Nola bilatu Googlen jaubia lez

Nola bilatu Googlen profesionalek bezala? Gutako bakoitzaren inguruan bilduta duen informazio piloarekin, honezkero norberak baino askoz hobeto daki Googlek zeren bila gabiltzan haren bilaketa kutxara jotzen dugunean. Baina hala ere, une batzuetan komeni da bilaketak normalean baino xeheago egitea.
Zaharrunenok oraindik gogoratuko dituzue aspaldiko garaietako zaharretako trikimailuak: AND eta OR operadoreak, kakotxak, izartxoak… Baina horietatik harago ere, badira makinatxo bat aukera Googlek zer eta nola bilatzen duen eskuz zehazteko. Hona interesgarrienetako batzuk.
(Erabili lasterbideok zuzenean interesatzen zaizun horretara salto egiteko, edo bueno, irakurri bata bestearen atzetik).

Lasterbideak


1.- Bilatu webgune edo domeinu jakin batean soilik

Batzuetan, batek jakin nahi du noiz edo nola aipatu den hitz bat webgune jakin batean soilik. Kasu horretan bilaketa esparrua murrizteko site: operadorea erabiltzea baino ez dago. Adibidez:
ilgoropil site:euskaljakintza.com
Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

Jummmmm, interesgarria!

 


2.- Bilatu hitz edo esaldi jakin bat

Esan bezala, Googleren adimenak -eta norberari buruz duen informazio piloak- aukera ematen dio bilaketa kutxan idatzi dugunaz gain, horrekin zer esan nahi dugun ere interpretatzeko. Baina kasu batzuetan, idatzi duguna literalki bilatzeko nahi izango dugu. Halakoetan nahiko da bilatu nahi dugun hitza edo esaldia kakotx artean jartzea.

3.- Baztertu webgune edo hitz jakin batzuk

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

(Egin klik irudian handiago ikusteko)

Batzuetan, kontrakoa nahi izango duzu: bilaketa batean hitz edo webgune jakin batzuk baztertu. Horretarako, nahiko duzu marratxo bat gehitzea baztertu beharreko elementuaren aurretik. Adibidez:

teknopata -"joxe rojas"
ilgoropil -site:euskaljakintza.com
Hau erabilgarria izan daiteke izen berbera duten itemak bilatzeko. Laguna -Renault erabil genezake, adibidez, zehazteko ez dugula autoaren inguruan ezer jakin nahi… Edo Ilargia -“Ken Zazpi”, abestiarekin lotutako emaitzei garrantzia kentzeko.

4.- Nola zen abesti edo atsotitz hura?

Lagunek barre egin dizute atsotitz baten zati bat, edo Ilargiaren letraren erdia asmatu egin duzulako?

Lasai! Hurrengorako, Googleko komodina erabili ahal izango duzu, izarxoa, gogoratzen ez dituzun zatiak ordezkatzeko. Bide batez, komodin hau oso ohikoa da bilatzaile guztietan, online zein offline. Adibidez:

"zuretzat ilargia * gauero"

Nola bilatu googlen - komodina


5.- Ikusi webgune baten cacheko bertsioa

Googleren ‘robotak’ webgune batetik pasatzen diren bakoitzean, webgune horren kopia bat gordetzen dute haren zerbitzarietan, tartetxo batez. Bisitatutako webgune horien biltegiari “caché” deitzen zaio. Batzuetan, erabilgarria izan daiteke caché horretako kopia berreskuratzea, aldatu (edo desagertu!) berri den webgune baten aurreko bertsioa ikusteko. Adibidez: “Ui, ez dakit zein egunkarik egundoko astakeria idatzi du portadan, baina gero zuzendu egin du!”. Bada, kasu horretan (ere) agindua oso erraza da:

cache:berria.eus

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

Ojokuidau! Hau ez da Berriaren une horretako bertsioa, baizik eta Googleren cachean gordetakoa. Ikusi goian agertzen den abisua.

