soft_libre
Irudia: educastur (cc-by-nc-sa)

Bakoitza bere frikiak bizi du. Eta bere inkoherentziak ere bai, noski. Eta horregatik, nahiz eta Mac erabiltzailea izan, sinatu berri dut #slnahidugu manifestua. Hauteskunde lehian gauden honetan, erakundeak gobernatuko dituzten politikariei eskatzeko administrazio publikoan software librearen aldeko apustua egin dezatela. Hainbat arrazoi on daude horretarako:

  • Software librea librea da. Ez da enpresa pribatu baten jabetza. Haren kodea publikoa da eta edonork azter dezake, jakiteko aplikazio edo sistema jakin batek -adibidez- zer egiten duen jasotzen duen informazioarekin. Jakiteko eta, nahi izanez gero, egiten duen hori aldatzeko ere. Hori ez da posible software jabedunarekin. Eta oso alderdi garrantzitsua iruditzen zait administrazioak jakitea zehazki zer eskutatik pasatzen den hiritarron inguruan duen informazio guztia: fiskala, pertsonala, osasun alorrekoa…
  • Aurreko puntuarekin lotuta, kodea irekia izateak euskaratzea errazten du, enpresa jabeari gogoak eman arte itxaron beharrik gabe.
  • Estandar irekiak erabiltzen ditu. Administrazio publikoak erabiltzen duen azpiegitura informatikoak derrigorrez izan beharko luke ahalik eta gailu eta sistema gehienekin bateragarria. Zerbitzu publikoa da azken finean, mundu normal batean onartezinak lirateke hauek bezalako egoerak, gaur egun maiz gertatzen direnak:
    • Diru-laguntza bat eskatzeko formularioa enpresa pribatu batek garatutako aplikazio jakin batekin soilik ireki daitekeen formatu batean egotea.
    • Derrigorrezkoa den errenta aitorpena egiteko softwarea enpresa pribatu batena den sistema eragile bakar batean erabili ahal izatea.
    • Segun eta zer administrazio saileko webguneetara nabigatzaile jakin batekin soilik sartu ahal izatea.

Software libreak asko errazten du arazo horiek sahiestea, datu formatu estandarrak eta irekiak erabiltzen dituelako.

  • Tresna informatikoen erabilera merketzen du. Gaur-gaurkoz, ordenagailu aplikazio ezagun eta handi gehienen parekoak topa daitezke software librean egindakoak, sofistikazio eta kalitate maila bera edo hobea dutenak, eta gainera erabat doan. Bide horrek informatika tresnen eskuragarritasuna ‘unibertsalizatzen’ du.

Arrazoi horiek eta gehiago direla eta, animatu nahi zaitut bost minutu hartu eta #slnahidugu manifestua irakurri eta sinatzera. On egingo dizu! 🙂

Erantzunik ez

Utzi zure erantzuna

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

%d bloggers like this: