Konfiguratu Windows 10 jaubia lez

Windows 10ekin sarritan baldin bazabiltza, batez ere konfigurazio aurreratuak egiten, buruhauste handi bat izan dezakezu aukera bakoitza non dagoen topatzen. Ezarpenetako batzuk Windowsen interfaze berriko Ezarpenak atalean daude, eta beste batzuk, berriz, Windows bertsio klasikoetatik datorren Kontrol Panelean. Eta ez dago oso argi zeren arabera dauden kontrol batzuk leku batean, eta beste batzuk bestean.

windows10-kontrolpanelak

Zeren arabera ezarpen batzuk leku batean, eta beste batzuk bestean? Joan ta galdetu! 😏

Zorionez, Windowsek badu ‘Jainko modu’ bat, kontrol eta ezarpen guztiak leku bakar batera ekartzea ahalbidetzen duena, atalka eta txukun ordenatuta gainera. Oso-oso erraza da aktibatzea. Hona pausuz pausuko jarraibideak:

  1. Pantaila honetan ikus daiteke zure erabiltzailea administratzailea den ala ez.

    Egiaztatu zure erabiltzaile kontuak Administratzaile baimenak dituen. Jainko modua gaitzeko, zure erabiltzaileak administrazio baimenak beharko ditu. Konprobazioa erraz egin dezakezu: Hasi menutik, egin klik eskubiko botoiarekin zure erabiltzaile izenaren edo irudiaren gainean, eta aukeratu “Aldatu kontuaren ezarpenak”. Irudikoa bezalako pantaila bat ikusiko duzu; hor ikusiko duzu zure kontua Administrazailea ala Estandarra den.

  2. Joan zure PCko idazmahaira, eta sortu karpeta berri bat.
  3. Aldatu karpeta horren izena, eta jarri beste hau:

    Jaungoikoa.{ED7BA470-8E54-465E-825C-99712043E01C}

  4. Listo! Karpetaren ikurra aldatu egingo da, kontrol panel moduko bat erakusteko. Haren gainean klik eginda, eskuragarri dauden ezarpen guzti-guztien zerrenda bat ikusiko duzu, atalka ordenatuta. Gainera bilaketa eremua erabil dezakezu, behar duzun itema azkarrago topatzeko. Praktikoa, e? 🙂

Ala pues, ez horregatik! 🙂

(*) Bai, karpeta horren izenean edozer jar dezakezu puntuaren aurrean, eta berdin funtzionatuko du 😉

(**) Bide batez, gogoratu, oraindik egin ez baduzu, Windows 10 oso erraz konfiguratu dezakezula euskaraz funtzionatzeko.

Utzi erantzun bat