Zuzen eta artez

(Aizu! aldizkariaren 410. zenbakian argitaratua)

Urteotan, ofimatika aplikazioak euskaraz erabili ditugunok arerio boteretsu bati egin behar izan diogu aurre: “Donosita Efektua” delakoari. Euskarazko ortografia zuzentzailerik ezean, euskaraz idatzitako testuak erdarazko hiztegiak baliatuta zuzentzen zituzten automatikoki ofimatika aplikazioek. Hala, “Donostia” idaztean “Donosita” gisa ematen zuten; “korrika” idaztean, “borrica”… eta sonatuenetako bat, albiste agentzia bati gertatu zitzaiolako: erdarazko zuzentzaileak Onintza Enbeitaren izena onartu ez, eta haren ordez, “Niñotas Hembrita” eman zuenekoa…

Zorionez, garai horiek aspaldi igaro ziren, eta gaur egun aukera bat baino gehiago dago gure testu prozesadoreak euskarazko testuak ganoraz zuzen ditzan. LibreOffice ofimatika pakete askea, adibidez, erabat doakoa da, Mac, Windows zein GNU/Linux sistemekin dabil, interfazea euskaraz instala daiteke, eta baditu gehigarri pare bat aukeran, euskarazko zuzenketak Marimaistrak berak baino hobeto egiteko.

Lehenengoa klasiko bat da, eta aski ezaguna izango duzue: Xuxen. Xuxenek Euskaltzaindiaren hiztegi batuaren araberako zuzenketa ortografikoak egiten ditu, eta LibreOffice zein Microsoft Office aplikazioekin erabil daiteke. Azken bertsioetan, ortografia ez ezik, gramatika ere zuzentzeko gai da, eta oso aukera interesgarria da beraz. Linux eta Mac sistema eragileetan, gainera, Hunspell delako zuzenketa motorearekin batera lan egiten du, eta horrek esan nahi du euskarazko zuzenketak egiteko aukera sisteman erabiltzen diren aplikazio guztiei irekitzen diela.

Baina azken boladan lehiakide indartsua gehitu zaio Xuxeni: Hobelex delakoa. Hobelex zuzentzaile ortografiko eta lexikala da. Horrek esan nahi du ortografia zuzentzeaz gain, erabiltzen duzun hiztegia ere zuzentzeko gai dela, testuinguruan egokiagoak izan daitezkeen hitzak proposatuz. Hau ere LibreOffice zein Microsoft Office softwareekin erabil daiteke, edo online zuzenean, bere webgunetik.

Azkenik, gehigarriak instalatzen traketsa baldin bazara, hori ere ez da aitzakia: Microsoft Officek berak euskarazko zuzentzaile propioa du bere azken bertsioetan, eta ikusi dudanagatik, txukun samar dabil gainera. Amaitu da, beraz, ortografia eta bestelako akatsen errua makinari egozteko aukera!!!

Loturak, estekak, linkak…

Eta zuk, zer diozu?

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ADI! Xuxen 5.1 Mac bertsio berria argitaratu berri da!!!Deskargatu hemen