Dena den, cache horrek iraupen mugatua du. Webgune zahar-zahar baten nostalgia baldin baduzu, horretarako hobe da Web Archive bezalako webguneetara jotzea…


6.- Ikusi webgune baten antzekoak

Demagun webgune bat oso gustuko duzula. Eta ikusi nahi dituzula estilo edo tematika bereko beste webgune batzuk. Bai, Googlek horretan ere lagun diezazuke: erabili related: gakoa, Googlek webgune baten antzekotzat jotzen dituenak ikusteko. Adibidez:

related:topagunea.eus

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

Dena esate aldera, aukera hau ASKOZ hobeto dabil Googlek benetan uler ditzakeen hizkuntzetan (ingelesez, frantsesez, espainolez…)


7.- Artxibo motak

Powerpoint edo PDF jakin baten bila bazabiltza, zure bilaketaren emaitzak iragazteko aukera daukazu, artxibo mota jakin bat soilik ikusteko. Horretarako filetype: aukera erabili behar duzu. Demagun, arrazoi bitxiren batengatik, Topagunearen Oinarriparrak txostena topatu nahi duzula. Horra, bada, formula:

oinarriparrak filetype:PDF

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1


8.- Irudi bidezko bilaketa

Irudi eder bat topatu duzu hor zehar, baina bertsio handiagoa beharko zenuke. Edo kaixomaitia.euseko zure lige horrek azkenean bere argazki bat bidali dizu, baina irudia susmagarriki ona da, eta ez zaude oso ziur nonbaitetik kopiatutako argazkia ez ote den.

Lasai! Joan Googleren orri nagusira, egin klik goiko eskumako iskinean dagoen ‘Irudiak’ loturan, eta arrastatu irudi bat orrialdera, edo egin klik kameraren ikurraren gainean, artxiboa zure ordenagailuan bilatzeko.

Googlek eman diozun irudiaren antzekoak bueltatuko dizkizu, edota irudi beraren bertsio handi eta txikiagoak. Aukera honek ez zaitu beti irudiaren azken-azken iturburura eramango, baina ikuspegi zabal samarra emango dizu beste batzuek erabili ote duten (eta nola) jakiteko.

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

Ez ba, badirudi ‘Janire’ horrek bidali dizun argazkia ez dela benetan berea!


9.- Bilatu data edo zenbaki tarte batean

Demagun auto bat bilatu nahi duzula, 5.000 eta 6.000 euro bitarteko prezioan. Hori ere erraz egin daiteke Googlen. Kopuru tarte horren mugen artean bi puntu besterik ez duzu sartu behar. Adibidez:

autoa 5000€..6000€

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1


10.- Bilatu webgune edo orrialde baten testuan, izenburuan, egilearen izenean edo URLan

Googlek normalean webguneetako testu guztian egoten ditu bilaketak. Baina, nahi edo behar izanez gero, posible da bilaketa eremua URL helbideetara, testura, izenburura eta beste hainbat eremutara mugatzea:

  • inurl: URL helbidean bakarrik bilatzeko
  • intext: testuan soilik bilatzeko
  • intitle: bilaketa orrien izenburuetara mugatzeko
  • inpostauthor: blog baten egilearen arabera bilatzeko

KONTUZ! Aurreko operadore horiek erabiltzean, bi puntuen ostean doan hitza baino ez dute kontuan hartzen. Adibidez: inpostauthor:joxe rojas idatziz gero, Googlek bilatuko du “joxe” egilearen izenean eta “rojas” beste guztian. Alegia:

Nola bilatu Googlen jaubia lez 1

Nahi badugu operadorearen ostean idazten dugun guztia bilatzea eskatzen ari garen esparru zehatz horretan, orduan ‘all’ gehitu behar dugu operadorearen aurretik, hau da:

  • allinurl:
  • allintext:
  • allintitle:
  • allinpostauthor:

Eta zuek? Ezagutzen al dituzue Googlen bilatzeko bestelako trikimailuak? Gustatuko litzaizueke halako gehiago ekartzea? Egin zuen ekarpenak erantzunetan! 🙂

Erantzunak (2)

  1. Diego 2018(e)ko urtarrilak 24
  2. joxe 2018(e)ko urtarrilak 24

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.