Amazonen azalpena Alexaren barre gaiztoaz

Kostata, baina azkenean badirudi Amazonek azalpen bat eman duela joan den astean kontatu nizuen Echo irribarretsuen arazo horrentzat. Eta azalpena ez ezik, konponbide bat ere eman bide du, software eguneraketa masibo baten bidez.

Prentsara zabaldutako azalpen batean, Amazonek dio arazoa dela Alexak txarto ulertu dituela inguruko ahotsak… …edo zaratak. Normalean, gailu hauek lainoko zerbitzari baten bidez egiten dute entzuten dituzten ahotsen prozesamendua. Hau da: entzundakoa Amazonen zerbitzari batera bidaltzen dute, zerbitzari horrek aztertzen du audioa, eta ulertzen duenaren arabera, makinak gauza bat ala beste bat erantzuten du.

Prozesu hori guztia abiatzeko, badira ‘esnatzeko hitz’ batzuk. Hitz edo esaldi laburrak dira eta, makinak entzuten dituenean, orduan hasten da adi entzuten, agindua zein den jakiteko. Hitz gako horiek (“Alexa”, “Computer”, “Hi, Alexa”…) gailuan bertan prozesatzen dira, eta ez urruneko zerbitzari sofistikatu hartan.

Amazonen azalpena Alexaren barre gaiztoaz 1

Eta hortxe omen dago arazoa. Alde batetik, gailuek txertatuta daramaten ahots errekonozimenduko programa oso-oso-oso basikoa da. Amazonek aitortu duenez, batzuetan erraz gertatu daiteke gailutik hurbil kamioi bat pasatzea, edo hozkailu baten motorea piztea, edo beste soinuren bat entzutea, eta oinarrizko errekonozimendu programak “Alexa, laugh” esaldiarekin nahastea.

Amazonek, ondorioz, bi irtenbide pentsatu ditu arazoa ez errepikatzeko:

  1. “Alexa, laugh” gako hitzaren ordez, “Alexa, can you laugh?” ezarriko du gailuaren barrea eragiteko agindu moduan. Hartara, zailagoa izango da Alexak inguruko soinuen ‘itzulpen’ akatsak egitea.
  2. Agindu hori entzundakoan, gailua abisurik gabe barrezka hasi baino, zerbait esango du: “Yes I can”, edo antzeko zerbait, eta gero barrezka hasi. Horrela erabiltzaileek jakingo dute Alexak nonbait ulertu duela barre egiteko eskatu zaiola.

Bejondeiola, bada, Amazoni. Baina erabiltzaile askok kezkatuta jarraitzen dute: horrek ez du azaltzen gailu batzuk zergatik hasi diren algaraka, gauaren erdian, erabateko isiltasunean. Eta, batez ere, ez du azaltzen Echo bozgorailuen portaera erratikoa, CIArekin konektatuta dauden ala ez galdetzen zaienean!

BONUS: The Inquirer gunean sujeritzen dute beharbada azalpena ez duela Amazonek eman, baizik eta Alexak berak, ordenagailu baten kontrola hartuz.

BONUS: Ahal baduzue, ikusi The X Files telesaileko Rm9sbG93ZXJz atala (11. denboraldiko 7. atala). Ooooso lotuta dago kontu honekin! 🙂

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.