Lehengo astean erakutsi nizkizuen NILS USB eskumuturrekoek arrakasta handia izan dute, eta agindu nizuen bezala, aspaldiko tradizioak berreskuratu eta jolas txiki bat proposatuko dizuet, eskumuttueko haietako biren zozketan parte hartzeko, ados?

Adi, bada, hauek dira #galderakatea2019​ren arauak! 🙂

Arauak eta baldintzak

  • Irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean, egunero galdera bat jarriko dut blogean.
  • Galderek teknologiarekin zerikusia izango dute, eta erraz erantzun daitezke Wikipedia edo/eta Google erabiliz. Bakoitzari erantzun ahal izateko, aurrekoaren erantzuna izango da oinarria.
  • Galdera bakoitzaren erantzuna blogean bertan txertatutako galdetegi baten bidez erantzun beharko da. Galdetegiak erantzuna aztertu eta erantzun zuzenak baino ez ditu onartuko. Parte hartzaile bakoitza nahi beste aldiz saiatu daiteke erantzuten, erantzun zuzena topatu arte.
  • Parte hartzaile bakoitza e-mail helbide batekin identifikatuko da, eta email helbide bera erabiliko du erantzun guztiak identifikatzeko.
    • Email helbide horiek zozketak dirauen bitartean gordeko ditut, eta zozketarekin lotutako komunikazioetarako baino ez ditut erabiliko. Behin zozketa eginda, email helbideak ezabatu egingo ditut.
  • Galdera bakoitzaren erantzuna dagokion egunean bertan bidali beharko da balekoa izateko, hau da: argitaratzen den momentutik hurrengo gauerdira bitartean. Helbide batetik eta dagokion epean erantzun bat baino gehiago jasoz gero, azkena soilik hartuko da kontuan.
  • EZ DU BALIO ERANTZUNAK PUBLIKOAN ZABALTZEA!!! Hori gertatuz gero, mihiluzea zozketatik kanpo geratuko da, eta jolas osoa ere bertan behera gelditu liteke.
  • Asteburuan, irailak 5-6, galdera guztien erantzunak eta parte hartzaileen zerrenda argitaratuko ditut. (Denbora badut, erantzun zuzen bakoitza hurrengo galderarekin batera argitaratuko dut, deskolgatuta geratzen direnak ere jarraitu ahal izateko).
  • Asteazkenean, urriak 9,  erantzun guztiak ondo eman dituzuenon artean zozketa egin eta irabazleen izenak jakinaraziko ditut:
    • Parte hartzaile bakoitzak zozketarako zenbaki bat izango du erantzun zuzen bakoitzeko.
    • Bost galderen erantzun zuzenak bidaltzen dituztenek, gainera, beste zenbaki bat izango dute zozketarako (hau da: 6 zenbaki orotara).
  • Zalantzarik suertatuz gero, azken erabakia zozketaren antolatzailearena izango da.
  • Joko honetan parte hartzeak aurreko baldintza guztiak onartzea dakar.

Saria

Bi sari zozketatuko ditut parte hartzaileen artean:

  • NILS USB eskumuturreko bikoitza, M neurrikoa, berde koloreka, MicroUSB konektorearekin
  • NILS USB eskumuturreko sinplea, M neurrikoa, gorri kolorekoa, USB C konektorearekin
NILS eskumuturreko berdea

Zozketan bi zenbaki aterako dira, eta zenbaki horietako bakoitzaren jabeak eramango du eskumuturreko bakoitza

Ulertuta? Tira, ba hemen doa lehenengo galdera! Adi-adi irakurri, eta zorte on! (Gogoratu! Formularioak erantzun zuzena baino ez dizu onartuko!)

NILS USB eskumuturrekoa

#GALDERAKATEA 1:
Eskumuturreko moloiak

NILS eskumuturreko hauek oso moloiak dira, baina ez dira ikusi ditugun moloienak. 2016an, Bizkaiko gazte batzuek arrantzaleei laguntzeko eskumuturreko bat aurkeztu zuten: eskumuturrekoa daramana itsasontzitik uretara eroriz gero, eskumuturrekoak itsasontzia geldiarazi egiten du. Nola zuen izena eskumuturreko hark?

Lehen galderari erantzuteko epea amaitu egin da!!! Segi bizkor bigarren galderara!

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.