Urte amaiera kalamitosoa izaten ari gara teknologiari dagokionez! Pebbleren itxierak eragindako ezinegona oraindik pasatu ez dela, beste proiektu hipermoloi batek ere itxi ditu ateak egun batetik bestera (bueno, edo itxi egin dizkiote). CyanogenMod Android banaketaz ari naiz.

CyanogenMod

Agur, CyanogenMod, (kaixo LineageOS?) 1
Oneplus One telefonoa, CyanogenMod sistema abiarazten

Askorentzat ezezaguna izango da, baina uste dut beste inoiz hitz egin dizuedala hemen CyanogenMod delakoaz. Androiden aldaera libre bat da zen, kode irekikoa, boluntarioek garatutakoa, Googlek banatzen duen kode irekian oinarrituta. Azkar azaltzeko: zure Android telefonoaren fabrikako softwarearen ordez instalatu eta, gehienetan, telefonoa hobeto eta azkarrago ibiltzea lortzen du zuen, besteak beste, ez datorrelako fabrikanteek sistema ‘ofizialean’ txertatzen duten zabor-software guztiaz kargatuta. Hiruzpalau lerrotan laburbiltzearren:

  • Telefono modelo zahar eta berri pilo batean instalatu zitekeen
  • Erabat librea zen, irekia, eta fabrikanteetatik independentea
  • Telefono zaharrak eguneratzeko eta hobeto aprobetxatzeko balio zuen
  • Euskaraz zegoen!

Android librea ez da errenta

Agur, CyanogenMod, (kaixo LineageOS?) 3
HTC Dream, G1 izenaz ere ezaguna. Oso oker ez banabil, salgai jarri zen lehen telefono Androiduna

Berez Cyanogen Steve Kondik izeneko programatzaile baten ezizena da. Androiden hasierako egunetan, ezizen horrekin hasi zen sortzen eta zabaltzen HTC Dream telefonorako software alternatiboa. Pixkanaka-pìxkanaka, boluntario talde handi samarra batu zitzaion, eta konturatu orduko, CyanogenMod Android banaketa oso ezaguna egin zen, gailu pilo batean instalatu zitekeena, fabrikanteek euren software ofizialetan desgaituta uzten zituzten aukerak ere bazekartzana. Besteak beste, CyanogenMod (edo CM), adin bateko telefonoak Androiden azken bertsiora eguneratzeko modua eskaintzen dute, fabrikanteen bi urteko euskarria beetan behera geratzen denean.

Baina proiektua handiegia egin zen borondatez soilik mantentzeko, eta Kondik-ek erabaki bat hartu zuen 2013an: Cyanogen enpresa bihurtzea, eta sistema eragilea erabiltzeko lizentzia saltzea interesa zeukaten telefono egileei. Laburtzeko, une horretatik aurrera, Cyanogen sistema bi adarretan banatu zen:

  • CyanogenMod, orain arte kontatu dizuedana, boluntarioa eta irekia, gailu askotarako eta abar… Cyanogen enpresak laguntza eskaini dio orain arte, adibidez, zerbitzariak utziz, software garapen batzuekin lagunduz…
  • CyanogenOS, aurrekoan oinarrituta, baina software itxiko hainbat elementu gehituta. Hau da Cyanogenek hainbat enpresari lizentziatu dion sistema. Esan bezala, bertsio irekiaren oso antzekoa, baina elementu itxiekin.

Ideia ona zirudien, baina CyanogenOSen garapena oso azkar kakaztu zen, erabaki estrategiko eta teknikoak tarteko. Estrategikoen artean, sonatuena OnePlus etxearekin izandako tirabirak izan dira. Enpresa biak sortu berritan, hitzarmena sinatu zuten OnePlus One telefonoaren sistema ofiziala CyanogenOS izan zedin. Cyanogen sistemaren izen ona izan zen, besteak beste, OnePlusen lehen modelo haren salmenta argudiorik potenteenetakoa.

Baina halako batean, Cyanogen -OnePlusi ezer esan gabe- bere sistema Indiako beste fabrikante batzuei ere lizentziatzen hasi zen. OnePlusek ulertu zuen hori esklusibitate hitzarmena apurtzea zela, eta bukatutzat eman zuen Cyanogenekiko harremana, Android bertsio propioa garatuz. Orduan hasi ziren komeriak, OnePlus baitzen -alde handiz gainera- Cyanogenen bezerorik handiena.

Bere marka-edo indartu nahian, Cyanogen tematu zen CyanogenOS  ‘Googletik askatutako Android’ bertsio bat bihurtzen: Gmail, Google Calendar eta abarrik gabe. Hori ere ez zen ideia txarra… baina exekuzioan hanka sartze handia egin zuten: Androidi Googleren aplikazioak kendu -segurtasuna eta intimitatea ziurtatzekotan- eta trukean Microsoft eta beste etxe handi batzuenak ipini, epaitegietan salatutako benetako datu-lapurrak tartean.

Enpresak bere sortzailea kaleratzen duenean…

Total. enpresa ez doala batere ondo, eta azken hilabeteak eman dituzte negozioa berriz definitzen eta lantaldea murrizten. Garai bateko Applen bezalaxe, sortzailea, Steve Kondik, kale gorrira bidali dute, eta CyanogenMod proiektua bera ere bertan behera utzi dute. Enpresak esan zuenez, urte bukaeran desentxufatu behar zituen CyanogenModen azpiegitura ziren zerbitzari guztiak, baina nonbait, CM-ko taldeak blogean idatzitako post bat ez zaie batere gustatu, eta egun batzuk lehenago tiratu dute kabletik… Horrek esan nahi du, besteak beste, amaitu egin dela gaur-gaurkoz Android telefono asko eta askotan euskarazko interfazea izateko aukera bakarra.

Blog horretan, CyanogenModen arduradunek esaten zuten, lege kontuak tarteko, Cyanogen enpresak dituela gaur-gaurkoz Cyanogen markaren gaineko eskubide guztiak (CyanogenMod barne), eta ez zutela gogorik CM salbatzeko kanpaina bat abian jartzeko, jakinda enpresak edozein momentutan erabaki zezakeela edozer egitea marka horiekin. Gainera, Cyanogenek hartutako erabaki tekniko txarrek kalte egin diote CMren irudiari, eta beraz, nahiago izan dute irekia den oinarri guzia hartu eta, horretan oinarrituta, zerotik hastea berriz, LineageOS deituko den Android banaketa alternatibo batekin.

Eta momentuz ez dakigu askoz gehiago: LineageOS.org webgunea martxan jarria dute, eta Twitter eta beste sare sozial batzuetan ere ireki dituzte kontuak. Adi jarraitu beharko, ea bide hartzen duten…

Urte txarra smartphoneen munduan

CyanogenMod-en desagerpena errematea besterik ez da smartphoneetako sistema eragileen mundutxoan albiste txarrez kargatuta etorri den urte batean. Irailean, BlackBerryk iragarri zuen ez zuela telefono gehiagorik egingo. Egun batzuk geroago. Mozillak Firefox OS sistema eragilearen garapena ere bukatutzat eman zuen. Bere momentuan espektatiba handiak sortu zituen Ubuntu Phone sistemak ere ez du bizi seinale argirik ematen… tira, ba hori: urte txarra smartphoneen ‘bioaniztasunarentzat’.

Utzi zure erantzuna

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.