Hiperkonektibitatearen garaiak lanbide eta pertsonaia berriak ekarri dizkigu eguneroko bizitzara. Ezagunenetakoa Community manager delakoa da, enpresa edo erakunde baten sare sozialen kudeaketa egiten duen pertsona.
Baina horrez gain, meritu handia baina askoz aitortza maila apalagoa duen beste figura bat ere ekarri digu: Komunetik manager deitzen diot nik. Denok ezagutuko duzue baten bat: pertsona horiek, konektibitateari horrenbesteko zukua ateratzen diotenak ezen, komunera doazenean ere, sakelakoa bertara eraman eta “libratzen” ari dela, gestioak, mezuak, emailak eta abarrak bidaltzeko aprobetxatzen dutenak. Nork ez du eserialditxoa aprobetxatu, zer dakit nik, posta elektronikoko sarrera ontzia garbitzeko?

Baina produktibitate aplikazioez gain, badira beste asko, komunera joatean erabiltzeko propio pentsatuta daudenak. Hemen dituzue hiru, bitxienak iruditu zaizkidanak:

Idle Pooper
Sinistu ala ez, komunean irakurtzen jartzeko tentazioa smartphoneak asmatu baino dezente lehenagokoa da. Ezagutzen ditut -eta ez naiz bakarra, seguru- aldizkari bildumak edota liburutegi txikiak ere dituzten eskusauak. Baina, zer irakurri aldizkari, liburu eta telefonorik ezean? Bada: xanpuaren, dutxako gelaren, hortzorearen, krema hidratatzailearen eta antzekoen etiketak.
Bada, lehenengo aplikazioa garai horien nostalgikoentzat da. Idle Pooper aplikazio sinple-sinplea da, aspaldiko garai horietako komuneko ‘user experience’ delakoa berreskuratzeko. Aplikazioak xanpu, xaboi, gel eta halakoen etiketak erakusten ditu, garai batean bezalako irakurle esperientzia izan dezazun libratzen duzun bitartean. Ez esan ez dela ideia zoragarria!!!
Poop Tracker

Beste aukera hau ez da aurrekoa bezain erromantikoa, baina oso erabilgarri suerta daiteke egoera jakin batzuetan. Niri neuri behin baino gehiagotan geratu zait: medikuarenera joan tripako minak jota, eta sendagilea galdera galdera indiskretuak egiten hasi: Zenbat aldiz joan zara komunera azken egunotan? Ze kolorekoak egin dituzu kakak? Bigunak ala gogorrak? Buf, zer dakit nik!!!
Baina lasai, Poop Tracker aplikazioak zure komuneko bisiten jarraipen zehatza egiteko aukera emango dizu. Komuneko bisiten egutegia osatzeaz gain, eserialdi bakoitzean egindako gorozkiaren kolorea, tamaina eta itxura orokorra ere gordetzeko aukera emango dizu. Premium bertsioa ordainduz gero, datu horien guztien grafiko zehatzak, estatistikak eta abarrak ere ateratzeko aukera emango dizu. Ez egin barre, segun zer gaixotasunen jarraipenerako, oso tresna baliagarria izan daiteke!

Poop Map
Beno, eta errepasoa bukatzeko, geolokalizazioa hain bogan dugun garaiotan, zer moduz kaka egin duzun leku guztiak mapan markatzeko aplikazio bat?
Poop Map aplikazioak gorozkiak utzi dituzun leku guztiak seinalatzeko aukera ematen dizu. Baina geolokalizazioarena ez ezik, aplikazio sozialen garaian ere bizi garenez, Poop Mapen iruzkinak utzi ahal izango dituzu besteek utzitako mondongoen inguruan… baita lagunekin taldeak osatu eta norgehiagoka jardun!
Bueno, ba hortxe dituzue aukera batzuk, komunera egiten duzuen hurrengo bisitalditxoan probatzeko. Eta zuek? Ezagutzen duzue estilo honetako aplikaziorik? Kontatu, kontatu! Jakin nahi dut eta!!!