren memoria 4 Gbkoa da, eta betetzen doa aplikazioak, erlo diseinuak eta abarrak gehitzen goazen heinean.

A, hori bai: Galaxy Watch Active honek ez du bozgorailurik. Bertan gorde duzun musika entzuteko, Bluetooth bidezko aurikularrak konektatu beharko dizkiozu.

Horrez gain, erlojuak hainbat sentsore eta funtzio interesgarri ditu: pultsometroa, jardun fisikoa automatikoki antzemateko ahalmena, GPSa, estresa neurtzeko aplikazioa, egunean zehar aktibitate minimo bati eusteko aholku eta iradokizunak… Telefonoarekin interaktuatzeko hainbat aukera ere eskaintzen ditu: jakinarazpenak erlojuko pantailan ikusi eta erantzuteko modua eskaintzen du, dela aurrez gordetako testuzko erantzunen bidez, dela atzamarrarekin testua idatziz pantailaren gainean, edo ahots bidezko ezagutzaren bidez, baina azken hori ez dago eskuragarri euskaraz.

Duen mikrofonoari esker, Samsungen Bixby delako ahots laguntzailea ere erabil daiteke erlojuari agindu sinpleak emateko: alarma bat ezarri, musika jarri edo kendu… Telefonoko alarmak gainera, iratzargailua adibidez, erlojutik gelditu edo atzera daitezke, bai eta deiak errefusatu ere. Baina adi, onartu, ezingo dituzu onartu erlojutik, bozgorailurik ez duenez, hitz egin nahi baduzu derrigor erabiliko beharko baituzu telefonoa bera.

Alderik makalena: bateria

Baina oro ez da urre Galaxy Watch Active honetan. Alderik ahulena, zalantzarik gabe, bateriaren iraupena da. Erloju hau baino lehen Fitbit Versa bat erabiltzen ibili naiz. Funtzio aldetik oso-oso antzekoa, baina forma aldetik karratua, euskarazko aukerarik eta mikrofonorik gabea, eta pantaila kaskarragoa duena. Pantailaren teknologia sinpleagoak, ordea, abantaila handi bat ematen dio Versa modelo horri: bateriak 4 egun inguru irauten du erabilera normalarekin. Galaxy Watch Active honen kasuan, momentuz behintzat pare bat egun baino ez dit iraun karga bakoitzak. Hori bai, sentsazioa da gailua bera arinagoa dela eta pantaila hobeto ikusten da kaleko argiaz.

Tira,  hona azalpen labur bat momentuz erloju honi ikusi dizkiodan abantailekin. Oparitzeko edo zeuen  buruarentzat erostekotan bazabiltzate, eta online erostea pentsatu baduzue, beheko lotura horien bidez erosiz gero, ordaintzen duzuen prezioaren zati txiki-txiki bat niretzat izango omen da. Kontatuko dizuet aberasten banaiz! 🙂

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.