Firefox_logo_2019
Egin klik irudian Firefox deskargatzeko

Atzokoan Xuxen instalatzeko gomendatu nizuen, gaur egun erabiltzen dituzuen softwareen gainean dabilen gehigarri bat. Gaurkoan berriz, proposamena apur bat ausartagoa da: Chrome, Edge, Safari edo Explorerren ordez, Firefox nabigatzailea instalatzea. Mila arrazoi daude Firefox nabigatzailea erabiltzeko beste edozein baino. Hemen batzuk, azkar-azkar:

  • Software librea da. Bere ‘tripak’ publikoak dira, eta edozeinek aztertu eta eraldatu ditzake. Hura erabiltzen dugunean, nabigatzeaz gain beste zerbait egiten ote duen jakitea erraza da (bueno, programazioaz jakinez gero behintzat). Ez du ezer ezkutatzen. Beste nabigatzaileak pribatuak dira, haien tripetako kodeak copyrighta dauka, eta ez da publikoa ‘teloiaren atzetik’ zer egiten duten.
  • Mozillarena da. Mozilla fundazio bat da, helburu nagusitzat duena internet irekia, eskuragarria, neutrala eta librea bultzatzea. Firefox du horretarako tresna nagusienetakoa. Estandar irekiak errespetatu eta bultzatzen ditu, eta erabiltzaileak modu proaktiboan babesten gaitu datu pribatuen erauzketa bezalako praktiketatik.
  • Euskaraz dago. Software librea izateak hainbat abantaila ematen dizkio Firefoxi. Haietako bat, oso erraza dela edozein hizkuntzatara itzultzea. Librezale taldeko lagunek urteak daramatzate Firefoxen euskaraketa egunean mantentzen, eta emaitza oso txukuna da.
  • Zer arraio: ondo txukuna da! Nabigatzaile gisa, Firefox OSO ondo dabil estandarrak errespetatzen dituzten webguneekin. Litekeena da webguneren bate edo besterekin arazoak izatea, baina gogoratu hau: webgune bat Firefoxekin ondo ez badoa, horrek esan nahi du webgunea dela arazoak dituena, ez Firefox. Google, adibidez, kode ez-estandarrak erabiltzen ditu bere web zerbitzu askotan, hobeto ibili daitezen Chromen beste nabigatzaile batzuetan baino. Horrela, Chrome erabiltzera bultzatzen gaituzte, eta errazago egin dezakete interneten egiten dugun guztiaren jarraipena.
  • Plataforma anitzetan dago: ordenagailuan zein telefonoan instalatu daiteke Firefox, eta gailu ezberdinetan dituzun laster-markak, pasahitzak eta abarrak sinkronizatu.
Firefox wallpaper
Eta nabigatzailea gustatzen bazaizu, ezagutu Firefoxen familiako beste kideak: Thunderbird posta bezeroa, pasahitzak gordetzeko sistema, fitxategiak konpartitzeko sistema, zure interneteko kontuak hackeatuak izan ote diren jakiteko webgunea…

Firefox hemendik eskuratu dezakezu ordenagailurako, GNU Linux, Windows eta macOS sistemetarako. Android eta iOSen berriz, beheko botoi hauetatik eskura dezakezu:

‎Navegador Firefox
‎Navegador Firefox
Developer: Mozilla
Price: Free

E, baina nik derrigor erabili behar dut beste nabigatzaile bat! 🙁

Tira kasu horretan ere, bada gauzatxo bat egin dezakezuna, zure nabigatzaileak bisitatzen dituzun webguneen aurrean euskaldun bezala aurkeztu dezan bere burua: ezarri euskara lehenetsitako hizkuntza gisa.

Horrek zure egunerokotasunean ez du eragin handiegirik izango: ez du zure nabigatzaileko menurik aldatuko, eta webguneak ere berdin-berdin ikusiko dituzu. Baina, esan bezala, bisitatzen dituzun webgune guztiei esango die edukiak euskaraz nahiago dituzula. Munduan diren eta ez diren enpresa teknologiko guztiek gure interneteko jarduera guzti-guztia milimetrora zaintzen duten honetan, keinu hori oso garrantzitsua da, munduan zehar barreiatuta dauden enpresa horiek jakin dezaten euskaldunak eta euskaltzaleak bagarela.

Denborapasa teknologiko produktibo euskaltzaleak itxialdirako 2/7: Instalatu Firefox 7
Webgune honen erabiltzaileon hizkuntza konfigurazioa azken bi urteotan. Euskara (eu) hirugarrena da ingelesa eta gazteleraren atzetik, alde handiz gainera. Eta eu eta eu_es aldagaiak batuta, gaztelerazkoen erdira, edo ingelesezkoen herenera ere ez dira iristen. Euskarazko blog baten bisitarien %13k baino ez du nabigatzailea euskaraz konfiguratua. Oso logikoa ez da, ezta?

Zure nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskarara aldatzeko, jarraitu Lehen Hitza Euskaraz webgunean aurkituko dituzun jarraibideak.

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

Gauzatxo bat!

Sarrera honi buruzko galdera edo ekarpenik baldin baduzu, mesedez, erabili blogeko erantzunak horiek egiteko, ados?

Sare sozialen bidez egiten badituzu, denboran galduko dira berehala, eta hemen berriz, ondo gordeta eta ordenatuta geratuko dira, zure atzetik datozenek ere aprobetxatzeko moduan.

Eskerrik asko! ;-)