Mutatio non petita…

Pues bai. Azkenean arrazoi: Wifi eta 3G/4G erradiazio hiper arriskutsuen eraginez, mutazioak pairatzen ari gara. Jauzi ebolutibo azkar eta kontrolatu gabeak. Hainbesterainokoak non benetako ahalegina egin behar den geure burua oraindik homo sapiens espezieko kidetzat jotzen jarraitzeko.

X-Men eta halakoen tradizioari men eginez gero (“X-menei men egin”, E? E? E? International Basque Humour Festival!) ez da komeni mutanteok geure mutazioen berri publikoki ematea, gizaki arrunt mugatu gabeak zuziak eskuan hartuta gure etxera etortzea nahi ez badugu behintzat.

ESKE DIRU-LAGUNTZA ESKARIEK BURUKO MINA EMATEN DIDATE

Baina zer arraio, uste dut ona dela munduak jakitea badela esperantzarik, gizaki 2.0ak hemen gaudela, eta laster arraza hobe eta ederragoa osatuko dugula. Beraz, hortxe nire aitorpena: smartphonea erabiltzearen poderioz, mutazio genetiko bat garatu dut, lagunok. Eta orain, zuotako edozein baino izaki sofistikatuagoa naiz.

Hasieran pixkanaka-pixkanaka azaleratu zen nire mutazioa. Tarteka-marteka soilik, oso muturreko egoeretan. Baina orain, askorentzat miragarria den nire kapazitate berri hori etengabe dago hor. Defektuzko portaera da, termino informatikoetara ekarrita.

Eta bai: duela hilabete batzuetatik, superbotere ikaragarria dut. Beste batzuen egunerokoa etengabe izorratzen duen gaitz batekiko immunitatea garatu dut: ordenagailu eta sakeletako jakinarazpenek ez didate eragiten! 

  • Pipipipipiii! Goizeko 7:30ak! Goraa!
    • Joe, 8:15 eta ni ohean oraindik!
  • Prrrttt! Gaur sinfalta bukatu beharreko zeregina!
    • Niri bost. Enteratu ere ez.
  • Ku-ku! 678.543 ustezko txiste matxista, xenofobo eta abar wasap taldeetan!
    • Ezabatuko ditut halako batean.
  • Prrrrt! Jefearen 6 dei galdu zeregin horren inguruan!
    • Kasuripez.
  • Tin-ton! Bi kolaborazio zor dituzu astelehenerako!
    • Alaporrai.
  • Brrrrrtrrrtttrrrr!!! Trrrrrrr!!! Brrrrrr!!! @txargainen bertxioaldi konpultsiboa.
    • Meh!

Total, inguruko guztiak gailuen jakinarazpenek eragindako estres etengabean bizi diren bitartean, ni, berriz, nire botere berriari esker, hodei baten gainean bezalatsu mugitzen naiz batetik bestera. Eh, baina ez Goku bezala, ziztu bizian, e? Ez, ez: mantso-mantso, egundoko parsimonia ta dotoreziarekin…

Baina seguru nago ez naizela halako mutazioak jasan dituen bakarra. Eta horegatik zuek ere animatu nahi zaituztet ilunpetik ateratzera. Esaiguzue, maitiok: IKTekin lotutako zer superbotere garatu duzue? Ez izan lotsatiak!!!

Utzi erantzun bat