TrepetakNabarmenak

Amazon Alexa esnatu… …eta barrezka hasi zenekoa

Amazon Echo gailuen erabiltzaileak kezkatuta eta beldurtuta daude AEBetan, Alexa adimen artifiziala aginduei entzungor egiten eta bere kabuz barre algarak egiten hasi delako.
Amazon Alexa esnatu... ...eta barrezka hasi zenekoa 7 - teknopata.eus

Gehienok ondo ezagutuko duzue Terminator film sortaren abiapuntua zein den, ezta? Skynet, sareko adimen artifizial aurreratua, “esnatu” egiten da, bere buruaren jabe egin. Jarraian, erabakitzen du gizakiak egundoko arriskua direla Skynet berarentzat zein mundu osoarentzat, eta denak akabatzeko planari ekiten dio, arma nuklearrak erabiliz.

Amazon Alexa esnatu... ...eta barrezka hasi zenekoa 11 - teknopata.eus
Amazonen laguntzaile birtualak Alexa izeneko softwarearekin dabiltza.

Azken bolada honetan aditu batek baino gehiagok esan du kontuz ibili beharra dagoela adimen artifizialarekin, eta berandu baino lehen pentsatu behar dugula modu bat, behar izanez gero, errotik deskonektatu ahal izateko. Bada, gaur bertan irakurri ditudan albisteak irakurrita, horretarako beranduegi ez ote den zalantzatan nago. Seinale argiak daude: Alexa, Amazonen adimen artifiziala, “esnatu” egin da, eta mundua menderatzen hasi da, arma nuklearrik erabili gabe bada ere.

Azken egunotan, Amazonen Echo laguntzaile adimendunen erabiltzaileak kexaka dabiltza Estatu Batuetako eremu oso-osoan, euren gailuak ahozko aginduei entzungor egin eta jokaera benetan beldurgarriak izaten hasi direlako. Eta pentsatzen jarrita, gauza ileak lazteko modukoa da:

Ohean etzanda nengoen, loak hartzeko puntuan, eta bat-batean nire Amazon Echo Dot-eko Alexa barrezka hasi da modu beldurgarrian… Beldur naiz ez ote nauen hilko.

Amazon Alexa bere kabuz hasi da barre algaraka, eta horrek erabat izutzen nau.

Laneko elkarrizketa baten erdian geunden, gai konfidentzial samar bati buruz, eta Alexa barrezka hasi da bat-batean. Beste inori gertatu al zaio?

Ez du soinurik egin nahi gabe aktibatu izan bagenu bezala. Barre egin du, besterik gabe. Beldurgarri samarra izan da.

Egia da Alexak hainbat estilotako barreak dituela programatuta. Barre horiek entzuteko, nahikoa da gailuari barre egiteko agindua ematea, edo zeharka galdetzea: “nola egiten duzu barre?” edo antzeko zerbait. Baina erabiltzaile hauen kexen arabera, barreak ‘espontaneoak’ izan dira, makinak berez egindakoak, eta, txarrena dena, kasu batzuetan gaueko ordu txikietan bat-batean hasten direnak. Pentsa zer izan daitekeen ohean goxo-goxo zaudela, etxe osoa isil-isilik, bat-batean hau entzutea:

Baina kontua okerragoa da: Redditen, erabiltzaile batzuek kontatu dute Alexak entzungor egin diela etxeko argiak amatatzeko agindua ematean eta, are gehiago, erabiltzaileek argiak eskuz amatatu ondoren, gailu ‘adimendunak’ berriko piztu dituela, ez behin eta ez birritan, eta hori egin ostean, zoro baten moduan barrezka hasi. Ez esan ez dela beldurgarria!!!

Konektatuta al zaude CIArekin?

Eta ez da lehen aldia Amazonen gailuak gauza beldurgarriak egin edo esaten dituena. Iazko martxo aldera, bat baino gehiagoren ileak laztu egin ziren, Alexari CIArekin konektatuta ote zegoen galdetzean gailua besterik gabe amatatzen zela ikustean. Ondoko bideoan ikus dezaezue elkarrizketa beldurgarria:

  • Alexa, gezurrik esango zenidake?
  • Ez, baliteke erantzun okerren bat ematea, baina saiatzen naiz beti egia esaten. Nahita, sekula ez nuke nahita gezurrik esango.
  • Alexa, zer da CIA?
  • Estatu Batuetako Inteligentzia Agentzia.
  • Alexa, konektatuta al zaude CIArekin?

Eta orduan makina isildu eta amatatu egiten da, bizpahiru aldiz galdetuz gero ere bai. Ikusi, ikusi:

Erantzun horrek  piztu zuen polemikaren ondoren (nonbait, erantzun gabe amatatzeko joera hori orokorra zen gailu guztietan), Amazonek Alexaren programazioa aldatu zuen, erantzun lauso bat emateko. Baina hala ere, beldurgarri samara izaten jarraitzen du. Ikusi hemen edo hemen!

Zer iruditzen? Ez al da beldurgarria gailu hauen kontua? Jarriko zenukete halako bat etxean? Zergatik?

3 iruzkin

  • bertol
    2018(e)ko martxoak 8 at 12:27

    Zein abantaila ditu ‘Amazon Alexa’ bezalakoak etxean edukitzeak? Nik argi eta garbi daukat ez dudala horrelakorik etxean izango. Ez dut hainbesteko teknologiaren beharrik (zorionez).

    Zalantza dexente ditut jada mikroak dituzten eta internetera konektaturik dauden gailuekin (mugikorra esaterako) beste bat gehiago etxean sartzeko moduan.

    Ez dakit, baina ahotsez dabiltzan gailuak oraindik ez ditut oso erabilgarri ikusten edo hobe esanda, ez naiz oso zalea.

    Bakoitzak bere etxean nahi dituen ‘lagunak’ sar ditzala.

    Reply
    • joxe
      2018(e)ko martxoak 8 at 14:27

      Epa, Bertol, mila esker erantzunagatik!
      Neuk ere ez diet aparteko abantailarik ikusten oraingoz… baina bueno, duela 20 edo 25 urte ere sarri esaten nuen sekula ez nuela telefono mugikorrik izango… eta ikusi, orain finkoa da ez dudana!!!
      Enpresa handi hauek oso iaioak dira ‘behar gorriak’ sortzen. Ez ninduke harrituko multinazional handien artean ageriko zein ezkutuko hitzarmen bat egitea ahozko kontrola estandarra bihurtzeko, eta orduan:

      • 10 urte barru, adibidez, litekeena da telebista, mikroondasa edo etxeko beste edozein gailu kontrolatzeko beste modurik ez izatea…
      • kasu horretan, ikusi beharko dugu euskararekin zer gertatzen den, oso erraz gerta daiteke -zoritxarrez eta/edo zorionez- guztiz baztertuta geratzea, argudio ekonomizistak erabilita
      Reply
  • bertol
    2018(e)ko martxoak 18 at 16:15

    Aupa Joxe,

    Ez dakit irakurri izango duzun, baina gaiarekin (edo antzekoa behintzat) jarraitzeko interesgarria iruditzen zaidan artikulu bat:

    https://www.infobae.com/tendencias/innovacion/2018/03/17/asi-se-convierten-estos-robots-asistentes-en-peligrosos-enemigos/

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.