Bueno, ba horixe: ri-rau joan da astea, eta iritsi da momentua erantzun zuzenak zeintzuk ziren argitzeko. Ea ba! Atalez atal:

#galderakatea 2019: erantzun zuzenak 1
Itsasontzira Bluetooth bidez lotutako eskumuturreko bat da Sotapatroi, arazorik detektatuz gero motorea geldiarazteko gai dena.

1. galdera errazena zen, beharbada: 2016an, Bermeoko gazte batzuek, tartean @zital jauna, Sotapatroi izeneko eskumuturrekoa aurkeztu zuten, itsasontzitik jausten diren marinelei ontzia geldiarazten laguntzeko. Eta horixe zen, hain zuzen ere, lehen eguneko erantzun zuzena: Sotapatroi.

2.  galdera Sotapatroi asmatu zuten gazteen herritik abiatzen zen, Bermeotik. EiTBn bada bertan jaiotako aurkezle oso ezagun bat, Ilaski Serrano. Wikipediaren arabera, Ilaski 1976. urtean jaio zen. Urte horretan, Espainiako Erregeak onarpen ofiziala eman zion Euskaltzaindiari, ondorioz erret-akademia izatera pasatu zelarik. Jakina denez, Euskaltzaindiak 100 urte bete ditu aurten, eta horixe zen beraz, erantzun zuzena: 100.

3. galdera: Euskaltzaindia, beraz, 1919an sortu zen. Urte horretan bertan, Alejandro Finisterre izeneko gizon batek futbolinaren bertsio berri bat asmatu zuen (mahaiko jokalarien panpinek bi hanka zuten bertsio berrian, eta ez bakarra, jatorrizkoan bezala). Fisterra edo Finisterreko itsasargiak 143 metroko altuera du itsasoaren gainetik.

4. galdera: Higer lurmuturreko itsasargia, Hondarribian, Fisterrakoaren oso antzekoa da, eta camping bat du ondo-ondoan. Itsasargia erabat birrinduta geratu zen III. Gerra Karlistan, baina gerra amaitu ondoren, 1876. urtean ekin zioten berreraikitzeari. Urte horretan bertan, Alexander Graham Bellek telefonoa patentatu zuen Estatu Batuetan. Urteetan pentsatu da telefonoa Bellek asmatu zuela, baina gerora jakin da, eta Estatu Batuetako Kongresuak hala aitortu zuen ofizialki 2002an, telefonoa, berez, Antonio Meucci izeneko italiar batek asmatu zuela. Baina patentea erregistratzeko kostua ordaintzeko dirurik ez zuenez, Bellek hartu zion aurrea. Erantzuna, beraz: Meucci zen.

#galderakatea 2019: erantzun zuzenak 3

5. galdera: Estatu Batuetako Kongresuak 2002n onartu zion Meucciri telefonoaren ‘aitatasuna’. Urte horretan bertan, Mozilla Firefox nabigatzaile askearen lehen bertsioa kaleratu zen. Euskarazko lehen bertsio ofiziala 1.0.3 izan zen, handik hiru urtera. 2013n, Mozillak Firefox OS aurkeztu zuen, Android eta iOSen alternatiba librea izan nahi zuen sistema eragile bat, gailu mugikorretarako. Proiektuak ez zuen luze iraun, bere jatorrizko forman behintzat, eta Mozillak baztertu zuen arren, Panasonic etxe japoniarrak bere telebistetarako moldatu zuen (gaur egun Panasonic OS izena darama Firefox OSen gainean garatutako aldaerak). Panasonicen egoitza nagusia Japonian dago, Kadoma hirian… eta Euskarazko Wikipediaren ‘bug’ honek argi uzten duen bezala, Zimbabwen ere bada Kadoma izeneko distrito bat. Horixe zen erantzun zuzena: Zimbabwe.

#galderakatea 2019: erantzun zuzenak 5

Horiek dira, beraz, bost erantzun zuzenak. Asko asmatu dituzu? Bueno lasai, bihar esango dizuet nortzuk sartzen zareten zozketan, eta zenbat zenbaki duzuen bakoitzak. Bitartean, esandakoa: mila esker parte hartzeagatik, eta zorte on! 🙂

Leave a Reply

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.