Izenperi buruzko erreklamazioa jarri nuen Elebiden. Jaso nuen erantzunak bizitza aldatuko dizu.

Bueno, bizitza igual ez, e? Baina aldartea bai, ziur!

Jakingo duzuenez, Izenpek segurtasun arazo larria izan zuen azaro hasieran eta, balizko kalteak ekidin eta hiritarron segurtasunerako, egun batetik bestera eta aldez aurretik abisatu gabe baliogabetu zituen 30.000tik gora ziurtagiri digital. Horrek, praktikan, norbanako, elkarte eta enpresa asko administrazio publikoekin harremanetan jartzeko aukerarik gabe utzi zituen, literalki, egun batetik bestera. Ziurtagiri digital horiek derrigorrezkoak dira erakunde publikoetan hainbat tramite egiteko, tartean dokumentazioa aurkeztu edo jaso, jakinarazpen ofizialak jaso, diru-laguntzak eskatu…

Enfin. Gauza da baliogabetze masibo horren ‘biktimok’ berriz eskatu behar izan dugula gure ziurtagiria. Lanerako behar dudanez, nik ere halaxe egin nuen eta, egia esan, egun gutxiren buruan iritsi zitzaidan etxera txartel berria. Alde horretatik pozik. Baina, ai!, euskaltzalearen etxean, pozak labur! Postontzia zabaldu, Izenperen logoa zeraman gutun-azala ireki, eta hantxe bukatu zen nire poza. Txartelarekin batera, mezu kriptiko bat topatu bainuen, Twitterren kontatu nizuen moduan:

Denboratxoa behar izan nuen argi izateko mafia errusiarren baten mehatxua edo zer ote zen nahaste-borraste hura. Eta, azkenean erdarazko mezua irakurrita, jakin nuenean testuak zer esan nahi zuen, erabaki nuen ez bat eta ez bi, baizik eta HIRU erreklamazio jartzea. Izenpen bertan, Elebiden eta Behatokian:

Jaun-andre estimatuok:

Gaurko dataz, etxean jaso dut zuen segurtasun arazo masiboaren ondoren eskatu behar izan dudan IZENPE txartel berria, teorian euskaraz eta gazteleraz dagoen gutun batekin. (Erantsita doa gutunaren kopia eskaneatua)
Idatzi honen bidez kexa formala helarazi nahi dizuet, gutun horretako euskarazko testuaren itzulpen lotsagarriagatik. Batere ardurarik gabe egindakoa da, seguruenik makina batek eginda, gerora beste inortxok ere gainbegiratu gabe.
Esan bezala, lotsagarria eta, euskaldun gisa, iraingarria ere iruditzen zait zuen ardura falta hori, eta onartezina euskal erakunde publiko edo semipubliko batetik etorrita.
Dagozkion neurriak hartuko dituzuelakoan, agur t’erdi.
Hiru aste geroago, Izenpek berak ez dit ezer erantzun, baina Elebidek bai: emaila bidali dit, esanez:
  1. Kexa bideratu dutela
  2. Izenpek erantzun diela, eta erantsita dudala erantzuna
  3. Besterik esan ezean ‘erakundeak emandako erantzuna ontzat eman dudala ulertuko dutela’.

Eta zera: kontua da hasierako gutun ulertezin hura harrigarria iruditu bazitzaidan, kexaren aurrean emandako azalpenak ere ahobete hortz utzi nauela. Honetaz ere aurreratu dizuet zerbait Twiterren, bozketa baten bidez:

Baina tira, jakin nahi duzue benetako erantzuna zein izan den? Seguru zaudete? Tira ba: hortxe duzue!

KONTUZ!!! Hemen klik eginda agertuko den irudiak zure sen euskaltzalea irain lezake!!!

Alegia: ESKE GUTUNAK OSO AZKAR BIDALI GENITUEN, IRAKURRI GABE, ETA EZ GINEN KONTURATU EZ ZELA PIPERRIK ERE ULERTZEN! Eta bukatzeko, nola ez, Euskararen Txantxangorri moñoñoa. Harrapazak, Txiribiton!

Total, orain erabaki behar dudala zerbait erantzun ala ez eta, bihotz-bihotzez diotsuet, ez dakit zer egin. Zer gomendatzen didazue?

Comments (9)

  1. Pernan 2017(e)ko abenduak 14
  2. Leire 2017(e)ko abenduak 14
  3. joxe 2017(e)ko abenduak 14
  4. joxe 2017(e)ko abenduak 14
  5. Jordi Jozulin //*// (@jozulin) 2017(e)ko abenduak 15
  6. joxe 2017(e)ko abenduak 15
  7. Joxefe Diaz de Tuesta 2017(e)ko abenduak 15
  8. joxe 2017(e)ko abenduak 16
  9. Izaro 2017(e)ko abenduak 18

Eta zuk, zer diozu?