Segun eta nolako lanetan dabilen bat, beharrezkoa bezain aspergarria da laneko denbora zertara dedikatzen den ahalik eta modurik zehatzenean jarraitzea. Zenbat denbora txostengintzan, zenbat bileretan, zenbat telefonoz, zenbat zeregin administratiboetan, zenbat halako eta halako proiektutan… Inoiz ‘zereginen jarraipena’ egiteko taulak betetzea tokatu bazaizue, ondotxo dakizue zertaz ari naizen. Eta ondotxo ezagutuko duzue sistema horiek eragiten duten kexa nagusia: “joder, eta zer ataletan sartuko dut egunero taula madarikatu hau betetzeko behar dudan denbora?”. Lan aspergarri eta frustrantea izaten da, benetan.

zeiº deviceBaina, ai! Gizakia izaki aparta da, eta batzuetan ideia zoragarriak ikusten dira han eta hemen. Adi, bestela, Kickstarter plataforman topatu dudan azken gadget proiektuari: ZEIº du izena, eta jarraipen lan  hori egiteko balio du.

Ideia oso sinplea da: oktaedro zuri bat, aplikazio batera konektatzen dena. Zortzi aldeetako bakoitzari zeregin bat esleitu eta, zeregin horretan diharduzunean, biratu oktaedroa dagokion aldea gora begira jartzeko. Bera arduratzen da informazioa aplikazioan gordetzeaz, laneguna bukatzean zure zereginen zerrenda xehetua izan dezazun.

zei-mac-anim

Ideia polita, ezta? Astebete-edo falta zaio Kickstarterren diru–bilketa kanpaina ixteko (helburua aise gainditu dute jadanik). Ni oso-oso tentatuta nauka, egia esan behar badizuet, baina nire bankuko kontuari begira eta, jum,  kontuak ez zaizkit ateratzen ongi! Lastima! 🙂

Gainera, dirua emateko aukeren artean, badago bat oso interesgarria: 39 dolarren truke, gailuaren tripak eta kanpoaldearen 3Dko ereduak lortu daitezke, 3D inprimagailu bat edukiz gero, oskola norberak eraldatu eta nahierara fabrikatzeko.

Jakinminez? Bisitatu proiektuaren Kickstarterreko orria.

No Responses

Leave a Reply

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.