Puffin Browser: nabigatu azkar eta eroso zure Android TVrekin

Badirudi Euskaltel 4K deskodetzailearen inguruko sarrerek galdera bat edo beste eragin dutela, tartean hau:

Lortu al duzu telebistan internet barrena nabigatzea arakatzaileren bat instalatuta? Hala izan bada, zein instalatu duzu eta nola dabilkizu?

Lehenengo eta behin, mila esker Xabierri galderagatik (eta bota dizkidan loreengatik!).

Galdeari dagokionez: niretzat frustrazio txiki-handia izan da konprobatzea Androd TVk, (edo gutxienez Euskaltel 4K Dekoak dakarren bertsioak) ez duela aukerarik Firefox instalatzeko. Arrazoi asko tarteko, Mozillaren nabigadore librea da nire lehen aukera beti, dela ordenagailuan zein bestelako gailuetan. Chromek tripako min handia ematen dit: nahiko informazio biltzen du Googlek dagoeneko egiten dugunaz eta ez dugunaz, gainera gure nabigazio jarduera ere hain erraz oparitzeko. Baina Dekoan Chrome ere ezin da instalatu… eta beraz alternatibaren bat bilatu behar.

Nire aukera: Puffin Browser

Google Playn topatu ditudan pare bat aukerarekin probak egin ostean, ni neu Puffin Browser delakoarekin geratu naiz.

Puffin Browser Windows, Android eta iOS sistema eragileetan erabili daitekeen arakatzaile arin eta azkarra da. Arina, aplikazioak ez duelako ‘pisu’ askorik hartzen, eta azkarra, web orriak prozesatzeko lana lainoan egiten duelako. Izatez, bere helburu nagusia potentzia gutxiko gailu mugikorretan nabigazioa erraztea da.

puffin-hasiera

Puffin Browserren hasierako orria. Hemendik egiten dira eragiketa nagusi gehienak. Sinplea baina eraginkorra!

Android TV bertsioan, gainera, esango nuke lan txukuna egin dutela interfazea telebisten urrutiko aginteen estilora moldatzen. Hona niri gehien gustatu zaizkidan alderdiak:

Nabigazio interfazea, telebistarako pentsatua

Probatu ditudan beste nabigatzaile batzuetan, nabigatzeko interfazea ordenagailu eta telefonoetan aurkitu dezakegun berbera da: nabigazio kutxa bat pantailaren goiko aldean, helbideak eta/edo bilaketak idazteko, eta haren azpian webgunearen edukia. Baina ez gaude ordenagailu edo telefono batean. Ezin dugu sagua edo atzamarra gora mugitu testu kutxara iristeko. Orrialdearen beheko partean bagaude, eta zeozer idatzi nahi badugu, telebistako aginteko  geziekin ibili behar dugu hor: tak-tak-tak, salto-saltoka, punteroa gora iritsi arte.

puffin-interfazea

Nabigazio kontrolak ikusten ari garen webgunearen gainean agertzen zaizkigu botoi bati emanda, eta ez pantailaren goiko aldean

Puffinen ez da hori gertatzen. Webguneen edukia pantaila osora erakusten da. Beste helbide bat, atzera-aurrera botoiak, edo gogokoetan gehitzekoa erabili nahi dugunean, aginteko Atzera botoiari sakatu, eta ikusten ari garen pantailaren gainean ikusiko ditugu kontrol horiek. Nire ustez, askoz praktikoagoa, eta askoz egokiagoa nabigatzailea une horretan erabiltzen ari garen kontestua kontuan hartuta.

Push link: bidali loturak mugikorretik

Bideoetan kontatu dizuedanez, Euskaltelen 4K Dekoan idazten ibiltzea esperientzia etsigarria da, kanpoko teklatu bat erabiltzen ez baduzu behintzat. Puffin arakatzaile honetan hori kontuan hartu dute, eta bada aukera oso interesgarri bat, telebistan arakatu nahi dituzun webguneen helbideak sakelakotik idazteko: Push link deitu diote aukerari. Erabiltzen duzunean, telebistan QR kode bat agertzen da. Telefonoarekin eskaneatuz gero, QR kode horrek web orrialde bat irekitzen du, testu kutxa bat duena. Bada, testu kutxa horretan -telefonoan- idazten dituzun web helbide guztiak telebistako Puffin arakatzailean agertuko zaizkizu, nahi izanez gero gogokoetan gehitzeko aukera eta guzti.

puffin-pushed

Telefonoan idatzitako loturen zerrenda telebistan agertzen da berehala, denak batera gogokoetara gehitzeko aukerarekin

Sakelakoan irekitzen den orrian, gainera, nahibeste helbide sartu daitezke, hau da, ez dago beharrik idatzi nahi duzun lotura bakoitzeko QR kode bat idazten ibiltzeko.

Horregatik guztiagatik, eta nabigazioa benetan azkar egiten duelako, nik Puffin Browser hau gomendatzen dizuet Euskaltel 4K Deko zein bestelako Android TV gailuentzat. Eta zuek? Baduzue proposamen alternatiborik? Bota lasai!

 

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.